Nipon, Cake eta Kimaren lagun berriak

Guaixe 2016ko mai. 20a, 10:07

Izen horiek dituzte Bocalan Biak Bat fundazioak Aita Barandiaran adinduen egoitzara eraman dituzten hiru txakurrak. Egoitzak mende laurdena betetzen zuela kontuan izanik, maiatzeko hiru egunetan izan dira bisitan egoitzan. Azkena, asteartean. Fundazioko kideekin batera joan zen Guaixe bisitan eta egoitzan bisitaren zain zeundela nabarmen ikusi zuen. Egoitzan dauden 18 adindu izan dira terapia txakurrekin egin diren saioetan parte hartu dutenak. Askok haien izenak gogoratzen zituzten eta hasieratik haiek laztantzeko nahia azaldu zuten.

Bocalan Biak Bat fundazioko Josune Azpirozek azaldu digunez, “adinduek ongi pasatzen dute saioetan. Haiendako txakurrak estimulu berri bat dira. Gehienek txakurra izandakoak dira eta oroitzapenak berritzen dituzten. Oroitzapen positiboak izaten dira”. Egoitzan bizi direnei animaliak gertu eta ukitzeko aukera dituztenean aurpegian duten aldaketa nabaria da. Pentsu aleak jaten ematen ere gozatu dute.

Saioa
Azpirozek argitu digunez, hiru saioetan txakurrekin lagunduta gaitasunak mantentzeko jarduerak egin dituzte. Borobil handi bat osatuz, adinduak eserita itxaron dituzte bisitariak, txakurrak. Fundazioko kideak adinduei txakurrak banan banan agurtu eta haiek laztantzeko aukera eman diete. Gonbidapena ez du inork ukatu.

Agurren ondoren, hiru taldetan banatu dira eta bakoitzean txakur bana egon da. Hotzaren eta beroaren inguruko ariketa bat egin zuten azken egunean. Lehenik bakoitzari fitxa bat eman zioten txakurrak gainean zeraman itsasgarrian itsatsi behar zutena. Bigarren buelta batean txakurraren bizkarrean zeuden fitxatako bat hartu eta zegokion panelean jarri beharra zuten. Sailkapena osatzeko zutitu eta ibili beharra zuten. Ederki egin zuten. Eta aukera zuten guztietan txakurrak laztantzeko aukerak ez zituzten galdu. Aita Barandiaranekoa “talde parte-hartzailea” izan dela gaineratu digu fundazioko Azpirozek. Adinduek saioak “motibatuta” hartu dituztela eta esker ona azaldu dutela gaineratu du.

“Lohitan”
Fundazioko kide Josu Mendezek esan digunez, “halakoak egitea lohitan sartzea da”. Fundazioak trebatzen dituen ikasleez ari da. Aita Barandiaran egoitzako hiru saioetan izan dira, aurretik Gasteizko Aspacekoekin eta Sakanako Anfasekoekin ariko dira heldu den astean. Saio horietan Bocalan Biak Bat-eko begiraleekin batera, ikasleak ari dira. Haiek dira saioetan txakurrak gidatzeaz eta dinamikak garatzeaz arduratzen direnak. Halakoetan ikasitako teoria praktikan jartzen dute ikasleek.

Fundazioak aurten 20 ikasle ditu, Gasteiz, Goierri, Errioxa eta Donostialdeakoak. Euren egoitzan esku-hartze terapeutikoak nola egin ikasten dute. Hau da, txakurrak nola entrenatu, esku-hartzea diseinatu eta programa nola garatu. Sei hilabeteko prestakuntza da. Hartan txakur hezitzaileak, entrenatzaileak, psikologoak, fisioterapeutak eta bestek ematen dute izena. Ikasitakoari segiz, txakurraz eta talde dinamika garatzeaz aparte, etengabe adinduekin harremanetan izan ziren begiraleak. Bocalan Biak Bat fundazioaren lan egiteko moduaren aparteko lekuko Javier Ollo Martinez alkatea izan zen.