Ospak "errepresio zurrunbiloa" salatu du

Guaixe 2019ko eka. 29a, 11:16

Ospak deitutako manifestazioa.

Salatu zuenez, “altsasuarren gaineko kontrol soziala ikaragarri areagotu egin da”. Guardia Civilaren eta Foruzaingoaren “eguneroko presentzia itogarria” salatu du.

Ospa mugimenduak Foruzaingoa noiz arte. Errepresioaren aurrean, kolektiboaren indarra leloa zuen manifestazioa antolatu zuen larunbatean, 250 pertsona elkartu zituena. “Errepresioak behin eta berriz altsasuarrak kolpatzen ditu”. Hala adierazi zuten Ospa mugimenduko kideek larunbateko manifestazioaren akaberan. “Urte hasieratik 168 kontrol, milaka euro isunetan, identifikazioak, beldurrarazteak, altsasuar bat kartzelara sartzeko arriskuan, patruilak kaleetan zein enparantzetan”. Guardia Civila eta Foruzaingoa “kontrol soziala areagotzen” ari direla nabarmendu zuten Ospako kideek, eta “Euskal Herriaren okupazioak ez du etenik”.

Errepresioaren kontrako mugimenduko kideek Imanol Salinasen kasua nabarmendu zuten: “langile klasearen eskubideak defendatzeagatik, esplotazioari eta miseriari hortzak erakusteagatik 21 hilabeteko espetxe zigorra jaso du. Horretan ere Foruzaingoaren esku zikina dago, hark eraman baitu salaketa aurrera”. Horrek Ospako kideendako “indar autonomikoen izaera errepresiboa agerian uzten du”.

Hiru helburu
“Herri langilearen antolaketaren bidez soilik lortuko diren hiru helburu” markatu ditu Ospa mugimenduak. Aurrena, oinez patruilatzea eta herri barruko kontrolak bukatzea. Bigarrenik “isun politikoekin eta identifikazio arbitrarioekin bukatzea, azken hilabeteetan asko ugaritu direnak”. Ospako kideen iritziz, horiek “herri mugimenduko kideen artean beldurra eta kezka hedatzea da, errepresio bortitza erabili gabe, baina militantzia politikoa ekiditeko helburu berarekin”. Atzeneko helburua da “Salinasen kontrako jazarpenari akabera ematea eta bere espetxeratzea gelditzea”. Guztiagatik “herri antolaketa” aldarrikatu zuen Ospak.
 
Aurretik, larunbat eguerdian, Ospa mugimenduak “autonomietako polizia indarren errepresio izaeraren inguruan hausnartzeko” “autonomietako polizia indarren errepresio izaeraren inguruan hausnartzeko” mahai-ingurua antolatu zuen eta 50 bat pertsona izan ziren.

Salaketak
Larunbatekoengatik CSIF/SPF sindikatuak Fiskaltzara jo du. Sindikatuko kideendako “iraingarriak” eta “oso larriak” diren gertaerengatik ikerketa zabaltzea eta arduradunen kontrako “akzio penal egokiak egikaritzeko” eskatu du. Sindikatuko kideen iritziz larunbateko mahai-ingurua eta manifestazioa “Foruzaingoaren eta gainontzeko segurtasun indarren ohorearen eta izen onaren eta egiten duten lanaren kontra egiten du”.  Nafarroako Gobernuari, bestetik, “behingoagatik Foruzaingoaren defentsa publikoa egiteko eta haren kontrako gorrotoa, aurkakotasuna, diskriminazioa eta indarkeria sustatzen dutenen kontra egiteko” eskatu dio.

APF sindikatuak, berriz, salatu du Osparen deialdiak Foruzaingoaren eta foruzainen “ohorearen eta lanbide-zintzotasunaren kontrako erasoak dira”.  APF “poliziaren lana zalantzan jartzen duten gizarte eta politika jokaeren kontra” agertu da. Altsasuko polizia-etxeko foruzainen eta Altsasun puntualki aritzen diren “lan profesional ona” nabarmendu du sindikatuak. Mari Jose Beamount Barne kontseilariari “halako ekintzen kontrako jarrera publikoa” eskatu diote.