Epailearen aurretik pasa ondoren aske

Guaixe 2019ko api. 30a, 17:51

Guardia Civilarne patruila bat Zumalakarregi plazan. Artxiboa

Guardia Civilak kontrol batean gazte altsasuar bat atxilotu zuen larunbat goizean. Euskal Herriko Unibertsitatean 2016n apirilaren 26an izandako gertaerengatik identifikatu eta epaiketara ez aurkezteagatik bilaketa agindua zuen.

Maravillas gaztetxearekiko Sakanako elkartasun eguna antolatu zuten larunbaterako Ziordian. Harako bidean Guardia Civilak kontrola jarri zuen eta gelditutako autoetako batean zegoen gazte bat, Beñat Zelaia altsasuarra, atxilotu zuen 11:25ean. Haren kontra Getxoko Auzitegiak bilatzeko eta atxilotzeko salaketa jarria zuen, deitutako epaiketara ez baitzen agertu. Epailearen aurretik pasa ondoren, Zelaia arratsaldean aske gelditu zen.

Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) eta Ospa mugimenduak atxiloketa salatu zuten eta larunbatean bertan udaletxe parean Zelaia askatzeko eskatuz kontzentrazioa deitu zuten, gero manifestazio bihurtu zena. Bi erakundeetatik adierazi zutenez, “berriz ere, errealitateak argi erakusten digu isunak, atxiloketak, espetxeratzeak… errepresioak ez du etenik”. Azaldu zutenez, “egungo sistemak eragiten dituen injustizien aurrean altxatu egin dira eta eginen dira asko eta asko. Horren aurrean estatuaren erantzuna badakigu: errepresioa”. Eta galdera egin zuten: “egungo egoera onartu edo errepresioaren aurrean gure buruak defendatzeko mekanismoa sortuko ditugu?”

Bi erakundeetako kideek gaztigatu zutenez, “altsasuar askok injustiziaren aurka borroka egiten dute. Denek errepresioa era batean edo bestean jasan izan dute”. AGAko eta Ospako kideen iritziz, “gizartea errotik aldatu arte, errepresioa erantzun sistematiko eta egiturazkoa izaten segituko du. Hala izanik, errepresiotik babesteko mekanismoak garatu behar ditugu!” Errepresio indarrak

Leioako 6ak aske
Izen hori du dinamika batek. Ikasle Abertzaleak (IA) deituta Leioako EHUko campusean Ikasleon aurkako erasorik ez lelopean manifestazioa egin zen 2016ko apirilaren 26an. Deialdi harekin IAk eskatu nahi zuen LOMCEren kontra urte hartako martxoan Bilboko Ingeniarien Unibertsitatean itxialdia egiten ari zirela atxilotutako ikasleei diziplina-espedienterik ez irekitzea. Manifestazio hartan istiluak izan ziren. IAk zabaldu zuenez, Ertzainak 15 ikasle zauritu zituen. Eta sei identifikatu egin zituen Leioako Errektoretzaren egoitzan indarrez sartzea eta zaintzaile bat zauritzea leporatuta

Horrekin batera Leioako mobilizazioan eskatu zuten: 2016ko martxoan atxilotutako ikasleen kontrako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea; Leioako ikasle auzipetu baten auzian esku-hartzea eta bere egoerarendako konponbidea bilatzea; Ertzaintza EHUra ez sartzeko behin betiko neurriak hartzea eta, azkenik, polizia indarrak fakultateetatik kanporatzea. Manifestazio hura istiluekin amaitu zen, eta Ertzaintzak sei pertsona identifikatu zituen Leioako Errektoretzaren egoitzan indarrez sartzea eta zaintzaile bat zauritzea leporatuta. 15 ikasle ere zauritu zituztela salatu zuen IAk.

Identifikatutako seiek ez dituzte egozten zitzaizkien karguak onartzen. Honakoak dira: desordena publikoa, desobedientzia, agintearen kontrako atentatua, kalteak, lesioak eta irainak. Sei gazteek erantzuna eman nahia Leioako 6ak aske dinamika abiatu zuten. Guztiek erabaki zuten epaiketara euren borondatez ez aurkeztea, haren zilegitasuna aitortzen ez dutelako: “parte hartu genuen manifestazioa ekimen politikoa zen heinean, bere izaera eta eduki politikoagatik zapaldu, atxilotu eta epaituko gaituzte”. Horregatik, gazteek epaitegira joateri uko egin zioten. Getxoko auzitegiak haiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen