Udaltzain izateko deialdia egin da

Guaixe 2019ko urt. 10a, 09:05
Udaltzaingoaren ibilgailua udaletxe parean.

Altsasuko Udalak udaltzain izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia argitaratu du gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialak. 2018 akaberan udaltzaingoan izan zen jubilazio batek hutsik utzitako plaza betetzeko da. Deialdian bertan udalak jakinarazi du oposizio horren bidez beste udaltzain plaza bat betetzeko aukera izanen dela. Interesatuek euren eskaerak bihartik hasita 30 eguneko epean aurkez ditzakete Altsasuko udaletxean. Altsasuko Udalak goiz eta arratsaldeko zerbitzua emateko 7 udaltzain nahi ditu. Gaur egun 2 laguntzaile besterik ez daude. Eta, horregatik, udalak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen, Foruzaingoak aldi baterako udaltzainen lan batzuk egin zitzan.

Bitartean udala oposizio deialdiak egiten ari da. Joan den urtean bi udaltzain plaza bete zituen horrela eta bi agente horiek apirilean Nafarroako Segurtasun Eskolako ikastarora joanen dira; urte akaberarako Altsasun lanean izanen da. Bestetik, 2014tik geldiarazia zegoen hiru udaltzain plaza betetzeko deialdiko onartuen behin behineko zerrenda publiko egin da eta udaberrirako oposizioa bukatuta egotea espero dute udalean.

Lanak
Altsasuko Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Aldakin SL enpresari eman dio argiteria publikoa berritzeko lehen faseko lanak. Beikolar, Ibarrea, Ameztia, Intxostia, Altsasu Institutua, Zubeztia, Beheko Benta, Ondarria eta Gurutzeko Bideko aginte zentroak daude. Egungo bonbillak LED argiekin ordezkatuko dira, argindar faktura murrizteko. Tokiko Azpiegitura Planeko diru-laguntza duten lan horiengatik enpresak 278.419,52 euro jasoko ditu. Ondarria industrialdeko eta Dantzalekurako bideko kableak ere aldatuko dira.

Bestetik, Altsasuko Udalak hirigintza plana egiteko kontratazioaren deialdia egin du. 202.479,33 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua du deialdia. Interesa dutenek euren proposamenak otsailaren 28ko 14:30era arte aurkez ditzakete. Azkenik, Altsasuko Udalak Altsasuko Dendarien Elkartearekin duen hitzarmena berritu dute.