Altsasuko auziagatik preso 800 egun egin dituzte gaur Adurrek, Jokinek eta Oihanek. Eurekin Zaballako espetxean dauden Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 230 egun. Azken lau altsasuar horiek 2016ko udazkenean beste 37 egun egon ziren preso. Zazpiak, eta behin behinean aske den Ainarak, ez dute presente egon beharko Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoan eginen den epaiketan. Bihar eta etzi izanen da. Fiskaltzak eta harekin bat egin duten akusazioek gertatutakoa terrorismo delitua izatea eskatu dute. Defentsek, berriz, absoluzioa.
Bitartean, Altsasukoak aske herri plataformak Iortia kultur gunean jarri du hitzordua gaur, 21:30ean. Lehenik, Joseba Salegi zuzendari altsasuarraren En el laberinto de los Dioses film laburra emanen dute. Ondoren Kataluniako telebista publikoak, TV3k, emanen duen Altsasu, zauri irekiak dokumentala zuzenean emanen dute. Albert Segurak eta Anna Sanmartik zuzendutako dokumentalak “Altsasutik, Euskal Herriko bake prozesuaren etorkizuna, oinarrizko eskubideen eta askatasunen kontrako erasoak eta Kataluniarekin duten antzekotasun ugariak” aztertzen ditu.
Horretarako, hainbat aditu, politikari, gizarte eragile, ETAko preso ohi, polizia sindikatuetako ordezkariak eta bitartekariak elkarrizketatu dituzte. Dokumentalean, besteak beste, hitz egiten dute: Brian Currin, Jonan Fernandez, Francisco Etxeberria, Agus Hernan, Joseba Azkarraga, Consuelo Ordoñez, Concepcion Fernandez, Galder Gonzalez, Juan Kruz Aldasoro, Felix Altzelai, Nekane Zubizarreta, Ramon Rodriguez eta Ospa plataformako kidea.