Egile eskubideengatik Iortiako ordenantza aldatuta

Guaixe 2017ko mai. 15a, 08:31

Altsasuko Udalak Iortia kultur-etxeko erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa onartu zuen martxoaren 29an egindako bilkuran. Orain arte talde amateurrek kultur gunea erabiltzeagatik zegokien tasa ordaindu behar zuten, baina %50eko hobaria zuten. Udaleko Kultura Zerbitzuak kudeatzen ditu emanaldiari lotutakoak, besteak beste, egile eskubideei dagozkienak.

Haiek kudeatzen dituzten SGAE moduko elkarteekin tirabirak izan dituzte behin baino gehiagotan talde amateurrek. Egile eskubideen kudeaketa elkarteek kobratu egiten zieten, nahiz eta udalak irabazi asmorik gabeko emanaldia zirela edota erregistratu gabeko moldaketa zela esan. Altsasuko Udalak egindako aldaketarekin, talde amateurrak egile eskubideen kudeaketa elkarteekin zuzenean aritu beharko dira. Betisa Anda kultur teknikariak uste du aldaketarekin talde amateurrek irabaziko dutela: “SGAEk udala tartean ikustean kobratu egiten zien. Taldeek hots egiten zuten zergatiak azalduz. Orain taldeek zuzeneko harremana izanen dute eta dena argiago izanen da denendako”.

Udalak hartutako erabakia jendaurrean dago 30 egunez. Hura despeditu ondoren, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada, behin betiko onartua izanen da.