"Ofizioarekin jarraitzea harrotasuna bada"

E. Carreño eta E. Ruiz 2019ko eka. 21a, 09:26
Leinena-Mujika familia Portuko okindegian, eta Txomin Leinena argazki zahar batean. UTZITAKOAK

Duela 30 urteko San Joan bezperan Portuko okindegia mustu zuten Txaro Mujikak eta Txomin Leinenak Urdiainen. Urdiaindik Altsasura eta Etxarri Aranatzera saltoa eman zuten, eta orain seme-alabek jarraitu dute okidegiaren ofizioarekin, Edurnek esan bezala

1. Zergatik Portuko izena?
Txaro. Urdiainen okindegia Portuko kalean zegoen eta, gainera, Txomin pasaitarra zen, portukoa, eta portuarekin lotura zeukan. Bere aitak portua begiten zuen lan. Eta Portuko aukeratu genuen.

2. Gipuzkoatik etorri zineten, eta Urdiainen okindegia ireki zenuten. Zergatik Urdiain?
T. Ni Urdiainen jaioa naiz. Nire ama urdiaindarra zen eta bere familia osoa hemengoa zen. Aita Errenteriakoa neukan. Baina askotan etortzen ginen, oporretan eta. Lotura mantendu nuen. Garai hartan krisi ekonomikoa zegoen eta lantegi asko itxi ziren. Txominek eta biok langabezian gelditu ginen. Eta orduan beste hiru sozioekin okindegi bat jarri genuen. Orduan oso modan zeuden Boutique del pan delakoak. Frantzia aldetik etortzen zen ohitura hori. Eta orduan okindegietan ikasi genuen. Orain dela 40 urte edo elkar ezagutu genuen eta han egon ginen urte batzuk lan egiten. Mota guztietako ogiak egiten genituen, artisau bezala. Sozio artean gauzak konplikatzen hasi ziren eta Txominek handik ateratzea nahi zuen. Han okindegia jartzeko ez geneukan aukerarik lokalak oso garestiak zirelako. Eta Urdiainen amonaren etxea genuen eta okindigirik ez zegoenez, Errenteriako etxea saldu eta Urdinen okindegiarekin hasi ginen.

3. Eta horrela sortu zenuten Portuko. Bakarrik etorri zineten?
T. Pausu hori eman genuen, Sakanara etorri ginen. Bi haur genituen. Unaik, txikienak, urte bat zeukan. Hemen etxe zahar bat bilatu genuen eta okindegi txiki bat jarri genuen. Goian bizitzeko pisua egin genuen.

4. Biak okinak zineten?
T. Biak. Nik gehien bat administrazioa eramaten nuen. Ni izatez administraria naiz eta orduan dendaren administrazioa eramaten nuen, dendan lan egiten nuen eta labean laguntzen nuen. Beste bi seme-alaba izan genituen. Baina haurrak Urdiainen heztea erraza izan da.

5. Duela 30 urte orain beste ogi mota zegoen?
T. Mota asko zegoen, eta egiten genituen. Baina azkenean egiten duzu gehien saltzen dena. Izan ere, agian mota bat egiten duzu eta ez da hainbeste saltzen. Hasieran 20 bat mota egingo genituen, eta orain 40 bat daukagu. Gehiago. Guk handik baguette delakoa ekarri genuen, Frantzian egiten zen mota hori, hemen ez zela hain ezaguna. Etxekoak, espigak... Txomini beti gustatu izan zaio noizean behin ogi berriak egitea jendea ez aspertzeko eta horrela mantendu dugu. Etxarri Aranazko denda zaharrean Boutique del pan jartzen zuen.

6. Urdiain herri txikia da. Noiz erabaki zenuten denda zabaltzea?
T. Berehala ikusi genuen gure inbertsioa handia zela, eta Urdiainen ez genuela asko irabazten. Orduan, Altsasun lokal bat alokatu genuen eta han hasi ginen. Hara jende gehiago etortzen zen eta harrera ona izan genuen. Merkatua zabaltzen zen. Asteazkenetan azoka zela eta jende asko etortzen zen eta Txominek pentsatu zuen Etxarri Aranatzen ere jar genezakeela okindegi bat. Zabaltzen hasi ginen eta etxeko labea ere txikia gelditzen ari zen. Europear Batasuneko arauak sartu ziren ere eta ikuskariak atzetik ibiltzen ziren. Orduan pabiloi bat hartzea erabaki genuen. Zangitu aldean egin behar zen poligonoan eskaera egin genuen. Ez zen aurrera eraman eta Altsasun, Ibarrean, hartu genuen eta arau guztiak jarraituz egin genuen.

Edurne. Etxean geneukana zaharkiturik zegoen eta txikia zen. Anai-arrebek jarraitzea erabaki genuenez, zerbait handiagoa hartzea erabaki genuen. Altsasuko pabiloi hori 2013an zabaldu genuen. Urte batzuk pentsatzen egon ginen, eta oso ondo egin genuen. Asko nabaritzen da. Sakana ia osoan ere banatzen dugu ogia. Olaztin denda batean uzten dugu eta Urdiainen harategian.

7. Eta negozioarekin jarraitzen duzue.
T. Harrotasuna bada. Eta Txominendako ere harrotasuna zen. Txomin beti aurretik joaten zen. Beste okindegi batzuk irekitzen hasi ziren, eta Txominek ondoko lokala hutsik gelditu zenean alokatzea pentsatu zuen. Ezer gabe gutxienez bost urte egon ginen. Denda txikia gelditu zen, zaharkitua eta eraikinean igogailua jarri behar zutenez handitu genuen eta kafetegia jarri genuen ere.

8. Gozotegia ere bazarete.
T. Opildegia beti okindegiarekin lotuta egon da. Croissantak, esne opilak... beti izan dira. Gozogintza asko ere daukagu. Tasiori gozogintza gustatzen zaio eta saltseatzen aritzen da. Bera hasi zen gauza berriak egiten. Izan ere, ogia egiteko berotasuna behar duzu, eta gozogintza egiteko hotza. Beraz, gela klimatizatu bat dugu gozogintza egiteko.

9. Nola banatzen duzue lana anai-arreben artean?
E. Ni paperen artean eta dendan egoten naiz. Etxean leku guztietan. Guztion artean ongi moldatzen gara. Larraitz dendan, ni ere pixka bat leku guztietan eta Tasio eta Unai pabiloian ogia egiten egoten dira.

10. Zenbat langile zaudete?
E. Etxeko bostak, Iñakirekin sei eta beste zortzi. Guztira hamalau pertsona. Bada. Ekipo ona egiten dugu, egia esan. Kontentu gaude. Azken finean, urtean bi egunetan ixten dugu bakarrik. Eta ordezkapenak eta oporrak egiteko pertsonala behar duzu.

11. 30. urteurrena. Ospatuko duzue?
T. Orain arte ez dugu ezer egin. Beti lanarekin eta 25. urteurrenean Txomin ja ez zegoenez ospatzeko, ez dugu ezer egin. Egunero lana egin dugu, baina jendeak ere erantzu du. Ogia egin eta jendeak erosten ez badu...
E. Aurten zerbait egitea pentsatu dut. Behintzat jakinaraztea. Negozio txiki bat da, familiarra...

Erlazionatuak