Altsasu, aterpe

Guaixe 2018ko urt. 9a, 13:45

Etzegarateko portuaren itxierak 400 bat ibilgailu harrapatuta utzi ditu. Altsasun eman zuten larunbatetik iganderako gaua 1.400 bat pertsonak: 450 kiroldegian, 230 Otadiako Kristo Deuna aterpean, 75 Burunda frontoian eta 645 altsasuarren etxeetan.

Elurra eginen zuela jakina zen. Eta egin zuen. Etzegarateko portuko Gipuzkoako aldea itxi zen, bigarren aldia 37 egunetan. Abenduaren 1ean bezala, larunbatean A-1 itxita gelditu zen. Kamioi batzuk gurutzatu ziren ,eta elurra kentzeko makinei pasatzea eragotzi zieten. Eta, Leitzarango Autobia (A-15) itxita zegoenez, A-1en aldeko aukera egin zuten gidari askok. Opatuko zutenaren berri inork ez ziela abisatu esan zuten gidari askok. Koordinazio falta ere salatu zuten.

A-1 autobian, ez aurrera ez atzera, 300 bat ibilgailu gelditu ziren. Batzuek orduak eman zituzten autoetan, autobusetan eta kamioietan zain, errepidea zabalduko zen esperantzarekin. Pixka bat mugitu baziren ere, ezer gutxi izan zen. 5 eta 7 ordu arteko itxaronaldia egin zuten. Informazio faltagatik kexu ziren. Frantzia, Suitza, Holanda edota Gipuzkoa helmuga zuten pertsonak ziren. Gehienak Marokon edo Portugalen hasi zuten bidaia. Haiek ziren eguberrietako oporraldia etxean egin ondoren Europa erdialdera lanera bueltatzen ziren langile-familiak. Beste batzuk oporretatik bueltan etxera bueltatzen ziren gipuzkoarrak edota Nafarroako familiarekin errege eguna ospatu ondoren etxera bueltatzen zirenak.

Gauzak horrela 300 bat ibilgailu haietan zeuden pertsonei beste alternatiba bat eskaintzea beste konponbiderik ez zen izan: Altsasun gaua pasatzea. SOS Nafarroak autobian zeuden pertsonak erreskatatzeko plana indarrean jarri zuen 22:00etan.

Lehenik aterpera
Ordurako bakarren batzuek euren kabuz erabakia hartuta zuten eta Altsasun bertan ostatua hartu edo herrian afaldu zuten. Herrira iritsi ahal izateko bidea zabaldu zuen Foruzaingoak. Batzuk euren ibilgailuetan iritsi ziren herrira; beste batzuk, berriz, herri sarreraraino segurtasun indarren, larrialdi zerbitzuen eta altsasuarren orotarako autoetan iritsi ziren. Gero Altsasura oinez sartu ziren. 00:30 aldera hasi ziren iristen. Aurretik udalak herriko kale nagusiak elurrez garbitu zituen, baita kultur guneko zabalgunea ere, aparkaleku gisa erabili beharko balitz hala erabiltzeko. Ez zen behar izan, baina Zelai kaleko espaloiak eta Zelandiko aparkalekua bete ziren.

Izan ere, etxean, poteoan, elkarteetan afaltzen… zeuden altsasuarren artean laguntza premiaren mezua zabaltzen hasia zen ordurako. Asko hurbildu ziren Otadiko Kristo Deuna aterpera. Han lehentasuna umeak eta haurrak zituzten familiak zuten. Haurdun zegoenik ere bazen. Aterpeko arduradun Javier Agirrebengoari 22:00etan jakinarazi zioten zabaldu beharko zuela eta berogailua piztera joan zen. Gauerdirako bere kideak han ziren. Sartu ahala jangelara bideratu zituzten eta han edateko beroa eskaini zieten. Gero 85 geletara bideratu zituzten familiak. Baina jende emaria ikusita egoitzak 230 bat pertsona hartzen bukatu zuen, aretoetako zoruan 20 koltxoi jarri baitziren eta besaulkiak ere prestatu zituztelako. Baina aterpea bete zenean, halako egoera zuten familiarrak boluntario altsasuarren etxeetan hartu zuten ostatu.

Zelandi kiroldegira joan ziren gero. Ordurako elurretan harrapatuta zeuden pertsonak sartu ziren. Harmailetan eserita eta etzanda 150 bat pertsona zeuden eta kantxan beste horren beste.  Adin guztietakoak haurretatik adinduetara. Hotzak akabatzen zeuden batzuk. Elurretarako batere egokiak ez ziren oinetakoak zituzten askok.

Altsasuarren laguntza
Gazteak nagusi ziren boluntarioen aurreneko egitekoa kateak sortu eta kiroldegira materiala sartzea izan zen: ohe txikiak, mantak eta jan-edana. Ogitartekoak prestatzeko eta salda berotzeko Altsasuko gastronomia elkarte guztiekin harremanetan jarri ziren eta hainbat ordezkari agertu ziren kiroldegian. Lagun Onak elkartean makina bat sandwich prestatu ziren. Baita Urdiaingo herri bazkarietako taldearekin ere. Haiek utzitako suetan berotu ziren salda, esnea eta kafea. Boluntarioek ere bestelako suak eta eltze txikiagoak eman zituzten. Baita mantak edo plastikozko edalontziak. Hori guztia banatzeko puntu beroa sortu zen kiroldegi erdian. Eskolaren kontrako horman, berriz, ura eta jatekoak banatu ziren. Mahaien atzean boluntario altsasuarrak izan ziren.

