Amateur antzerkiarekin hiru hitzordu

Guaixe 2016ko api. 30a, 09:33

Altsasuko VI. Antzerki amateur zikloa, Teatreves, maiatzaren 7an, 14an eta 21ean izanen da, larunbatetan, 20:00etan.

Tarima Beltza antzerki taldeak seigarren urtez jarraian Teatres zikloa antolatu du. Aurkezpenean taldeko Juan Manuel Herrerok, Zapak, eta Mertxe Herrerok gogorarazi haiek zikloa duela sei urte abiarazi eta hurrengo urtean Nafarroako Amateur Antzerki Taldeen Federazioa sortu zela eta haren bidez Altsasuko moduko zikloak foru geografian barna ugaritu direla. “Guri antzezteko aukera ugari eskaintzen digu”. Ahalegindu badira ere, Alde Zaharreko festekin bat eginen du zikloko aurreneko antzezlanak. Baina, bezperan, “aperitibo gisa, Iortia antzerki tailerrak bere lana aurkeztuko du. Haien ekarpenarekin pozik gaude”.

Zikloa aurrera ateratzeko hainbat erakunderen laguntza izan dute. Herrerak azaldu zuenez, “interesgarria da herriari bizia emateko elkarte ezberdinak batzea”. Herrerok, bestalde, udalak emandako laguntza goraipatu zuen: “entseatzeko hona etortzen diren taldeen inbidia den tokia dugu. Tokia harro egoteko modukoa da, publikoa den bezala. Taldeek Altsasura etorri nahi dute, publikoaren babesa dutelako. Eta berdin da estiloa˝. Altsasuarren erantzun horren jarraitzera animatzen dituela nabarmendu dute.

Zikloak antzerki publiko fidela sortu duela nabarmendu dute antolatzaileek, “gainera, jende berria etortzen da”. Tarima Beltzak antzerkira publiko berria erakartzeko herriko kolektiboen artean sarrerak banatuko ditu. Aurten Altsasu Memoria, irakurketa taldea eta institutuko antzerki taldeko kideei emanen dizkiete gonbidapenak.



Egitaraua
Maiatzak 7
Tengamos sexo
Iruñeko Aqui hay madera taldeak Dario Foren Tengamos el sexo en paz lanaren egokitzapena taularatuko du. Erlazio osasuntsu batek izan ditzaken zalantzak, tabuak, trabak… komediaren bidez aztertzen dituzte. Fok bere emazte Franca Raméren laguntzaz haiek sexua nola bizi zuten azaldu zuen.

Maiatzak 14
Urtsua, leyenda de luz y niebla
Zarrapastra teatro talde iruindarrak Baztango kondaira bat ekarriko dute, Nieves Oteiza taldekideak idatzia. Nobleziako emakume bat eta aberats baten semea ezkondu egin behar dira… Antzezlanak zuzeneko musika izanen du. Ibilbide luzea duen taldea da eta berritu egiten dena.

Maiatzak 21
La casa de Bernarda Alba
Villafrancako Caricaturas antzerki taldeak Federico Garcia Lorcaren lan ezagunaren moldaketa dakar. Taldeko zuzendaria Jon Barbarin ihabardarra da eta muntaia honi bere ukitua eman dio. Oraingo honetan ez dago gizonezkorik. Denak emakumezkoak dira.



Sarrerak
Emanaldi bakoitzak 5 euroko sarrera du.
Hiru emanaldirako txartelak 12 euro balio ditu.


Laguntzak
Teatreves zikloaren laguntzaileetako bat Altsasuko Dendarien Elkartea (ADE) da. Bere lehendakari Elena Aldasoroko adierazi duenez, azken bost edizioetan lagundu dute zikloa: “uste dugu garrantzitsua dela kolektiboek herriaren bizia eta mugikortasuna handitzeko eskaintzak egitea. Garrantzitsua da laguntzea eta egiten jarraituko dugu”. Hala, zikloko antzezlan bakoitzaren ondoren  ikusleen artean ADEko establezimenduetan gastatzeko 30 euroko txartela zozketatuko da. Estibaliz Asensio ADEko kideak nabarmendu duenez, “garrantzitsua da hainbat arlotan lan egiten dugula ikustea, ahal den neurrian herriari bizia ematen diogu. Gehiago eman nahiko genuke, baina denda txikiendako ez da garairik onena”.

Emanaldi bakoitzaren ondoren Altsasuko Alde Zaharreko Xurrut elkarteak (Arkangoa, Gautxori, Xume, Urtzi, Koxka eta Lezea  tabernak) emandako ardo botilak zozketatuko dituzte ere. Caixak publizitatea egiten laguntzen die. Pedro Jimenez kultura zinegotziak Tarima Beltza egindako lana eskertu zuen, “sei urte daramate zikloarekin eta primeran egiten dute. Lan honekin segitzeko gonbidapena egiten diegu, udalak ahal duen guztian lagunduko du”.