Altsasukoak Aske herri asanbladak 5.000 pertsona batu ditu gaur Urte bat espetxean, Altsasukoak Aske, Adur, Jokin, Oihan askatu lelopean egin den manifestazioak. Txalo artean abiatu dira Iortia kultur guneko zabalgunetik manifestazio buruan zihoazen asanbladako kideak eta haien atzetik Altsasukoak aske pankarta handia zeramaten gurasoek. Bidean hainbat lelo oihukatu dituzte manifestariek: Altsasukoak aske; Adur, Jokin, Oihan, askatu; hau ez da terrorismoa eta justizia nahi dugu. Manifestazio burua Erkuden eta Amaia kaleen bidegurutzera iritsi denean akabera Bakea kalea eta Amaia kalean zegoen. 500 metroko espazioa hartu du mobilizazioak eta puntu batetik manifestari guztiei pasatzea ia 12 minutu kosta zaie.
Manifestazioa deitu ondoren etorri zen epaiketaren dataren jakinarazpena: 2018ko apirilaren 16tik 27ra. Ordurako preso dauden hiru gazteak 17 hilabete eginen dute kartzelan. Herri asanbladatik gogoratu dute defentsen proba asko “tribunalak arbuiatu” dituela. “Horrek dugu beldurrean berresten gaitu, iruzurrez beteriko epaiketa zikin bati egin beharko diogu aurre. Gezurrek jarraitzen dute, manipulazioek jarraitzen dute… muntaia aurrera doa”.
Horren aurrean herri asanbladatik adierazi dutenez, “elkartasuna dugu indar, eta indartsu gaude”. Nahiz eta aitortu “urte gogorra” izan dela. Hedabide batzuek hasieran izandako jokabidearekin, sarekadarekin gero, “honek guztiak ezkutatzen zituen interesez kontziente izan ginen, baita muntaia hau elikatzen duten estamentuen potentziaz”. Salatu dutenez, “Altsasu kriminalizatzeko makineria oso bat jarri zuten martxan, zilegi diren ideiak zein aldarrikapenak kriminalizatzeko, gazteria kriminalizatu eta zigortzeko”. Horretarako 10 gazteren bizitza aurretik eraman dutela, eta haiekin herri oso batena nabarmendu dute.
Horren guztiaren aurrean herria besoak gurutzatuta ez dela gelditu eta elkartasuna eta mobilizazioak nabarmendu dituzte herri asanbladatik. Isun eta mehatxuen aurretik herriaren duintasuna nabarmendu dute. “Gure ahotsen eta usteen indarraz gurean berresten gara, arrazoi dugu eta hori defendatuko dugu, herri bezala”.
Bi dei
Herri asabladako kideek parte hartzeko bi deialdi egin dituzte. Alde batetik, antolatu duten literatur lehiaketan parte hartzeko: “jendearen kontakizuna eraiki nahi dugu, egunerokoan bizi dugun kontakizuna. Gezurraren gainean egia jerri nahi dugu”. Ilbeltzaren 4ra arte parte hartu daitekeela gogorarazi dute.
Bestetik, hurrengo hilabeteetako 14. egunetako mobilizazioak, eguberrietakoak eta bestelako mobilizazioak zehazteko batzarra deitu du herri-asanbladak. Ostegunean izanen da, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean.
Datuak
80.000
Altsasuko gurasoen manifestuak sinadura kopuru hori lortu ditu. Hemen sina daiteke.
53.000
Euroko gastua izan dute auzipetuen familiek.
182.000 km
Espetxetarako bidaietan egindakoak.