Jakin berri dugu epaia. Sexu-erasoaren berri izan zenean, kezka handia sortu zen Altsasun, ezta?
Azken finean, gure gizartean pentsatzen dugu halako gauza larriak beste lekutan gertatzen direla. Gurean gertatzen direnean izua, kezka, amorrua eta gauza gehiago sortzen zaizkigu. Nik, hasteko, esan nahi dut orain dela urte eta erdi pasatu zela eta nik uste dut horrelako epaiketa baterako urte eta erdi pasatzea da justizia alde batean uztea. Oso epe luzea da. Salaketa jarri duenarendako eta salaketa jaso duenarendako ere. Nik uste dut zerbait arinago, edo azkarrago egin behar dela.
Sexu eraso baten aurrean justiziarena da eman daitekeen erantzun bakarra?
Ezta pentsatu ere. Momentu desberdinak daude. Nik uste dut justizia azken pausoa dela. Justiziara ailegatu aurretik hainbat gauza egin behar dira: emakumeari harrera ematea, salaketa jartzea, osasun etxeak bere protokoloa jartzea eta laguntzea… Eta badago beste arlo bat eta oso-oso garrantzitsua da: gizartearen erantzuna. Ez naiz sexu-erasoen kontra kontzentrazioez eta halakoez ari, baizik eta emakume horri eman beharreko laguntzaz. Hori oso garrantzitsua da. Badago beste urrats bat, eta hau bai dela lehena: zerbait gertatu baino lehen informatu. Ikusi dugu oraindik badagoela jende pila horrelako kasuetan galdetzen digutena: horrelako gauza bat gertatzen bada, zer egin behar dut nik? Ni protagonista naizenean. Edo ni laguntzaile naizenean. Edo herritar moduan.
Epaiketaren berri ematerakoan gertatutakoaren xehetasunak eman behar dira? Ez ahal da emakumezkoaren edo salatuaren inguruko epaiketa paraleloak egitea?
Epaiketa paraleloena eguneroko ogia da. Ni ez nago ados. Nik uste dut epaiketak irekiak direla eta irekiak izan behar dutela, publikoa izateko. Ados. Baina, nik uste, gero hedabideek euren albisteak printzipio batzuekin idatzi behar dituztela. Haiek askotan esaten dute deontologia kodeak eta halakoak dituztela… Nik uste dut, alde batetik, albistea ahal den objektiboen jartzea gauza bat dela. Hala ere, ezin dugu onartu pertsona baten detaile guztiak edo epaiketarenak hedabidetan agertzea. Soilik arrazoi batengatik: horrelako xehetasunek ez digutelako ematen berririk.
Morboa elikatu?
Hori da, besterik ez. Eta gero badakigu horrelako artikuluetan agertzen direla beti emakumezkoen xehetasun askoz gehiago gizonezkoenak baino. Guretako hori da kausa bat emakumearekiko justizia ez bermatzeko.
Eta biktimizazio bikoitza ematea ere?
Jakina. Biktimizazioa da, alde batetik, prozesu guztia. Baina, gero, bi-hiru hilabete edo, orain gertatu den moduan, urte bat pasa eta gero, agertzen da berriro istorio guztia hedabideetan. Baina, zertarako? Esan nahi dut, guri, Altsasun bizi garenoi min egin digu kasu honek. Baina Iruñeko bati edo Funeseko bati, zer ekarpen egiten diote halako artikuluek? Xehetasun horiek guztiak? Bat ere ez. Hori ez da berria. Nik uste dut hedabideek hausnartu behar dute zer nahi duten honekin guztiarekin.
Hori epaitegira iritsi zen sexu-erasoa izan zen, baina, Altsasun, zoritxarrez gehiago izanen ziren, ez?
Aspaldian udalak, talde feministak, ikastetxeetan ere, gogoz eta gogor, lantzen ari gara eraso sexistak ez izateko programak. Bai, gertatzen da. Batzuk leunagoak dira, gogorragoak besteak. Nik uste dut gero eta gehiago entzuten dugula emakumeek, eta batez ere neskek, ez dutelako aguantatu nahi. Baina entzuten ditugunak edo ohartzen garenak gogorrenak izaten dira. Bai, gertatzen dira, baina baten bat salatzen da, besterik ez.
Izebergaren punta behintzat ikusten da.
