Eszena-tokiak eta banderolak, mota guztietako barrakak… festa usaina dago Altsasun. Asteazken eguerdiko festa eztandarekin batera nabarmentzen hasiko dira Lagun Onak peñaren beltza kolorea, Altsasuko Gazteen gorria, Muthiko Txikien txuri-gorria, Ajolabaikoen berdea eta joan den urtean mustu zen Kalez Kale peñaren urdina.
Errepika eta ermita
Maiatzeko gurutzetik iraileko gurutzera, eguerdiro, ezkila errepika jotzen dute Altsasuko elizan. Irailaren 14an, ostegunean, izanen da azkena, beraz. Egun horrekin, elizkizuna Otadiko Kristo Deuna ermitan egiteko ohitura dago. Garai batean ibar guztitik jendetza joaten zen.
Aurten, ordea, elizkizun hori ermitan eginen den zalantzazkoa da. Rafael Aiarra apaizak jakinarazi digunez, aste honetan eraikinaren azken konponketa lanak egin eta gero garbitzea geldituko litzateke. Apaizak ez daki 14ko hitzordurako ermita prest izanen den. Lanengatik, hain zuzen, asteartean hasitako bederatziurrena elizan egiten ari dira, arratsaldez. Lanek maiatzetik irailera arteko goizetako meza ermitan egitea eragotzi dute.
Konponketa eta margoak
Otadiako ermita abendutik dago itxita. Itajura batek teilatua egoera txarrean zegoela agerian utzi zuen. Elizbarrutiko arkitektoaren diagnostikoa berretsi zuten langileek: teilatua eta bobedari eusten zioen egitura egoera txarrean zeuden. Aiarrak esan digunez, teilatuari eusten dioen egurrezko egituraren zati bat sendotu egin behar izan dute.
Lanek 76.000 euroko aurrekontua izan dute eta herriko fededunen ekarpenekin pagatu ahal izan dira. Baina egituraren sendotzeak, megafoniak eta argiteria jartzeak beste 14.000 euroko aurrekontua du. Aurreikusi gabeko gastu hori estali ahal izateko altsasuarrengana zuzendu da parrokia berriro ere. Margotu berria eta teilatuaren egurrezko egitura ederra agerian duela geldituko da ermita.
Gainera, bobedak estaltzen zituen XVI. mendeko margoak ere ikusgai gelditu dira. Kultura Departamentuaren aholkuz zaharberritu egin dira. Ermitaren bi zatiak bereizten dituen burdin hesiaren gainean eta eskuineko paretan daude margoak. Ermita handitu ondoren egindako margoak dira agertu direnak. Margoak kolorebakarrekoak dira, hondo txuria gainean teila koloreko gorrian eginak. Irudi geometrikoez osatutako margoak dira.
Cyr-pa kontserbazio eta zaharberritze enpresa arduratu da egoera txarrean zeuden margoez: Morteroak eta gainean zeuden pinturak kendu dituzte; azaleko garbiketa egin dute; zirrikituak eta mortero hutsunea zigilatu edo estali dira eta tonu apalago bateko kolore geruza urduna eman zaio.