"Mendizaletasuna ogibidea bihurtu dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko mai. 17a, 09:24
Iker Agirre Bengoetxea mendi eta arroila gidaria. UTZITAKOA

Iker Agirre Bengoetxea gazte altsasuarra mendi eta arroila gidaria da. Afizioa ofizioa bihurtu du, eta orain Naturkide enpresa sortu du jendea Lurraren zirrikitu urrutietara joaten laguntzeko

1. Zein da zure lana?
Mendia guztiok dakigu zer den, baina arroila agian arrotzagoa egiten zaigu. Gaztelaniaz barranco edo cañon da. Mendiaren eta arroilaren munduaren ezagutza gutxi edo ez daukan pertsonei toki  horietara iristeko laguntza eskaintzen diegu; gidari lana egiten diegu. Mendi ertain edo inguruko mendietara jendea beraien kabuz joaten da. Baina arroiletara gomendatzen dute kontrolatzen ez badute gidari batekin joatea edo kontratatzea. Berez ez dago arautegirik. Bakoitzak bere kabuz joatea posiblea da. Oso toki politak eta urrutikoak dira, eta ez kontrolatzen ez duen jendeak ez ditu inoiz ikusiko, modu bakarra barrura sartzea baita.

2. Noiz hasi zinen?
Honetan lanean bost urte daramat. Larraonan, Urbasa Abenturan, hasi nintzen. Abentura parke bat da eta abentura parkea ez ezik, espeleologia bisitak, via ferrata eta pixka bat denetarik egiten dute. Hor egon nintzen bi edo hiru urtez. Eta orain bi urte nire kabuz autonomo bezala daramat. Naturkide-rekin bakarrik hasi naiz. Baina urte beste enpresa batzuekin elkarlanean aritzen naiz. mundu hau nahiko txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu eta elkarrekin aritzen gara. Nik gidari bat behar dudanean lagun bat deituko dut eta berak ratioa pasatzen duenean eta beste gidari bat behar duenean niri deituko dit.

3. Nola erabaki zenuen mendi eta arroila gidaria izatea?
Bizitzak eraman nauen bidea izan da. Txikitatik ibili gara mendian eta arroilekin lehenengo kontaktua Irunberrin egiten den Goi Heziketako zikloan izan zen. Kurtso horretan probatu nuen gauzarik politena eta interesgarriena izan zen. Eta erabaki nuen horretan jarraitzea. Formatzen jarraitu nuen eta erdi mendiko eta arroila gidaria tituluak atera nituen. Afizioa ofizioa bihurtu dut.

4. Zer izan behar du mendi eta arroila gidari batek?
Gauza asko izan behar ditu. Jendearen aurren lasai egoten jakin behar du, jendearen aurrean moldatu behar da, eta pazientzia handia behar du. Toki horietara eramaten duzun jendea agian ez da mendian inoiz egon eta zaila egiten zaie. Egun guztiak han pasatzen dugunok pentsatzen dugu ez dela posible hori ezin egitea. Baina bai, kostatzen zaie eta pazientzia behar duzu.

5. Nondik ibiltzen zara?
Arroilen munduan mugitzen gara ura dagoen tokietan. Nafarroan edo Euskal Herrian baditugu arroila garrantzitsu batzuk, esaterako, Artazulo Artetako iturburua edo Altsasutik gertu Leze, oso famatua eta berezia dena. Hemendik gertuen geratzen zaizkigun zonaldeak dira Echoko bailara Huescako Pirinioetan eta Isaba inguruak Nafarroako Pirinioetan. Guarara ere joaten gara. Leku ospetsuenak Guara eta Pirinioak dira, eta nik Pirinioak nahiago ditut. Guara oso polita da, baina arroilak horizontalagoak dira. Eta lekurik hoberena Iparralde da, Zuberoan dagoen Kakueta eta Oltzarte. Zonalde horretan kristoren arroilak daude.

