Maite Aguirre Ortega: “Niretzat yoga norberaren ezagutza da, efektu guztietara”

Guaixe 2019ko urt. 11a, 11:17
Argazkiak: Diego Araujo eta Maite Aguirre.

Yogan duela 5 urte hasi zen Maite Aguirre, Bogotán. Munduan barna yoga irakasle izan eta gero, 3 urte daramatza Madrilen, yoga irakasle, tailerretan eta erretiroetan murgilduta

1. Instagrameko zure profilean (@soy_yogi) yoga irakasletzat duzu zure burua.
Hala da, jardunaldi osoan gainera.

2. Nola hasi zinen yogan?
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Enpresa Zuzendaritza eta Administrazio ikasketak egiten ari nintzela lagun batek aipatu zidan irakasgai lektiboen artean yoga zegoela. “Uf, ez, niri gauza horiek erlaxatu beharrean gehiago estresatuko naute…” iltzatuta dut erantzun hori. Urte batzuk geroago, Bogotán bizitzen nengoela, aldaketa handia izan nuen nire bizitzan: lanik gabe geratu nintzen, erabat estresatuta nengoen eta burua zer edo zer arintzeko ariketa fisikoa egiteko beharra ikusi nuen. Saltsa egin nahi nuen, baina ikastaroa urruti zegoen, eta oinez joateko moduan gertu yoga estudio bat nuenez, hara jo nuen, errezelo pixka batekin. Baina yogak guztiz harrapatu ninduen. Irakaslea ere kolonbiarra zen, baina urte asko zeramatzan Bilbon, eta gure pertsonalitatea ere ezagutzen zuen, oso ezberdinak baikara (kar, kar...). Eta egunero joaten hasi nintzen.

3. Zergatik da garrantzitsua klaseetara oinez joan ahal izatea?
Oso galdera ona da hau. Galdetzen didatenean yoga klaseak hartzera nora joan daitezkeen, beti erantzuten dut: “gertuen gelditzen zaizun tokira, oinez joateko moduan”. Klasea ordu erdiko tartera baduzu, garraioa hartu behar baduzu… azkenean aitzakia bat duzu gaur ez zoazela esateko. Garrantzitsua da aktibitatea gertu izatea.

4. Yogan hasi eta urte bete baino gutxiagora irakasle egiaztagiria lortu zenuen.
Bost urte daramatzat yogan. Hasi nintzenean langabezian nengoen, lan bila, eta yoga ikastera nindoan estudiokoek yoga irakasle izatea proposatu zidaten. Egunero yoga egitera nindoanez, baiezkoa eman nien, pentsatuz nire egunerokoa ez zela horrenbeste aldatuko. Irakasle egiaztagiria ateratzea erabaki nuen eta ordutik nabil irakasle.  Egia esan, nire bizitzako trantsizio batean gertatu zen dena; ez nuen ezerekin apurtu behar izan mundu honetan sartzeko, nolabait “emana” etorri zitzaidan eta argi ikusi nuen bidea hori zela.

5. Aurretik kirola egiten zenuen? Badirudi 5 urtetan zuk duzun gorputza trebatzea ezinezkoa dela…
Alde horretatik nire aitak eta amak asko eman didate, genetika, oso malgua naiz. Beti egin izan dut zerbait: Altsasun urte luzez atletismoan ibili nintzen, Iruñean aerobica eta gimnasioa, nahiz eta gimnasioa oso gustuko ez izan… Nire aitarekin txikitatik beti izan nuen argi gorputza landu behar dela, bereziki buruari begira, buruak dituen kezkak, nerbioak eta urduritasunak kentzeko. Yoga deskubritu nuenean, orduan ulertu nuen zenbaitek bizikleta hartzeko edo futbolean jolasteko duten grina. Niri yogak eman zidan pasio hori. Orain gutxienez egunero 5 orduz egiten dut ariketa fisikoa, beti nago agujetekin baina ohituta nago: gorputza eta burua ohitzen doaz.  

