Berdintasun Zerbitzua lanean hasi da

Guaixe 2019ko mai. 25a, 11:50

Emakumezkoak eta gizonezkoak Altsasuko azokan.

Sakanako Mankomunitateko zerbitzu berriak bi ikastaro prestatu ditu: indarkeria matxistari buruzko prestakuntza da bat eta bestea indarkeria matxista jasaten duten emakumeekin lan egiten duten profesionalei zuzendutakoa. Izen ematea ostegunean despedituko da. 

Sakanako Mankomunitateak ibarreko emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunari buruzko diagnosia egin zuen joan zen urtean. Ibarreko erakundeak dokumentu hori sortu nahi zuen Berdintasun Zerbitzuarendako langaia izan nahi zuen. Eta hala da apirilaren 10az geroztik. Egun horrekin batera hasi zen Oihana Gallo San Roman berdintasun teknikaria Mank-erako lanean. Eta jakinarazi duenez, Sakanako eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Estatuko Itunaren baitan zenbait egitasmo aurreikusi dituzte, tartean prestakuntza saioak daude.

Indarkeria matxistaz
Sakanako ordezkari politikoei, alderdi politikoei, zinegotzi ohi, berri eta interesa duen guztiari bideratutako prestakuntza antolatu du legegintzaldi berriaren hasierarako. Ikastaroaren oinarria galdera bat izanen da: Zer egiten dugu herritarron ordezkariok indarkeria matxistaren aurka? Galdera horri erantzunez Susana Manzanedo aholkulariak indarkeria matxistaren arazoaren inguruko oinarrizko ezagutza ematea, bai teorikoa bai araudiaren ingurukoa. Horretarako hiru gai landuko dituzte: emakumezkoen aurkako indarkeriaren eta genero ezberdintasunaren arteko harremana; genero ezberdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko oinarrizko kontzeptuak eta tokiko entitateen lege betebeharrak eta udalen eskuduntzak. Ikastaroa garagarrilaren 4an eta 11n izanen da, 17:00etatik 19:30era, Mank-ek Lakuntzan duen egoitzan.

Profesionalendako
Indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzen dituzuen profesionalei zuzendutako prestakuntza da antolatu duten bigarrena. Hartan gizarte zerbitzu, EAIV, osasun etxe, Foruzaingo, Berdintasun Zerbitzu, Lansare eta abarretan lan egiten duten langileei zuzenduta dago. Indarkeriaren inguruko Foru legearen agindu bat da jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak lantzea. Behin eginda Nafarroako protokoloaren babesean egonen da. Prestakuntza saioen bidez jakin nahi da entitate bakoitza zein momentutan dagoen, eskaintzen dituen zerbitzuak eta funtzioak, bestelako entitateen arteko koordinazioa eta etorkizuneko Protokoloaren pertzepzioa aztertzea eta hausnartzea da. Saioetan teknikari baten laguntza izanen da. Prestakuntza Mank-en Lakuntzako egoitzan izanen da garagarrilaren 4an eta 11n, 12:00etatik 15:00etara.

Izen ematea
Ostegunera arte berdintasuna@sakana-mank.eus edo berdintasuna@altsasu.net e-posta helbideetan.