Hizketan

Altsasuar talde batek "estrategia militar-mediatikoa" salatu du

Guaixe 2016ko urr. 17a, 21:58

200 bat altsasuarrek parte hartu duten prentsaurrekoan "ostiral gauean gure herrian gertatutakoa argitzeko beharrean" sentitu dira.

Prentsa agerraldia egin duten altsasuarrek "hainbat hedabidek zein goi karguk emandako bertsio ofiziala" gezurtatu dute. Altsasun "egondako sarekada bakarra Foruzaingoak, Guardia Civilak eta ondoren komunikabide guztiek orkestatutakoa izan da". Gaineratu dutenez, "gau hartan Guardia Civilarengandik jasotako probokazio eta mehatxuak beste episodio beltz bat baino ez zen izan". 

Azaldu dutenez, "hamarkada luzez errepresio gogorra jasaten ari gara gurean. Dagoeneko pertsona gehiegi, bizilagun gehiegi gara Guardia Civila eta beste polizia indarren azpijoko eta erasoak jaso ditugunak". Prentsaurrekoan adierazi dutenez, "argi dugu: gerra egitera etorri ziren polizia-indarrak gurera, eta horretan segitzen dute. Horri erantzun eta gure lehentasuna beti izan da herri aske eta antolatu batean bizitzea. Horregatik, ez da kasualitatea behin eta berriz erasoak jasotzea". 

Prentsaurrean agertu diren altsasuarrak ez dute Nafarroako Gobernuak "inongo bertsiorik kontrastatu gabe egin dituen adierazpenak. Gu akusatu gaituzte herriko giroa gaiztotu eta elkarbizitza oztopatzeaz. Zein erraza eta merkea ateratzen zaion ordezkaritza politikoari mafioso hauen bertsio mediatiko-manipulatua indartzea".

Agerraldian atxilotuen absoluzioa eta kasua artxibatzea eskatu dute. "Ez dugu beste epairik onartzen estrategia militar-mediatiko honetan". Antzeko kasuetan "gerora demostratzen da akusazioek ez dutela inongo oinarririk. Polizia muntaiak etengabe. Utzi bakean gure herria".

Aldi berean nabarmendu dutenez, "Altsasun denbora daramagu sexu erasoen gaineko lanketa eta salaketa egiten. Hortaz, ez dugu inolaz ere onartuko manipulazio eta ekintza polizial argia izan den honi sexu erasoa deitzea. Oso zikina da gai serio hau zuen intereserako erabiltzea".

Azkenik, atxilotuei eta haien senideei eta lagunei "elkartasun eta babes guztia" azaldu diete. "Gure esku dago horrelako erasoei aurre egitea; herri antolakuntzan dago gure indarra. Horretarako, altsasuar eta sakandar guztiei dei egiten diegu larunbatean, 13:00etan, Altsasuko plazatik eginen den mobilizazioan parte hartzeko".