Idazle gazteak literaturara erakartzeko helburuz antolatzen du Euskaltzaindiak Maria Azkue Literatur Saria, poesia eta narrazio sailetan. Joan den urtean lehiaketara 175 lan aurkeztu ziren, 2015aren bikoitza. Epaileek lanen kalitatea eta tonu berritzailea nabarmendu dute. Sariak gaur banatu dituzte Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martinez BBK fundazioko buruak.
B mailako (14 eta 17 urte artekoak) narrazio eta olerki sailetan Idoia Granizo Uribarrenarendako izan dira hirugarren sariak. Bide zuzenetik oker idatziak eman dio saria aurreneko sailean. Granizok azaldu digunez, “umeek jasaten duten presioa” da landu duen gaia. “Protagonistak gurasoen aldetik presioa jasaten du. Gurasoek etorkizuna opatzen diote eta umea presionatuta sentitzen da. Presioa edonon izan daiteke”. Itsasoak sutu daitezke poesia sortarekin ere hirugarren saria eskuratu du. “Dagoeneko maitasun harremana ez den baten ingurukoa da, pixka bat nostalgiatik kontatuta”. Granizok joan den urtean sariketa berean olerki onenaren saria jaso zuen.
Sortze prozesua
Granizok “momentuaren eta gaiaren arabera” narrazioaren eta olerkiaren alde egiten du idazterakoan. “Ideia hartzen duzu eta agian momentu horretan poesiarako zaude gehiago eta poesia egiten duzu. Gaiaren arabera, zeri dagokion hobe. Narrazioa irekiagoa da. Poesian irudiak bilatu behar dituzu, batzuetan hitzak neurtu”.
Idazten jartzea “batzuetan zaila da. Zerbait idatzi nahi duzu eta ez da ateratzen. Beste batzuetan, esaldi bat edo paragrafo bat datorkizu eta, hortik aurrera, guztia ateratzen zaizu”. Idatzitakoa behin eta berriro irakurtzen du, “dezente dagoela uste dudanean Ekaitz Goikoetxeari pasatzen dizkiot eta berak proposamenak egiten dizkit. Nik batzuetan hartu besteetan ez”. Atarrabiako euskara irakaslea da Goikoetxea, “idazten hasi nintzenetik oso gertuko izan dudan lagun bat. Beti laguntzen. Bertsotan ere laguntzen dit, bertsolaria delako”. Bertsozaletasunak idazteko baliagarria dela esan digu, “gauza batek bestea aberasten du”. Altsasuarrak “argi” dauka idazten segituko duela, baina “sariekin ez dut nire burua presionatu behar”.