Bai. Eta inportantea da. Nik uste dut badagoela salatzeko giro aproposa. Eta ez naiz polizia edo epaitegi salaketez ari. Baizik eta salatzeko gure artean, koadriletan… argi esateko horrelakoak pasatzea ez dugula nahi.
Garai batean bazirudien hemen sexu-erasorik ez zegoela.
Bai, esaten zen. Nik uste dut halakoak beti gertatu direla. Agian beste batzuk ez; genero indarkeriaren ez hainbeste manifestazio. Baina isildu egiten dugu, eta genuen. Ez bada oso gogorra paso egiten dugu, edo kexa isila eta halakoak. Gero eta gutxiago isiltzen da. Ni entzuten ari naiz jada neskek eta emakume gazteek ezin dutela hortik pasatu.
Genero indarkeriaren estatu itunari oniritzia eman zioten duela bi aste. Horrek zerbait aldatuko du?
Gauza on bat behintzat bai. Lehen estatuaren legean genero indarkeria zen gizonezko batek emakumezko bati egiten ziona, baina haien artean sentimendu-harremana egon behar zuen. Hau da, Altsasuko kasu honetan edo Nagore Laffageren hilketaren kasua ez ziren genero indarkeria gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean sentimendu-harremanik ez zegoelako. Ituna sinatzeko definizio hori aldatu dute. Esaten dute hemendik aurrera ekintza bati genero indarkeria hots egiteko ez dela beharrezkoa izanen sentimendu-harremanik izatea. Nafarroako legeen arabera emakumeenganako edozein indarkeriari deitzen zaio genero indarkeria. Baina epaiketan estatuaren legediarekin epaitzen dute. Horregatik, Nafarroan horrekin kontraesan bat zegoen. Nik uste dut aurrerapauso dexente izan dela hori onartzea. Dena den, nik ez dakit itun horrek baduen indarra legeak aldatzeko edo legea aldatu behar den definizio hori epaiketetan praktikan jartzeko.
Zer da sexu eraso bat?
Sexu eraso bat da sexu bati, argi dugu emakumezkoei dela, nahi ez dutena egitea; hasi piropo batetik eta bortxaketara. Hori guztia. Emakumezkoak ez badu zerbait nahi, ez badu zerbait onartzen eta beste pertsona batek egiten badio hori erasoa da. Sexu erasoa eta sexista? Sexu erasoa da sexu harremanekin zerikusia duena. Eta eraso sexista da gizonezkoek emakumezkoei egiten dizkiguten erasoak.
Zer egin behar da sexu eraso larri baten aurrean?
Hasteko, nik uste dut guk guztiok halakoak gertatu aurretik informazioa izan behar dugula: nora jo, zein laguntza dauzkagun, zer egin behar den… hori guztia gertatu baino lehen jakin behar dugu. Behin gertatzean zer? Erasotutako emakumezkoak lehenik laguntza eskatu behar du. Oso inportantea da. Badakit zaila dela, badakit schock egoeran dagoela baina denok buruan izan behar dugu momentu horretan laguntza eskatu behar dugula. Hori, batetik. Bestetik, emakumezkoak salatu nahi duen edo ez. Salatu nahi badu, proba guztiak gorde behar ditu, hau da: ez dutxatu, ez garbitu, arropa gorde… Gero 112 telefonora hots egin eta protokoloa martxan jartzen da. Nire esperientzia da protokoloa funtzionatzen ari dela. Edo Altsasun Berdintasun Zerbitzu hau dago eta guk beti laguntza ematen dugu. Eta salatu ez badu nahi zerbitzura nahi dutenean etorri behar dira. Salaketarik gabe laguntza ematen duten zerbitzuak badaudelako. Hori ere argi izan behar da.
Eta inguruan suertatzen direnak zer egin beharko lukete?
Hasteko emakumezkoa eta gizonezkoa banatzea, gizonezkoa beste leku batera eramatea. Emakumezkoari lasaitasuna eman. Zer egin nahi duen erabaki arte itxarotea. Beti galdetu zer nahi duen. Nahiz eta guk ez ulertu edo beste zerbait egin beharko litzatekeela pentsatu. Beti zer nahi duen galdetu behar da. Lasaitu, lagundu, etxera eraman, hurrengo egunean edo orduetan jakinarazi Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua duela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak daudela edo beste zerbitzu batera bideratu emakumezko horrek.