Altsasun herri galdeketa

Altsasuarrei galdetu nahi diete

Guaixe 2016ko ira. 9a, 12:06

Gure Esku Dago taldeko Aitziber Etxaiz, Itziar Flores eta Bel Pozueta festetako hasierako etxajua pizteko ardura haiei ematearekin eskertuta daude. Floresek esan digunez, “poz handiz” hartu dute; “heldu den urtera begira ditugun proiektutarako bulkada handi bat da; jende guztiak taldea ezagutarazteko eta gure proiektua zein den ezagutarazteko”. Taldeko bi kide izanen dira etxajua piztuko dutenak.

2017 urtean erabakitze eskubidearen inguruko herri galdeketa antolatu nahi du Gure Esku Dagok Altsasun. “Helburu potentea, handienetakoa” dela aitortu digute. Altsasuarrei galdera luzatu aurretik lana egin behar dela azaldu digu Etxaizek, “baina gogotsu gaude”. Argitu duenez, lan “astunena” galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketa egitea da. Altsasuarren %10en sinadura jaso behar dute. Babes hori lortuz gero, “esan nahiko luke Altsasuko herria prest edo ados dagoela galdeketa egitearekin”, zehaztu du Pozuetak.

Taldearen hurrengo urratsa “ideologia eta pentsaera ezberdinetako jendearekin ahalik eta zabalen den talde bat sortzen” saiatzea izanen da. Pozuetak haren zeregina zehaztu du: galdeketako galdera adostea. Datarik ez dute zehaztu, baina maiatzean edo garagarrilean izanen dela aurreratu du Floresek, “bai Altsasun, baita Sakanako beste zenbait herritan ere”. Beste herrietako taldeekin elkarlanean ari direla argitu digu Etxaizek: “Errazagoa da Irurtzun, Lakuntza eta Olatzagutiarekin batera lan egitea.” Pozuetak argitu duenez, Sakanako taldea duela hiru hilabete jarri zen martxan. “Azken bi urtetan lortu ez duguna dugu orain, Sakana mailako dinamika. Uste dut indarra ematen digula. Ikusteko eta sinesteko bide onetik goazela.”

Erabakitze eskubidea “herritar bezala dagokigun eskubide demokratiko bat” dela zehaztu digu Floresek. Etxaizek gaineratu duenez, “herri bat gara, eta herri bat garelako erabakitzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu. Herri bat gara eta galdetu nahi dugu, besterik gabe”. Altsasuarrei, bestalde, taldera batzeko gonbidapena egin diete: “ateak pentsamendu guztietara irekiak gaude, honek ez du ideologia zehatzik. Eskubide bat, pertsona gisa dagokigun eskubide bat da eta eskubide horren alde edozein etor daiteke taldera; zain gaude.”Pozuetak gaineratu duenez, “edozein motako ekintzetan parte hartuz aberasten garela ikusten dugu, beraz, parte hartzeak merezi du. Norberak erabakiak hartzea. Nik uste, gure gizartean badagoela ohitura gauzak utzi eta besteek edozein arlotan erabakitzeko. Gu erabakitzeko gai gara, gure etorkizunarekin, gure pertsonarekin. Aberasten gaituelako, merezi du”

Hiru urte
Altsasun Gure Esku Dago taldea duela hiru urte hasi zen, giza katearekin batera, Pozuetak gogorarazi duenez. “Joan den urteko ekimenaren ondoren talde finko bat gelditu zen. Orain talde horretara jendea erakartzen ari gara”. Hiru urtetan Gure Esku Dagok Altsasun antolatu dituen jarduerak laburbildu dizkigu Etxaizek: “hitzaldiak, erakusketak, kontzentrazioak, aldarrikapenak, joste eguna… Taldea zer den jende aurrean azaltzeko.”

Erlazionatuak