Udalaren eta Foruzaingoaren arteko hitzarmena hilabete barru bukatuko da

Guaixe 2019ko mai. 31a, 10:28
Bi foruzain partuilatzen.

Oposizioa gainditu duten bost udaltzainak Nafarroako Segurtasun Eskolatik ateratzean lanean hasiko direla argudiatu dute udaletik.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek jakinarazi du garagarrilaren 30ean despedituko dela udalak Foruzaingoarekin sinatuta duen hitzarmena. Altsasuko Udaltzaingoaren kide faltak hiri segurtasun publikoko gertuko zerbitzua ematea eragozten zion udalari eta hori argudiatuta akordioa sinatu zuen Foruzaingoarekin. Urte bat eginen du indarrean aipatu akordioak, eta ez da berrituko. Adostutakoaren arabera goizez eta arratsaldez ordu bateko patruilatze lanak egiten ari dira foruzainak Altsasun. Gauez industrialdeak, udal eraikina eta kamioien udal aparkalekua zaintzen aritzen dira.

Hitzarmenari segituz, foruzainak herrian, batez ere, bide segurtasunean zentratu dira. Gaizki aparkatutako ibilgailuak salatu dituzte. Bestetik, Zelandi eskolako sarrera-irteera orduetan trafikoa bideratu dute. Udaletik gogorarazi dute 2018ko agorrilean kamioi batzuen lapurrak ere harrapatu zituztela. Hainbat txosten ere egin ditu Foruzaingoak udalarendako. Ollok azaldu duenez, Udaltzaingoarekin Altsasuren pareko egoerak izan dira Nafarroako beste herrietan eta gobernuarekin sinatutako akordioa eredu gisa erabili dute, esaterako, Corellan.