6. Zenbat denbora daramazu Madrilen yoga irakasle?
Hiru urte. Kolonbiatik atera eta Madrilera heldu bitartean yogari esker bidaia asko egin nituen. Yoga egiaztagiria AEBn atera nuen, Kalifornian. Tartean AEBn, Kolonbian eta Erdialdeko Amerikan klaseak ematen aritu nintzen, El Salvadorretik Panama bitarteko herrialde guztietan, eta gero Norvegian hilabete egin nuen irakasle. Ondoren Madrilera etorri nintzen. Pixkaka itzultzen hastea zen asmoa. Madrilen, autonomoa naiz eta yoga klaseak ematen ditut. Egun, tailerretan eta yoga erretiroetan nago zentratuta.

7. Zer da yoga, hitz gutxitan esanda?
Definizioa, berez, batasuna da: gorputzaren eta adimenaren batasuna. Niretzat, ordea, norberaren ezagutza da, efektu guztietara. Batetik, zure gorputzaren ezagutza. Nik badakit gorputzaren zein alde dudan sendoagoa, badakit aldaka bat bestea baino gehiago zabaltzen zaidala, postura konkretu bat lortzeko nola lan egin behar dudan nire gorputzarekin… Eta, bestetik, zure buruaren ezagutza. Meditazioan ematen duzun tarte horretan badakizu noiz sartzen zaizun pentsamendu bat, noiz urduritzen zaren, zer gertatzen zaion gorputzari eta honek nola erantzuten duen… eta alderantziz, zure burua nola erlaxatu behar duzun… Oso konplikatua da azaltzen, baina zure burua ezagutzera heltzen zara. Puntu horretara heltzea asko kostatzen da, eta prozesu psikologikoa denez, sarritan guztia pikutara bidaltzeko tentazioa duzu, adimena oso puñeteroa delako. Finean, zu kanpotik begiratzen ikastea da kontua.

8. Fisikoki gorputza izugarri lantzen duzue. Egiten dituzun mugimenduak ikusgarriak dira. Eta, bitartean, pentsatzen ari zarete, hausnartzen, arnasa hartzen, isiltasuna…
Yogaren alde fisikoan, posturak edo asanak daude. Yogaren alde fisikoaren helburu nagusia zure gorputza behar bezala lantzea eta prestatzea da, bizkar sendoa eta aldaka malguagoak izateko, eseri eta meditatu ahal izateko. Gehienetan jendea yogaren alde fisikoarekin geratzen da soilik, eta ni ere hasieran horrela hurbildu nintzen yogara. Baina yoga zurekin badoa, sentitzen baduzu, aldaketa ikusten hasten zara. “Hara, arnasa hartzen dudanean ez diot horrenbeste entzuten nire buruari!” pentsatzen hasten zara. Arnasketa ere oso garrantzitsua da, eta, bitartean malgutasuna lortzen hasten zara. Yogaren lan fisikoa ikusgarria da, baina baita adimenaren eta buruaren askatzeak, zure gorputza joaten uztea eta beste tokietara iritsi ahal izatea.

9. Zein yoga mota lantzen duzu?
Milaka mota daude. Yoga geroz eta herrikoiagoa den heinean, modalitate gehiago sortzen doaz, zenbait marketing hutsa. Nik bereziki vinyasa flou eta yin yoga lantzen ditut. Yoga erretiroetan nago zentratuta. Asteburu edo egun batzuk toki batera joan eta yoga eta bestelako aktibitateak egiten ditugu. Azken erretiroa zubi foralean egin genuen, Nafarroan, Iltzarben. Gurasoak eta koadrila bisitatzeko probestu nuen. Oso lanpetuta nago, baina Altsasura bi hilabetetik behin etortzea lortu nuen iaz eta ea aurten ere betetzen dudan. Santa Agedatan etorriko naiz, kintoekin egotera, aspaldi ez bainaiz egon.

10. Instagramen sekulako arrakasta duzu, 65.700 jarraitzaile baino gehiago. Horretaz gain www.soyyogi.com web gunea kudeatzen duzu. Denbora dezente emango dizu horrek, ez?
Sare sozialak eta web gunea kudeatzeak denbora nahikotxo eskatzen dute. Maitasun asko jasotzen duzu sareetatik, baina ongi kudeatzen jakin behar duzu, bestela sareek ordu guztiak jaten dizkizute: argazkia atera, testua pentsatu eta idatzi, erantzunak irakurri, jarraipena egin… Datuei begira, jarraitzaileen zenbakia ongi dago, aukerak ematen dizkizu eta ikusgarri egiten zaitu, baina niri interesatzen zaidana jendea mezuarekin geratzea da, esan nahi diodanarekin.

