Los Angelesek Hollywood badu, Altsasuk Gaztewood dauka. Gainera, Altsasuko Gazte Asanbladaren irudimenaz, umoreaz, kritikaz eta gertutasunez betetakoa da gurea. Gaztewood Altsasuko Gaztetxearen film laburren III. lehiaketa herrikoia antolatu zuen aurten Altsasuko Gazte Asanbladak, eta espektatibak apurtu dituela esatera ausartzen ez diren arren, arrakastatsua izan dela argi dago. Iortia kultur gunean egindako aurkeztutako film laburren emanaldietarako sarrera guztiak agortu ziren, baita larunbatean ospatu zuten sari banaketa eta lehiaketaren amaiera galarako sarrerak ere. 800 pertsona baino gehiagok bere arropa dotoreenak jantzi zituzten, bakarrik izarren esku dagoen gau batez disfrutatzeko.
Espektazioa bazegoen. Gaztewood galaren gelaurrean, Burunda frontoiaren sarreran, zabaldu zuten alfonbra gorrian jende pila bat bildu zen izarren desfilea ikusteko. Gainera, Altsasuko izarren pasealekua mustu zuten ere, protagonisten sinadura eta guzti. Alfonbra gorritik, lehiaketara aurkeztutako film laburretako bi protagonista pasa ziren, baita VIP sarrerak zituztenak ere. Galako jantzi hoberenekin agertu ziren gaueko izarrak. Den-dena neurtuta zegoen, ez zen inprobisaziorako puntu bakar bat ere utzi. Edo bai.
Hala ere, gaueko benetako protagonistak Zilarrezko Katixak ziren, Gaztewood-eko trofeoak. Azken finean, glamour horren atzean sari banaketa bat zegoen. Gaztewood lehiaketak ere goi-mailako epaimahaia izan zuen: Nahikari Gonzalez, Beatriz de la Vega, Eva Azpilikueta eta Gorka Angiano. Aurkezleak ere "primerakoak" izan ziren, eta AGAko kideen esanetan "gauzak erraztu zituzten": Juan de la Vega eta Oihana Zubikoa.
Gazteak aktibatzea
Altsasuko Gazte Asanbladaren film laburren lehiaketarekin herriko gazteak aktibatu nahi zituzten. Alde horretatik, beraz, lehiaketa honetan denak irabazle izan dira. Izan ere, AGAko kideek azaldu duten bezala, lehiaketara aurkeztutako 20 film laburretatik ia gehienak Altsasuko kuadrillek eginak ziren, eta, bestela, Sakanakoak. Herrikoi izaera hori lortu dute, beraz.
Baina ezin ahaztu Gaztewood gala sari banaketa bat zela; hortaz, esan daiteke gauak irabazle nabarmen bat izan zuela: Piperoxki kuadrillaren El mundo es tuyo film laburra. Hiru Zilarrezko Katixa eskuratu zituzten: zuzendaritza hoberena, gizonezko aktore ax equo Asier Castellano eta IÒito Cid-endako izan zen eta publikoaren saria ere jaso zuten. Bestetik, film labur hoberenaren epaimahaiaren saria Milakolore elkarteak eraman zuen Arima film laburragatik. Olatz Azazeta izan zen emakumezkoen aktore hoberena Altsasu eta kuadrilla isolatuak lanagatik eta sari berezi bat banatu zuten ere: artista berriaren saria lau urteko Alaitz Razkini eman zioten Lata baten gorabeherak film laburrean egindako "lan izugarriagatik".
Irudimena eta lana
"Hunkitua ez dakit geunden, barrutik bizi duzunean sentimenduak momentu oro puri-purian daude". Hala ere, bai izan ziren bereziki gogoratuko dituzten momentuak, esaterako, artista berriari emandako sari berezi hori "eztarrian korapilo bat jartzen zaizun" horietako bat izan zela esan dute AGAko kideek.
Zilarrezko Katixa trofeoen banaketaren tartean Altsasuko Gaztetxearen historia biltzen zuten lau bideo proiektatu zituzten: zer da zuretzat gaztetxea, okupazioa lehendabiziko urteko errepasoa, errepresioaren errepasoa eta "ekitaldi handiak" deitutako kultura arloan antolatu dituzten jardueren errepasoa. Gogoratzeko beste une bat Porrotxek gaztetxeari buruz esandakoa izan zen, "berak esan zituen guzti hau biltzen dituen hitzak".
Izarren gau bat zen, eta Felix Linares agertu ez bazen ere, bai izan zuen "La gaupasa de..." atala. Bertan, film laburretan harrapatu dituzten gazapoak eta beste hainbat bitxikeriei buruz hitz egin zuten. Oso barregarria izan omen zen. Oso momentu "arrakastatsua" koreografia izan zen. Atzapar rock-ek jarri zuen zuzeneko musika. "Harrigarria da gazte talde honek duen presentzia eta profesionaltasuna". Harro daude AGAko kideak galan tarte hori eskaintzeagatik. Altsasu Justizia eta gaizkileen arteko borroka "ikusgarria" izan zen ere.
Altsasuko Gaztetxearen indarra "beste behin" erakusteko balio izan du film lehiaketak, eta, bereziki, galak. Izan ere, "gazteek" antolatu dutena "harrigarria" izan da. Ilusioa, konpromisoa, irudimena eta lana. Film laburren lehiaketaren atzean lau hitz horien koktel bat dago. Duela hamar urte egin zen II. Gaztewood-a eta listoia oso altu zegoen. Ez dituzte konparaziorik egin nahi. Eta ez dira behar.
Film laburrak, gala eta argazkiak
Lehiaketara aurkeztutako film laburrak ikusteko hamaika aukera izan dira, Iortia kultur gunean egindako emanaldiak, baita Altsasuko tabernetan egindako proiekzioak ere. Hala ere, film laburrak etorkizunerako gordetzeko aukera izanen dela aurreratu dute AGAko kideek. Oraindik ez dakite zein formatutan izanen den, baina film laburrak eta galaren bideoa biltzen dituen euskarri bat aurkeztuko dute. Gainera, galan argazkilari ofiziala izan zen ere, Kiki argazkilaria, eta bertan egindako argazkiak argazkidendan eros daitezkela jakinarazi dute.