6. Zertan datza arroiletan ibiltzea?
Erreka edo ibai bat jaistea jaitsi ezin den toki batetik. Pareta oso altuak eta ur jauzi ezberdinak egoten dira, eta ur jauziak pasatzeko hainbat era daude: sokarekin rapelatzen, salto bidez edo txirristak. Saltoak eta txirristak arroilaren parte ludikoak dira. Askoz dinamikoagoak dira eta jendeari gehiago gustatzen zaizkio. Arroila praktikatzaile bezala rapelatzea nahiago dut. Baina gustuen araberakoa da.

7. Erreka bat jaitsi pasatu ezin den toki batetik. Nola hartzen du jendeak?
Ongi azaltzen diezunean, ongi. Jendeari beldur handiena rapela eta sokaren gaia da. Baina gidari moduan seguruen sentitzen naizen momentua da. Bi sokekin egiten dugu beti. Batek behetik jaisten ari dena hartzen du eta nik goitik beste soka batekin kontrolatzen dut.

8. Taldeak nolakoak izaten dira?
Publiko guztietara zuzenduta dago. Arroilak ezaugarri ezberdin askorekin daude: errazak, zailak, bertikalak, horizontalak rapelik gabe... Guri deitzen digutenean katalogo antzeko bat bidaltzen diegu hiru edo lau aukera ezberdinekin. Taldeak esaten digu zein nahiago duten eta hitz egiten egokiena aukeratzen dugu. Jende kopuruaren arabera, arroilaren edo jardueraren araberakoa da. Arroiletan ratioa gidari bat zortzi pertsonako da. Arroila zailagoa bada ratioa jaitsi daiteke, 1/6 edo oso zaila denean 1/2. Hori da ratioa. Hamabi pertsonako talde bat erotzen bada, beste gidari bat kontratatzen da eta ez dago arazorik.

9. Arroilei buruz hitz egin dugu, baina zein da mendi gidariaren lana?
Jendeari kontrolatzen ez dituen tokietara eramatea. Orain udan kanpoko jendea etorriko da Sakanara eta agian ez da ausartzen Urbasako basoetara bakarrik joaten. Horrelako tokietara sartzen lagunduko genieke. Azken aldi honetan orientazio ikastaroak eta zirkuituak egiten ari gara ere. Gainera, via ferratak egiten ditugu ere. Larraonan dagoena gomendatzen dut, hasieran egiteko erraza, baina oso polita. Eta Urbasa da Nafarroa mailan dugun espeleologia egiteko toki berezia, perfektua.

10. Azken urteetan abentura jarduerak bogan daude?
Nahiko moda dago. Sakanara edo Nafarroara ez da oraindik iritsi arroilen eta abenturaren gaia, baina Guaran erokeria da. Errekara lanera zoaz zure zortziko taldearekin eta agian 100 bat pertsona daude, esajeratu gabe, eta zure txanda itxoiten egon behar zara. Mendiaren eta arroilaren xarma galtzen da. Azkenean, naturara deskonektatzera, zaratak ez entzutera edo naturaren hotsak entzutera joaten zara eta horrelako jendetza aurkitzen baduzu xarma hori galtzen da. Guaran ehun arroila baina gehiago daude, eta masifikazio hori hiru arroiletan garatzen da. Beste guztietan ez dago inor. Horiek politenak eta errazenak dira, saltzeko hoberenak.

11. Zergatik egin behar ditu jendeak horrelako jarduerak?
Jendeak argazki ikusten ditu, baina ez da inoiz eogngo, eta toki oso bereziak dira. Modu honetan joaten ez bazara, ez zara inoiz iritsiko. Hori da erakargarri nagusiena. Oso leku instagrameableak dira. Guk beti kamara zintzilik daramagu eta ehun argazki baino gehiago egiten ditugu. Probatu nahi duenak sare sozialetan, facebook-en eta instagram-en, ikusi dezake egiten duguna eta gurekin harremanetan jartzeko naturkide@gmail.com edo 607744083 telefonora dei dezake.