Orain Presoak Tour bizikleta martxak igandean Donostia eta Altsasu lotu zituen. Tropel aldarrikatzailea 18:30 aldera iritsi zen Altsasuko Foru plazara. Han hainbat sakandarrek egin zieten harrera, kantuz. Martxistek kioskotik ekimenaren zergatia azaldu zuten eta Altsasuko herriak injustiziaren alderik gordinena jasan duela eta horri herri gisa erantzuteko gaitasuna azaldu duela nabarmendu zuten. Ekitaldi akaberan Aurrera Altsasu kanta abestu zuten tropeleko kide guztiek. Hurrengo egunean tropelak azken etapari ekin zion. Sakandar bakan batzuk animatu ziren bizikletan Zaballarako bidean jartzen.
Inaxio Oiartzabal
Sareko kidea eta Orain Presoak Tourreko parte-hartzailea
Zergatik Orain Presoak bizikleta martxa?
Iruditzen zaigu gizarte zibila aktibo eta konprometitua behar dugula benetan konponbidearen norabidean pausuak emateko. Bai armagabetzea, bai Frantziako espetxe politikaren aldaketa lortzeko gizarte zibilaren parte hartzea behar beharrezkoa izan da. Espainiak espetxe politika aldatzeko gizarte aktiboa, konprometitua eta elkarlanean ariko dena behar dugu.
Presoen gaia mahai gainean dago?
Gizartearen zati batendako bai. Espetxe politika honek oraindik sufrimendua eragiten du. Horrek herri honendako ez du batere onurarik ekartzen. Konponbiderako aukerarik ez du ematen. Jendeak iritzi hori du. Ondorengoei gizarte hobea uzteko, honetan aktibatu behar dugu. Gizarte osora zabaltzea falta zaigu. Jende guztiak buruan du hau iraganeko kontu bat izatea nahi duela eta, beraz, aldaketa izan behar dela.
Orain Presoak Tourraren helburua zein da?
Parte-hartzea modu aktiboan irudikatzen du. Itzuliak erreferentziazko bi toki lotzen ditu Mont de Marsango eta Zaballako espetxeak. Bata, Frantziako gerturatzeen ikur izaten ari da. Bestea espetxe politikaren aldaketaren erreferentzialtasuna hartu beharko lukeena.
Espetxe politikan zein aldaketa izan beharko lirateke?
Lau puntu oso garrantzitsu azaltzen dira. Urrunketa politikarekin bukatzea. Sufrimendu gehien eragiten ari den politika da. Larriki gaixo dauden presoen egoera guztiz aldatu beharko litzateke eta haien eskubideen jabe izanda kalean behar lukete. Bestetik Espainiak ez du aplikatzen Europak agintzen dioen presoen zigorren batuketa. Hala eginez gero, preso batzuek kalean egon beharko lukete duela urteak, beste batzuk urtez urte kalera ateratzen joan beharko lirateke. Azkenik, euskal presoen ia % 100ek lehen egunetik zigorra lehen graduan betetzen du. Hori ezohikoa da, ez da legeak esaten duena. Uste dugu gradu progresioak ematen joan behar direla. Horiek dira urgentziaz aldatu beharrekoak.
Hori etorriko dela ikusten duzue?
Hori etortzeko jendeak aktibatu egin behar du eta jendea elkarrekin aritu behar dela hori aldatu dadin. Lehen zegoen eta orain dagoen gobernuen artean iritzi aldaketa dago. Praktikotasunean zer gertatuko den ez dakigu. Behintzat, Madril aldetik espetxe politikaren aldaketaren inguruko ahots desberdinak agertu dira. Ikusiko dugu zer ematen duen. Guk lanean segituko dugu, aldaketa izan dadin.
Behin Zaballara iritsita, zer?
Jendeari jakinarazi nahi diogu zein garrantzia duen guretako lastailaren 20ko deialdi horrek. Manifestazio horretan gizarte zibil osoa irudikatu behar da. Orain arte espetxe politika hau defendatu dutenak, edo orain arte mobilizazioetan parte hartzen ez dutenak… orain dela momentua. Orain da garaia konponbidearen norabidean elkarrekin kalera ateratzeko eta, benetan, sufrimendu guztiekin bukatzeko.