Altsasuko mugimendu feministak deituta, Alarma feminista matxismoaren kontra!!! lelopean 150 bat pertsona elkartu ziren udaletxearen parean atzo. Feministek, “bereziki” nabarmendu zuten, “indarkeria fisikoa, bikotean ematen den indarkeria fisikoa eta emakume erailak izeberg handi baten punta” direla. Indarkeria matxista emakumezkoek egunerokoan sufritzen dutela gaztigatu zuten, “etxean, dendetan, azokan, tabernetan, autobusean, telebistan, kalean… egunerokoan gauden toki horietan guztietan”. Ziurtatu zutenez, “egoera guztiek ez dute ikusten diren arrastorik uzten, indarkeria guztiek ez dute ubeldurarik uzten gorputzean. Baina egunero sufritzen ditugu”.
Sistema patriarkalaren “ezaugarriak eta ondorioak sufritzeaz nazkatuta” daudela gaztigatu zuten. Indarkeria matxistari aurre egiteko “autodefentsa feminista eta sare feministak eratzea” deitu zuten. “Sistema patriarkal honek ez gaitu babestuko, ez digu gure eskubideak hartzen utziko. Feminismoa izan da erasotuak izaten ari ginela erakutsi diguna. Beraz, aurrera jarraitu behar dugu, gure borrokak ez baitu etenik”.
Eguneroko erasoak
Mugimendu feministako kideek esandako guztiaren adibideak zerrendatu zituzten: tabernan kaña eskatu arren kafea jarri didate; zerbitzari lanetan bezeroek irribarrea eskatu didate, eta nire gizonezko lankideari ez; kalean piropoekin beldurtu naute; emakumezkoa izateagatik gauzak modu sinpleago batean azaldu dizkidate; etorkina izateagatik adineko jendea zaintzen egon behar dut, nire senideak ikusten ez ditudan bitartean; bi lagun neskekin egon arren, bakarrik nagoen galdetzen didate; ez naute soldadura lanak egiteko deitzen; haserretzean histeriko deitzen naute; etxeko garbiketarekin lagunduko didatela esaten didate; kalean, askotan, beldurtzen naiz; janzkeragatik epaitzen naute; miseriazko soldatagatik garbiketa lanak egin behar ditut; zapia eramateagatik emakumezko zapaldu gisa tratatu naute; haurrak ez izatea erabaki dut; txikitan popinak eta sukaldeko jostailuak oparitu zizkidaten; izaera horrekin ez zaitu inork maitatuko; emakumezko izateagatik emozio-babes handiagoa eskatzen didate; mutil bati ez erantzuteagatik whatsapp bidez jazarri naute; etxeko lanetan urtetan aritu arren langabezia kobratzeko aukerarik ez dut; feminismo txuria nitaz ahaztu da, txuria ez naizelako; kalera dotore ateratzea exijitzen didate; feminizatutako lanak baloratzen ez direnez, ez dut lan eskubiderik…