“Altsasuko bortxaketarekin orrialdeak bete dituzte, eleberri antza duten artikuluekin, garrantzirik gabeko eta soberan zeuden xehetasunak emanez. Argitaratutako eleberriak, sentsazionalismo ezaugarriak bildu, morboa bilatu eta kasu batzuetan misoginia osagaiak zituena, sen ona lotsarazi du”. Hala hasten da Altsasuko mugimendu feministak sexu erasoaren inguruan bi egunkariek zabaldu duten informazioari egindako kritika.
Feministen iritziz albisteak eman diren moduan “eztabaidan ipintzen da pertsona erasotu baten testigantza eta bere jarrera epaitzen da gau horretan bertan emandako gertakariekin, hori ez delako sozialki espero dena bortxaketa bat jasan duen emakume biktima batengandik”. Altsasuko mugimendu feministako kideen iritziz, “argi izan behar dugu, eraso baten aurretik edo ostean gertatzen dena ez luke iritzi publikoaren esku egon behar. Tankera horretako artikuluek matxismoaren arma bat dira, ganora gabeko zurrumurruak sortuz, epai sexistak zabalduz eta iritzi leporagarriak sustatuz, non beste behin ere emakumea galtzaile den”.
Euren iritziz, “prentsak epaiketaren xehetasun guztiak argitaratzeak ez du zentzu eraikigarririk, bai sentsazionalismoa bilatzea eta epaiketa egitea”. Eta gaineratu dute: “Altsasuko herrian hedabideek gertakariak eta pertsonen iritziak manipulatzeko duten gaitasunaren lekuko izan gara, izan gaitezen kasu guztietan kontziente”.