Triman Minerals enpresako langileak deituta 200 bat pertsonak manifestazioa egin zuten Altsasun pasa den ostiralean. Enpresan gertatzen ari denaren arduradun bere jabea, Jose Luis San Segundo Perez egin zuten, “ez da ari bere funtzioak betetzen eta ez du onartzen langileekin duen zorra”. Pasa den urtean hilabete guztietan oso berandu kobratu zuten, abenduko estrarik ez zuten jaso eta aurtengo 5 hilabete ez dituzte kobratu. Azken horrek langileendako “ondorio larriak eta egoera jasangaitza bizitzea” dakarkiela gaztigatu zuten.
Unai Martinez langileak azaldu digunez, “zuzendaritzako kideen artean istiluak izan ziren eta geroztik egoerak txarrera egin du. Lana jaitsi da. Gelditu den zuzendaritzak beste negozio batzuk ditu. Haiek konpontzeaz arduratu da eta gu alde batera utzi gaituzte”. Gaineratu duenez, “enpresa nahikoa arazoetan sartuta dago. Orain bankuak, zordunak eta haserre dauden bezeroak sartu dira. Haiendako egoera larria da”.
Moncayo Real State SLU, Saher 2000 SLU eta Triman Minerals enpresak talde berekoak dira eta pertsona bakarrak “gardentasunik gabe, gaizki” kudeatzen dituela salatu zuten langileek. Bi adibide eman zituzten: “ekonomia-kontu auditatu bakarrak 2014koak dira eta 2016an dibidenduak banatu zituzten langileok nominetan atzerapenak genituen bitartean”.
Konponbide eske
Langileek argitu zutenez, Sodena enpresa publikoak Trimani emandako 1,5 milioiak Aljerian proiektu bat garatzeko izan zen. Baina “ez zen atera eta maiatzaren 21ean enpresak konkurtsoa eskatu du”. Langileek Ekonomia-Garapenerako lehendakariorde Manu Aierdiri galdetu zioten zein bermerekin utzi zion Sodenak Trimani dirua. “Oso larria iruditzen zaigu diru publikoa horrela utzi izana enpresa honi, enpresa hau kortijo bat izan da eta ez dio egoeraren azalpenik sekula eman langileen ordezkaritzari”.
Langileek Sodenari eta Trimaneko zuzendaritzari egoera konpontzeko eskatu zieten. Hasteko zor zaizkien nomina guztiak ordaintzea exijitu zuten. Langileen iritziz, jabeak “enpresako zuzendaritza utzi behar du eta edozein proiektu industrial erraztu behar du”. Sodenari enpresaren bideragarritasunerako aukera guztiak aztertzeko eskatu zioten eta zehaztu zuten: “enplegu alternatiba guztiak, zorraren ordainketaren gainetik lehenetsi behar dira”. Zuzendaritzarekin ezin dela elkarlanean aritu gaztigatu zuten. Altsasuko lantokiarendako egungo 18 lanpostuez aparte beste 40 sortzeko alternatiba dagoela gaztigatu zuen. “Zuzendaritza ez dago horren oso alde”. Horregatik, Sodenari exijitu zioten “utzitako dirua enpleguaren berme gisa erabil dezala”. Izan ere, langileen sentipena da Sodena “bere hanka sartzea konpontzeaz arduratzen ari dela eta gu ez gaituela laguntzen”.
Taldea
60 bat langile inguru ditu enpresa taldeak: Iruñeko bulegoan, Mieresen, Laredon eta Altsasun (18). Guztiak etxean daude ordaindutako lizentziarekin, “kobratu gabe, noski”.