Zabaletak hirugarrena jantzi nahi du

Guaixe 2019ko api. 5a, 13:49

Irribarriak eta Zabaletak Binakako Txapelketako finala jokatuko dute igandean Elezkanoren eta Rezustaren kontra (Bizkaia pilotalekua, 17:00, ETB1). Jotzaile handien arteko borroka oso estua espero da. Arakilen autobusa antolatu dute frontoira joan eta Zabaleta babesteko eta gero afaltzera bilduko dira Etxarrenen

Tik tak, tik tak… Binakako Pilota Txapelketarako final handirako orduak baino ez dira gelditzen. Azaroaren 23an Amezketan hasi zen txapelketa igandean erabakiko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sarrera guztiak salduak, primerako giroa espero da, final handi guztietan bezala. Txapelketako bi bikote erregularrenek lortu dute finalerako sailkatzea: Elezkano II.a-Rezustak eta Irribarria-Zabaletak. Jotzaile handiak, egungo atzelari onenetakoen arteko lehia eta txispa duten aurrelarien arteko final estua da igandean espero dena. Printzipioz final orekatua espero da, baina finalerdietan Irribarriak eta Zabaletak Elezkano II.a eta Rezusta mendean hartu zituztenez (22 eta 12), katedrak lehenak faborito jotzen ditu eta dirua euren alde aterako da nabarmen. Dena den, igandeko finalean ikusiko da nork jantziko duen txapela. Sakandarrek Zabaleta eta Martija arakildarren arteko finalarekin amesten genuen, baina ezinezkoa izan da, Elezkanok eta Rezustak Altuna eta Martija finalerdietan kanporatu baitzituzten. Beraz, ez dugu bihotza erdibitua izango eta Zabaleta animatuko dugu guztiek.

“Bi txapel ditut baina gehiago nahi ditut”
Jose Javier Zabaletak aurretik Binakako bi txapel ditu. Aurreko urtean, 2018an, Elezkanori eta Rezustari 22 eta 9 irabazi eta gero Joseba Ezkurdiarekin lortutakoari, 2013an Irujorekin lortu zuena gehitu behar zaio, Berasaluze eta Albisuren kontrako partidan 6 eta 4 irabazten zihoazela Berasaluze lesionatu zen final gogoangarri hartakoa. Bi final jokatu ditu eta biak irabazi. Eta orain, jakina, hirugarren txapela jantzi nahi du Etxarrengo atzelariak. “Etxean ditut bi txapelak, egunero ikusten ditut eta gehiago nahi ditut. Irabaztera aterako gara, ea egun ona dugun eta lortzen dugun” azaldu du Zabaletak egunotan komunikabideetan.

Zabaleta sasoian dago, akaso bere momenturik onenean. “Gustura sentitzen naiz, fisiko aldetik, eskutatik... Frontoian jokoarekin boladak izaten dira, igual aste batzuk hobeto jokatzen duzu, eta beste batzuetan ez zaude horrenbeste konfiantzarekin. Baina azkenaldi honetan nahiko konstante ari naiz izaten eta hori ona da. Lesioek ere errespetatu naute; txapelketa guztietan zorte nahikoa izan dut, eskutik ongi ibili naiz eta ea horrela segitzen dugun. Erregularragoa ari naiz izaten, baina hobetzen jarraitu nahi dut” aipatu zion Guaixeri. Perfekzionista da Zabaleta, eta beti hobetzeko aukera duela pentsatzen du. Atzean gelditu dira duela hiru urte orkatilan izandako lesioa eta eskuan izan zuen garatxo edo berrugeta, kantxetatik kanpo egotea ekarri ziotenak. Orduan Iñaki Barbajero prestatzailearekin hasi zen lanean, eta harekin eta Aspeko Jokin Etxanizekin batera, egunero entrenatzen du, eta eguneroko errutina hori ezinbestekoa ikusten du. Lesioen ondoren, lehiakorragoa bilakatu da. “Urrutiago iristeko grina piztu dit, gauza politak egitekoak. Partidak eta txapelketak lortzeko gosea dut” adierazi du Zabaletak. Lesioetan oso gaizki pasatzen denez, Etxarrengoak badaki sasoi onak aprobetxatu behar direla eta horretan dago buru-belarri.

Rezustaren laugarren finala jarraian
Zabaletak Rezusta izanen du aurrean, arerio gogorra. Azken lau Binakako txapelketan finalista izan da Bergarako pilotaria. Iaz Berasaluzerekin Ezkurdia eta Zabaletaren kontra galdu zuen, 2017an txapelduna izan zen Irribarriarekin batera, Bengoetxeari eta Larunberi 22 eta 14 irabazi eta gero, eta 2016an txapeldunordea izan zen Rezusta, Irujorekin batera, Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra 16 eta 10 galtzen ari zirela Irujo lesionatu eta gero. Beraz, bigarren txapela jantzi nahiko du Bergarako atzelari ezkerrak. “Ezker esku ikaragarria du, sendoa, eta fisiko bikaina, pilotara jokatzeko baldintza bikainak. Egun, atzelari konplikatu eta deserosoetako bat da, Ladis Galarzarekin batera, pilotari sekulako abiadura ematen diolako. Kantxa asko estaltzen du” adierazi du Zabaletak Rezustari buruz.

Baina Etxarrengoa ez da gutxiago. Frontoian duen berezko elegantziari jotze ikaragarria gehitu behar zaio; egungo jotzaile handienetakoa da. “Izugarri jokatu du. Egungo atzelaririk onena ez bada… Pilota gutxi galtzen du eta, akatsak egiten ere, partidak irabazten ditu. Kantxa asko estaltzen ari da eta ezin dut gehiago eskatu. Berarekin disfrutatzen ari naiz eta ea horrela jarraitzen dugun” esan du Zabaletaz Irribarriak. Hortaz, bi atzelarien arteko lehia ikusgarria espero da.

2017an Rezustarekin Binakakoa irabazi zuen Irribarriarekin biko ona sortu du Zabaletak. “Pilotari indartsua da, jotzaile handia. Egun ona ez duzunean zu laguntzera atzera etortzeko kapaza da. Orain une bikainean dago. Tarte handiak egiten ari da eta errematean ongi dabil. Eta ni ongi banago, gehiago egitera ausartu egiten da” azaldu du Etxarrengoak Aramakoaz.

Finalerako katedrak faboritoak jotzen ditu, baina final bat irabaztea ez da inoiz erraza izaten. “Elezkano eta Rezusta une oso onean daude, eta guk gure maila ematen ez badugu ez dugu irabaziko. Eurek euren maila 10 partidetatik 9tan ematen dute, eta finalean ere emango dute. Oso ongi ulertzen dute elkar, bikote osagarria da, zaila da eurak irabaztea” dio Etxarrengoak. Jakina da Elezkanok tanto batzuen abantaila lortzen duenean gora egiten duela, eta hori ekiditen saiatu beharko dira Irribarria eta Zabaleta. Argi dute egun ona izan beharko dutela irabazteko eta partida oso gogorra izango dela. Ea euren jokoa egin eta txapel horietako bat Sakanara ekartzen duten.

Arakildarrak Zabaletarekin
Etxarrengo atzelariak senitartekoak, zaleak eta lagunak izango ditu alboan. Asko finalera joango dira, Bilboko Bizkaia frontoira, eta beste askok telebistatik jarraituko dute partida. Autobus bat ere antolatu dute Bilbora joateko, igandean 12:30ean abiatuko dena. Finala irabazi edo galdu, argi dute finala jokatzearen lorpena ospatuko dutela. Etxarrengo Iratzar jatetxean bilduko dira afaltzera.