Jatekoen eta edatekoen zati bat propio zabaldu zuten Eroski supermerkatutik hartu zen. Gauerditik 04:30era lautan zabaldu zuten denda esnea, salda, gailetak, molde ogia, York urdaiazpikoa eta pixoihalak hartzeko. DYAkoak arduratu ziren aterpeetara eramateaz. Gautxori tabernan, esaterako, hainbat kafe litro egin zituen gaueko lehen orduan. Frontoiko tabernakoek ere kantxako berogailua piztera joan ziren han jarri behar zituztelako ohe txikiak, baina ateak zabaldu eta hainbati doako zerbitzua eman zieten.

Aldi berean, laguntza elkarteetako kideek ohetilendako gunea prestatu zuten kiroldegian. Lehentasuna haurrak zituzten familiek zuten han. Gertuko beste gune batean, zorua babesteko moketa jarri eta jendea han etzan zen. Altsasuarrek haien artean ere esnea edo salda banatu zituzten. Baina ordurako asko lo zeuden.

Itzultzaile lanetan aritu ziren hizkuntzak zekizkiten gazteak eta Portugalen edo Senegalen jatorria zuten altsasuarrek ere.

450 bat pertsonarendako aterpe bihurtu zen kiroldegia. Eta orduan beste 200 bat pertsona etorriko zirela jakinarazi zuten. Haiek Burunda frontoira bideratuko zituztela zehaztu zuten.  Izan ere, hasiera batean herrira ez joatea erabaki zutenetako batzuk gauak aurrera egin ahala, eta errepidea zabaltzen ez zela ikusita, ideiaz aldatu zuten. Baina 75 bat besterik ez ziren iritsi. Guardia Civilak esan zuen 1.400 pertsona gelditu zirela harrapatuta, beraz, beste 645 bat pertsonak altsasuarren etxeetan hartu zuten ostatu. Etxeren batzuetan zortzi ere izan ziren lotan.

Gauean joan-etorrian ibili ziren ibilgailu guztiak erregairik gabe gelditu ez zitezen gasolindegi bat ere zabaldu zen. Osasunbideako larrialdietako medikuak eta zerbitzuz kanpo zeudenak ere han izan ziren. Elurra zela eta gizon bat irristatu eta sorbalda atera zitzaion. Altsasuko osasun etxean artatu zuten.

04:30erako egoera egonkortuta zegoela boluntarioek goizean pentsatzen hasi ziren: gosaria eman beharko zitzaien guztiei. Eltzeak beteta eta sua piztuta, noiz-nahi banatzeko moduan utzi zituzten esnea, salda eta kafea. Gaueko banaketaz arduratuko zirenak zehaztuta, 08:00etarako jarri zen hitzordu berria.

Errepidera
Bizpahiru ordu lo eginda, goizean frontoira eta kiroldegira iritsi zirenean boluntarioek jendea esnatuta, zutik eta informazio faltagatik urduri opatu zuten. Astelehenean lanean hasi behar zuten gehienek eta lehenbailehen bidaia luzeari ekin nahi zioten. Gosariak egoitzetan eta autobusetan hustu ez ziren autobusetara eraman ziren.

08:30ean Leitzarango Autobia (A-15) zabaldu zela jakin zenean hainbat auto gidarik aukera horren alde egin zuten. Aurki zabaltzekoa zen Etzegarate. Horregatik, frontoian zeudenak kiroldegira eraman zituzten.

Ordu bat beranduago Etzegarateko portua zabaldu zen. Altsasuarren autoetan autobian zeuden euren ibilgailuetara joan ziren batzuk eta herritarrak gidatuta 18 autobusak aparkatuta zeuden tokietara lagundu zituzten. Esker oneko hitzak jaso zuten boluntarioek. Mekanikoak ere behar izan ziren, autoren batzuek ez baitzuten martxan jarri nahi izan. Izan zen ere jendea bere helmugara autoz eramateko prest azaldu zen altsasuarrik ere.

Behin egoitzak hustuta, Gurutze Gorriko eta DYAko kideek euren materiala jasotzen hasi ziren. Altsasuarrak, berriz, sukaldeetan erabilitako tresneria jaso eta garbitzeari ekin zioten. Soberan gelditutako jakiak pilatu eta udaletxera eraman zituzten. Kiroldegiko lurra babestu zuten moketak jaso eta haren eta frontoiaren garbiketa etorri ziren gero. 11:00ak ziren lan handienak despeditu zirenerako. Azken urtekoaren ondoren Estatuko hedabide jeneralistek egindako lanaren isla emanen zuten galdetzen zioten askok eta askok beren buruari.

Laguntza lanetan egon ziren ehundik gora pertsonak astelehenean oraindik egindako ahaleginaren nekea eta poza sentitzen zuten. Guztia pasatu ondoren gertatutakoa jakin zuten altsasuarrek ere harrotasunez hartu zuten euren auzotarrek egindako ahalegina eta hala jakinarazi zieten.

Leitzarango Autobia
Elurteak eraginda, larunbat eguerdian Leitzarango Autobia (A-15) hiru bat orduz itxita egon zen Donostiarako norabidean. Kamioiak gurutzatuta gelditu ziren, bide bazterrean hainbat auto. Handik ateratzea lortu zuten gidariak A-1 autobiatik, Etzegaratetik desbideratu zituzten. A-1 eta Leitzarango Autobian (A-15) egon ziren auto gidari askok eta askok elur egunetan kamioiei ibiltzen uztea kritikatu zuten. "Gurutzatu eta elurra kentzeko makinei ez diete pasatzen uzten".

Erlazionatuak