Maroko eta Mexiko ikasgai

Guaixe 2018ko abe. 13a, 20:33

Zelandi ikastetxe publikoan laugarren urtez kultuartekotasuna landu dute ikaslek. Gurasoek antolatuta, Marokoko ramadana eta Mexikoko hildakoen egunen berri jaso dute gaur, eta bihar ere.

Zelandi eskola publikoaren baitan dagoen aniztasuna ikasleek zentzu positiboan eta gertu sentitzeko helburuz, kulturarteko topaketak antolatu dira gaurko eta biharko. Horrela, ikasleen artean elkarbizitza positiborako haziak landatu nahi dira. Bi jardunaldi horietan Maroko ramadana eta Mexikoko hildakoen eguna ezagutzeko aukera izanen dute 431 ikasleek. Zehazki, nola eta zergatik ospatzen den.

Bi gela, bi kultura
Nora da Maroko ramadanaren berri ematen ari dena, txikienei bideoaren laguntzaz eta koxkorragoei, berak, hitzez. Azaltzen die ramadana musulmanen egutegiko 9. hilabetea dela eta bat egiten duela Mohamed profetari koran liburu sakratuaren aurreneko errebelazioarekin. Lau funtzio dituela azaltzen die: erlijioa, osasuna (gorputzaren purifikazioa), burukoa (borondatea indartu) eta morala (jakiak ez dituztenak ulertzea). Hilabete irauten duela azaldu ondoren, gauez jateko aukera badutela azaltzen diete. Eta horren erakusgarri tea, zopa, pastak, fruitu lehorrak edota ogia dastatzeko aukera ematen diete ikasleei. Guztia andalusi musikaz girotuta. Norak esan digunez, “haurrak pozik daude, dena dastatzen dute eta arabiarrez hitz egiten dute, sukram esaterako”.

Luisek, berriz, txarroz jantzita, Mexikoko hildakoen eguna Maya kulturarekin zerikusia duela azaltzen die. Berez azaroaren 2an ospatzen da, baina lastailaren 28tik ospatzen dutela argitu die ikasleei. “Mayendako lurpeko mundua zegoen. Horregatik, prestatzen diren aldareek hiru altura dituzte. Bata lurraren parean dago eta lurpeko munduarekin du lotura”. Altura bat gorago errealitatearekin lotura duen zatia dago eta azkenik, gorago, aldarea. “Azken horretan gure hildakoaren argazkia dugu, harekin erlazionatzeko”. Aldarean hildakoaren gogoko gauzak jartzen dituzte, jan-edanak eta bestelakoak. Buru-hezurrak edertuta egoten dira aldare horiek. Ospakizunean jangarriak diren buru-hezurrak eta hildakoen ogia dastatzen dutela ere jakinarazi die ikasleei.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eta Zelandiko guraso elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak. Elkarteko ekintza taldeko Pili Cominek esan digunez, gurasoen artean deialdia egin zuten eta Nora eta Luis boluntario eskaini ziren. Haiekin izandako hizketaldietatik sortu zen bi herrietako ospakizunen inguruko kulturartekotasun saioak egitea. Horren osagarri, ikasleek ere klasean irakasleekin berdintasuna eta aniztasuna landu dituzte. Horren isla da ikastetxeko pasabideetan dauden marrazkiak, muralak edo hainbat tokitako menuak. Aniztasunari buruzko antolatzen duten 4. jardunaldia da, 2015ean hasi baitziren.