Darko, bitan ederrena

Guaixe 2018ko abe. 17a, 09:06

Jesus Pablo Leonen artzain-txakur alemana da Darko eta 10 hilabete ditu. Animaliak, berriki, bi edertasun txapelketa irabazi ditu. 26. Nafarroako Nazioarteko Erakusketako eta 32. Nafarroako Txakurren Nazio Erakusketa jokatu zen Cabanillasen azaroaren 11n. Altsasuarraren txakurra ile motzeko artzain-txakur alemanen har gazteen txapelketan irabazlea izan zen. Gauza bera gertatu zen abenduaren 2an Naldan. Orduan Errioxako txapeldun izendapena lortu zuen Darkok.

Pablok azaldu digunez, “Darko haztegi on batekoa da eta pedigri ona du. Aiton txapeldunak izan ditu eta Alemaniatik heldu da”. Halako txapelketetarako txakurrak prestatzeko beharrezkoa “ardura eta maitasuna dira”. Hori, elikadura onarekin, higienearekin eta pasio askorekin osatzen du altsasuarrak. Darkoz aparte pinscher txiki bat du, 3 urtekoa eta sariak irabaztea zer den badakiena ere. Lauzpabost urte baitira sariketetan parte hartzen ari dena. Kanarioak eta perikitoak ere hazten ditu eta haiekin ere Nafarroako txapelketa irabazitakoa da Leon.