11. Instagramen dituzun argazkiak ikusgarriak dira, gehienak Diego Araujok ateratakoak, ezta?
Bai, gehienak bereak dira, eta oso politak dira, egia esan. Argazki bakoitzari testua jartzen diot, hausnarketaren bat, jendeak irakurri dezan eta modu horretan, zuk nahi duzun publikora iristeko. Izan ere, Instagram begietatik sartzen da. Argazkiarekin arreta pizten duzu: nik egin ahal ditudan posturak dira agertzen direnak, baina jende askok egin ezin dituenak. Artea sortzeko nire modua da hori. Baina nire esentzia argazkiaren ondoan idazten dudanean dago, eta jendea nire mezuarekin geratzea, hori da niri interesatzen zaidana. Aste honetan mundu guztiak ariketa egiten hasi nahi du urtea, tartean yoga egiten. Eta horri buruzko hausnarketa bat jarri nuen ere.

12. Zure web gunean yogari buruzko informazio landuagoa duzu.
Bai, hori nire ataria da, eta yogari buruzko informazioa eta nire eskaintzen berri ematen dut, tartean. Nik kudeatzen ditut web gunea eta sare sozialak, eta sarritan esaten didate: zergatik ez duzu Youtuben kanal bat zabaltzen? Jendea ez da kontziente honen guztiaren atzetik lan handia dagoela eta ni, berez, yoga irakaslea naizela eta ordu asko ematen ditudala klase, tailer eta erretiroekin. Nire lana klaseetan dago, horrek asetzen nau, ez nago egun guztia ordenagailuan. Bestetik, gelditzeko tartea ere hartu behar da. Ezin ditut, batetik, lasaitasunaren eta ongi egotearen baloreak sustatu eta, bestetik, lanetik ezin deskonektatuta ibili. Lanetik deskonektatzen eta gelditzen jakin behar da.

13. Cristina Pedroche telebista aurkezlea zurekin argazkietan sarritan ateratzen da. Elkarren artean lotura eta harreman oso ona duzuela ikusten da.
Berari yoga irakatsiz hasi zen gure arteko harremana, baina egun, nire yoga praktika pertsonala da berarekin egiten dudana, zerbait ezberdina. Yoga egiterakoan biek elkarrekin bat egiten dugu, eta gauza asko aztertzen ditugu, postura konkretu bat nola hobetu behar dugunetik hasita, meditatzen gaudenean burutik pasatzen zaiguna elkarri kontatzera arte. Batak besteari elikatzen diogu, eta, ildo honetan, ni ere berarekin korrika egiten hasi naiz, lasterketa batzuk egin ditut berarekin.

14. Madrilen jarraituko duzu edo zeintzuk dira zure asmoak?
Bizitzak buelta asko eman ditzake, nik hori oso ongi ikasi dut. Nire bikotekidea beste kontinente batekoa da, AEBkoa. Une honetan Madrilen oso pozik nago, eta Altsasutik gertu nago, ezin naiz kexatu. Beraz, nagoen bezala jarraitzea, nire burua zaintzea eta lesioek errespetatzea, horiek dira gertuko helburuak. Gero, gerokoak.

15. Guaixeko irakurleak yogan murgiltzera animatuko zenituzte?
Jakina! Hamaika arrazoi daude horretarako. Yogak alde fisikotik dakartzan onuretatik hasita, ni ez bainaiz, inoiz, horren indartsu eta malgua egon. Pertsonek mugikortasun egokia izatea nahi dugu, bereziki urte batzuetatik aurrera, norbera bere buruarekin ongi sentitzeko. Baina hori urte batzuk lehenago lantzen hasi behar dugu, eta yoga aukera paregabea da. Izan ere, yogaren alde fisikoak bizitza kalitate handia ematen du. Bestalde, yoga ere beste kirol ekintza baten osagarria izan daiteke. Demagun korrikalari batendako. Korrikan luzaketa egokiak egitea oso garrantzitsua da, eta yogak horretan laguntza handia emango dio. Eta behin yogan hasita, yogak norbera behar dueneraino eraman diezaiola. Norberak bere burua hobeto ezagutu nahi badu, arnasa behar bezala hartzen ikasi nahi badu… aurrera egingo du.