Elkartasunaren eta askatasunaren koloreak

Guaixe 2018ko ira. 23a, 11:39

Elias Taño Valentziako artistak Altsasuko auzipetuekin elkartasunean murala egin du Altsasuko Burunda frontoian. 'A tiro hecho' kolektiboko kidea den Carla Chillidaren eta hainbat boluntarioen laguntza izan du Tañok

Irailaren 14an, Altsasuko festetako egun handian, Altsasu Gurasoak  taldeak antolatuta Elias Taño artistaren mural margoketa hasi zen. Frontoiko fatxadan egin zuten murala, Iortia zabalgunearen aurrean. Bi mezu irakurri daitezke: "Elkartasuna herrien arteko samurtasuna" eta "Libertat als d' Altsasukoak Aske". Murala Aratz, Julen, Iñaki eta Jonan espetxeratu zituztela 100 egun betetzen zenean hasi zuten. Jokin, Adur eta Oihan 669 zeramatzaten Altsasuko festetako egun handian.

Altsasuko auziko sententzia atera zenean, garagarrilean, Elias Taño artistak barruan zuen guztia atera nahi izan zuen dakien moduan: margotzen. Valentziako kaleetara atera zen eta horma batean Altsasuko auzipetuekin elkartasunez mural bat egin zuen. Hurrengo egunetan Valentziako udaleko kaleak garbitzeko azpikontratak murala ezabatu zuen. Hortaz, "praxi txarra" egon zela azalduta udalak horma bat eskaini zion mural berri bat egiteko.

Bigarren mural hori elkartasunean sortu zuten. Altsasu Gurasoak taldeko kideak egon ziren bertan artista laguntzen. Hala ere, bigarren mural hori ere "erasotua" izan zen: "ultraeskuinek, faxistek, España 2000 elkarteak, Falangeak eta Valentziako beste talde ultraeskuindar batzuek erasoa egin zuten". Horma-irudia estaltzeko manifestazioa antolatu zutela gaineratu du Tañok. "Lagun talde bat eustera joan zen, baina eraso hau gogorragoa eta bortitzagoa izan zen".

Horma-irudia artelan bat baino gehiago da: "Altsasuko gazteekin elkartasuna dago. Injustizien kontra borrokatzen duenarekin elkartasuna ere erakusten du. Nik nahi izan dudana, gainera, errepresio klima hau sortzen dutenak azaleratzea da, hau da, botere judiziala, militarra eta poliziarra". Estatuaren segurtasun gorputzek duten "boterea" ere kritikatu nahi zuen muralaren bitartez. Baina Mordaza legearen aitzakiarekin adierazpen askatasuna mugatu zaiola esan du: "disidentzia erakusten duen edozein izan daiteke errepresio honen biktima".

Auzia

Valentziako muralari eraso egin ondoren, "ekintza artistiko politikoa egiteko kausa bat aurkitu genuen. Gure helburua artearen bidez politika egitea da, edo, politika egin artearen bidez. Aldarrikapen justu bat aurkitu dugu". Sektore "kontserbadoreetan" sortutako arbuioa eta "hedabideek guztia  handitu dutela" ikusita zerbait egiteko unea zela uste zuen Tañok.

"Altsasukoen aldeko mural bat egiteagatik deitu digute terroristak, katalanistak, batasunakoak... eta haiek, aldiz, sumindutako hiritarrak dira". Hormetan politika egiten dutela esan du Tañok. "Gustatuko litzaiguke hormairudi hauek denbora gehiago egon izana Altsasun gertatutakoa ezagutarazteko". Izan ere, valentziako artistak azaldu duenez, Euskal Herritik kanpo kasua "isilduta" eta oso "itxuraldatuta" dago. Horregatik debatea sortu nahi zuen.

Valentziako horma-irudiaren "erasoa" adierazpen askatasunaren eta ideien kontrako erasoa dela esan du. "Guk gai askoren inguruko muralak egin ditugu, langileria, homofobiaren kontra, arrazismoaren kontra, elkartasuna... baina konturatu gara Euskal Herriko gaia jorratzen dugunean arazoak daudela". Orduan konturatu ziren borroka honek merezi zuela.

Horma-irudiek jasan duten erasoen ondoren "sare" bat sortu zela esan zuen Tañok, eta elkartasuna aldarrikatzen jarraituko dutela. "Valentziatik baita beste hainbat lekutatik ere zuekin gaude". Askatasunaren eta elkartasunaren alde bukaera arte borrokatuko dutela gaineratu zuen artistak.

Artea eta politika

Elias Taño eta Carla Chillida A tiro hecho kolektiboaren kideak dira. Bi artista valentziarrek artea kalera atera dute, horregatik Tañoren artelanak hormetan izan ohi dira. Chillidak azaldu duenez, muralak ez ezik kale antzerkia ere egiten dute.

Elkartasuna

Elkartasunean landatu zuten 2017ko azaroan intxaurrondoa ere muraletik gertu. Iortia plazan Altsasukoak Aske-ren aldeko aldarrikapen leku garrantzitsua izan da bi urte hauetan hemen egin baitira Altsasuko auzipetuen aldeko ekimen asko, esaterako, prentsaurreko jendetsuak, manifestazio erraldoiaren amaiera, espetxean urte bat bete zutenean iltzalaldia, eta abar.

Irailaren 14an, murala egiten zuten bitartean, elkarretaratzea egin zuten Iortia zabalgunean.