Baztango tragedia eszenara

Guaixe 2016ko mai. 13a, 11:05

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Zarrapastra teatro talde iruindarrak Baztango kondaira bat ekarriko du Altsasura: Urtsua, leyenda de luz y niebla. Nieves Oteiza taldekideak mendez mende transmititu den Baztango Urtsuaren  kontakizunean oinarrituta idatzitako antzezlana. Oteizak gertaera 1700eko garagarrilaren 22an eta 23an kokatu du. Nafarroa Behereko nobleziako alaba batekin, Lantaina jauregiko Juanarekin, ezkonduko da Arizkungo Urtsua jauregiko oinordekoa.

San Joan gauaren aurreko egunean bakarren batek ezkongaia haurdun dagoela jakin du. Izututa eta zalantzaz beteta anaiarekin hitz egitea erabaki zuen. Erabaki azkar bat hartu behar da. Joanari burutik garaiko arau zorrotzak, San Joan bezperako sinesmenak, sineskeriak eta beste pasako zaizkio. Bitartean, Xorroxingo ur-saltoan lamiak euren ilea urrezko orraziekin orrazten dute. Agoteak ere agertuko dira. Ezkondu eta egun berean senarrak haurdunaldiaren berri izan zuen. Harrotasunak minduta senarrak emaztea Arizkungo jauregi parean zegoen Santa Ana ermitara otoitz egitera gonbidatu zuen, gauez. Ezpataz, bertan hil zuen emaztea.

Sortzaileak akzio arineko antzezlana sortu du, zazpi eszena azkarretan garatzen dena. Hizkuntza erraza eta gertukoa erabiltzen du, poesia baliabideekin batera. Antzezlanean testuak garrantzia badu ere, zuzeneko musikak ere badu berea (Arkaitz Ibarra, txistua, txirula eta salterioa). Zarrapastra teatro ibilbide luzea duen taldea da. Oraingoan Assumpta Bragulat zuzendariaren esanetara prestatu dute antzezlana.


Aktoreak
Manolo Almagro, Lantainako jauna
Alejandro Arizkun, Urtsuako jauna
Mariabel Ballaz, Lantaina andrea
Josu Castillo, apaiza  
Rakel Goñi, Marcela 
Arkaitz Ibarra, musikari agotea
Carmen Izal, Urtsuako andrea
Harri Larunbe, Estebe Urtsua
Jaime Malon, notarioa 
Nieves Oteiza, Katalina 
Ventura Ruiz, Juana
Adelaida Santesteban, Regina