Lan eta jan

Guaixe 2019ko ots. 4a, 18:43

La Encina elkarteak txerri-hiltzea nola egiten zen irudikatu zuten.

Txerri hiltzearen inguruan La Encina elkarteak antolatutako ospakizunak erabateko arrakasta izan zen. Jesus Cidoncha lehendakariak duela 13 urte proposatuta abiatu zen ospakizuna, garai bateko txerri-hiltzearen inguruan sortutako festa gogorarazteko. Lehen urtean 56 izan ziren bazkaltzera izena eman zutenak, larunbatean 120. Elkartean ez zen arimarik sartzen.

Sukaldean, eltze artean, jo eta ke lanean aritu ziren Maruja, Belen, Nicolas, Dolores, Clara, Andres, Noelia eta Julia. Izen emanda jende asko zegoenez, jatekoak behar bezala prestatzeko 07:00etan joan ziren elkartera. Lehenik gosariko ogi apurrak prestatu zituzten, urdaia eta baratxuriarekin. Gero eltze handi batzuetan, alde batetik, aza eta, bestetik, txitxirioa, zopa eta salda prestatu zituzten. Eta txerria zatitu eta hestekiak egiten zituzten heinean haietako batzuek eltzeetan bukatzen zuten.  Bezperatik lana zerbait aurreratu zuten. Eta ostegunean postrerako prestatutako gozoak egin zituzten.

Parte-hartzaileak
Goizean goiz hilik ekarritako 98 eta 90 kiloko bi txerri zatikatuz hasi ziren. Txorizoak, saltxitxoia, odolkiak, pintxo morunoak, solomoa eta bestelako zatiak egin zituzten. Batzuk gorde eta iraileko erromerian edo kultur asteko ospakizunetan kontsumitzeko eta besteak larunbatean bertan dastatzeko. Proba deitzen  da azken hori eta hestekien txitxikia eta bestelako txerriki zati frijituz osatutako hamabitako bihurtu ziren.

Joan den urtean bezala Extremadurako beste elkarteetako kideak izan ziren La Encinan: Gasteizko 30 eta Iruñeko 10. Haiek ere “ilusioz eta gustura” lanean aritu ziren. Marujak gogorarazi zuenez, “txerria hiltzeko eguna zen urteko ase arte jaten zen egun bakarra. Giro ederra sortzen zen. Auzokideekin partekatzen zen zati bat”.

La Encina elkarteak 46 kide ditu gaur egun. Horiek kultur elkartea babesten dutenak gehitu behar zaizkie. Eta urte guztirako egitarau betea dute. Pasa den astean Hego Euskal Herriko Extremadurako etxeetako kideak Altsasun elkartu ziren kantak eta dantzak ikastera. Extremaduratik propio etorritako irakasleekin aritu ziren. Estreinako aldia zuen jarduera horrek. Larunbateko txerri-hiltze ospakizunaren ondoren, mus txapelketa eta bazkide eguna izanen dituzte martxoan. San Ferminetan ere parte hartzen dute Nafarroako gainontzeko etxe erregionalekin batera. Irailean Guadalupeko amaren erromeria dute eta kultur astea ospatuko dute. Gainera, ikasturte akaberan haurren eguna ospatu nahi lukete.