'SinCronica', irakurriko zaituen liburua

Guaixe 2019ko eka. 24a, 12:30
Kike Fernandez de Garaialde filosofoa 'SinCronica' liburuarekin.

Kike Fernandez de Garaialde filosofo altsasuarrak 'SinCronica' liburua argitaratu berri du. Betidanik idazten duen arren, kaleratzen duen lehendabiziko liburua da. Pentsarazteko eta galderak egiteko liburua da: "gizakia esnatu behar da"

Erantzunak baino, galderak aurkitzeko liburua da SinCronica, Kike Fernandez de Garaialde egileak azaldu duen bezala. "Ez dakit zuk irakurriko duzun liburua, edo liburuak zu irakurriko zaituen". Etxeko leihoan hausnartzen ari zen, eta "sinkronikaren" ideia "erori" zitzaion. "Nire asmoa haikuen antzeko zerbait egitea izan da. Hitz gutxienekin askoz gehiago esatea". Hortaz, hainbat narrazio laburretan "gauza asko" bildu ditu Fernandez de Garaialdek. "Mikra batean asko esan daiteke".

SinCronica. El Reloj de los A-horas deitzen da Kike Fernandez de Garaialderen lehenengo liburua. Mikrotrilogia izan nahi duen lehenengo mikrologia dela dio. Argitalpenaren azalean erlojuen artean galtzen den gorputz bat izan daiteke, eta kontraportadan zuhaitz bat agertzen da. Zuhaitz honetako sustraiak neuronak dira. Neurona horiek Fernandez de Garaialderen lanaren hasiera da. Izan ere, 2012an La neurona filosofal blog-a egin zuen eta bertan idatzitakoa publikatzen hasi zen.

Gizakia gauza guztien neurria dela esan zuen Socratesek. Eta hortik hasi zen haren pentsamendua garatzen Fernandez de Garaialdek ere. Friedrich Nietzsche-ren zalea da altsasuarra eta filosofo honen eta beste hainbaten liburuak irakurri ditu. Irakurtzea eta idaztea gustatzen zaio, baita pentsatzea ere. Eta SinCronica-rekin pentsaraztea nahi du.

Nietzsche irakurtzen zuela baina ezin zuela "gainditu" esan du. "Ez nuen erabat konprenitzen". Maria Zambrano topatu zuen arte. Begiak ireki zion Zambranok, filosofo guztiak ulertu eta gainditu zituelako. Horregatik, liburuaren lehenengo esaldiak Zambranorenak dira. "Nik beti filosofia landu dut".

El Circulo Rojo autoediziorako argitaletxean kaleratu du SinKronika liburua altsasuarrak. Izan ere, idaztea gustatzen zaio. Momenturo idazten eta pentsatzen ari dela esan du. Gainera, hizkuntza "haustea" gustatzen zitzaiola azaldu du. "Gaztetan, errebeldia garai horretan, hizkuntza haustea gustatzen zitzaidan". Orain, idatzi "hautsi" horiek hartu ditu eta berregin ditu.

Hitzan sinisten du Fernandez de Garaialdek. Gara egunkaria jaio zenean, Fernandez de Garaialdek goitizen batekin testuak idazten hasi zen eta liburuan garaiko testuak aurki daitezke. Sinkronia bat da. Beraz, gaur egungo testu batekin hasten da, eta duela 20 urtekoak tartekatzen dira. Atenporalak direla dio idazleak: "izenak kentzen badituzu, gaur egun ulertzen dira ere". Izan ere, "lur azpian gelditzen diren neuronak" azaleratu nahi ditu Fernandez de Garaialdek.

"Beti gauza berari inguruan hitz egiten dut". Filosofiatik leku komunera joatea nahi du, "baina oso zaila iruditzen zait". Liburu honekin filosofia gizarteratu nahi du. Oso berezitua den gai hau jendeak ulertzen nahi du. Gainera, lehenengo liburua dela, baina ez bakarra, gehitu du. Hauteskundeen aurretik kaleratu nahi zuen, baina "Sanchezek dena aurreratu zuen, eta izorratu zidan".

"Gau luze batean bizi garela uste dut, eta oso zaila da aurrera egitea". Beraz, autodeterminazio pertsonala lortzeko "basamortu" batetik pasa behar dela dio: "arrazoiarekin paranoiak sortzen zaizkigu eta kontzientzia galtzen da. Aske izateko denbora pila bat behar da berriz".

Pentsatzeko eta pentsarazteko liburu bat da SinCronica. Narrazioak behin baino gehiagotan irakurtzekoak dira, izan ere, azaldu duenez, aldi batean irakurtzean esanahi bat aterako zaio, eta bigarren aldian irakurtzen beste gauza bat interpretatuko dela esan du.  Eta

Sare sozialen zalea da Fernandez de Garaialde. Eta bertan testuak idazten ditu. Jendeak "gustatzen zaiela" esaten du, baina ez dutela ulertzen. "Eta niri horrek gustatzen zait". Izan ere, zerbait piztu zaiela esan nahi du. "Pentsamendu neoplatonikoa da. Bizitzara bota gaituzte eta noraezean gaude. Berriz jakinduria berreskuratzen dugun arte". Eta horretan dago Fernandez de Garaialde. "Esnatze orokor bat egongo dela uste du". Bitartean, kontzientziak esnatzeko liburuak idazten jarraitu nahi du altsasuarrak.