Zonbiak, banpiroak eta momiak euskal iruditegi berria sortzeko

Guaixe 2019ko eka. 28a, 13:18
'Napardeath' pelikularen filmazioaren une bat. KATIHOTSAK

'Ataun of the death' trilogia ikusteko aukera izan zen aurreko astean Kukuerreka elkartean

Zonbi, banpiro eta momia euskaldunak dira Ataun of the death trilogiaren protagonistak. Hain zuzen, Zumalakarregi zonbia, Agirre lehendakari banpiroa eta Antso Azkarra momia dira protagonistak. Katihotsak kolektiboa izan da trilogiaren sortzailea, eta Beñat Iturrioz eta Xabier Padin izan dira zuzendariak. Hala ere, Iturriozek azaldu bezala lan kolektiboa eta auzolanean egina izan da. Gainera, auzolanak eman dio berezitasun handiena filmari, "filosofia horrekin aritu garelako hurbildu zaigu jendea". Emaitza "oso interegarria eta farregarria" izan da. Ostegunean eta ostiralean Altsasuko Kukuerreka elkartean proiektatu eta aurkezteu zuten.

Historia ikasi zuten Iturriozek eta Padinek. Duela bederatzi bat urte arkeologia lanak egiten aritu ziren Ataunen eta trikuharriak bilatzen eta katalogatzen denbora asko pasa zuten. Eta haien artean gustatzen zitzaizkien gauzei buruz hitz egiten zuten. "Besterik ez dugu egiten". B serietako filmak izan ohi zen gai nagusietako bat. "Horren harira sortu zitzaigun, Padinek esan zuen, ez direla zonbi pelikula nahikoak egin, eta beste bat egin behar genuela". Momentu horretan trilogia bat egitea pentsatu zuten. "Star Wars, Eraztunen jauna, Indiana Jones... Trilogiek beste xarma bat dute".

Kultura popularra
Lehenengo filmean -Ataun of the death- Zumalakarregi berpiztuko zuten, bigarrenean -Joxean's Hil Eben- Agirre lehendakaria eta hirugarrenean -Napardeath- Antso Azkarra. Bidean beste hainbat pertsonaia agertzen dira ere. Trilogiaren gaia Zumalakarregi zonbia da, eta boterea lortzeko Eusko Alderdi Banpirikoaren kontra borrokatzen du, eta Iruñeko bidea hartzen du, Urbasatik pasata. Pertsonai historikoak eta korronte historikoak hartu dituzte eta gaur eguneko ukitua eman diote beste "gauza" bat sortuz: "iragana eta gaur eguna nahastu dira". Gainera, "gure zonbiek eguneroko bizitza egiten dute". Jendeak zonbi pelikula gore bat irudikatzen duela azaldu du Iturriozek, aldiz, "ez da gore, ez da zonbi, ez da karlista. Monty Python pelikula batetik gertuago dago, zonbi pelikula batetik baino".

Kultura popularraren hainbat elementu hartu dituzte. "Eszena bakoitzean erreferentzia filmiko pila bat daude". Esaterako, Ataun of the death George A. Romero zinemagilearen Dawn of the dead filmaren eragina izan dute. "Romeroren zonbien filmak politikoak ziren". Dawn of the dead filmean kontsumismoa kritikatu zuen zonbiak merkatal gune batera joaten direlako.

Satira politiko bat da Ataun of the death trilogia, eta, gainera, bromak lurralde bakoitzean ezberdin ulertzen eta interpretatzen direla esan du Iturriozek. Euskal Herriko eta munduko kultura popularra nahastu dituzte. Izan ere, Iturriozek azaldu bezala, "badakigu non dagoen Brooklin eta ez dakigu non dagoen Asparrena, edo OHEak beti etxe zuriaren gainean jartzen dira". Euskal Herriko historioarekin lotutako kondairak ere "kanpoan" sortzen direla esan du. Beraz, Ataun of the death trilogiarekin euskal iruditegi komun bat sortu nahi izan dute.

Fenomenoa
Lagunendako zerbait egiteko nahiarekin sortu zuten Ataun of the death lehenengo filma, baina laster  jendea "deitzen hasi zen" eta lekuetan proiekzioak egiten hasi ziren. Joxean's Hil Ebe bigarren filma etorri zen ondoren, eta lehenengoak izandako akatsak hobetzen saiatu ziren. Napardeath, hirugarrena eta trilogiaren azkena, ekoizpen handiagoa izan da, "ez diru aldetik, baina". Diru gehiena janarian eta edarian joan da, Iturriozek azaldu duenez. "Parte hartzen zuen jendea ongi pasatzea, entretenitzea eta gustura egotea nahi genuen".

"Behin pelikula proiektatzen duzunean ez da bakarrik zurea, gizartearena da eta esanahi hartzen duen zerbait da". Beraz, orain jendeak zer esaten duen itxoiten ari dira, "egin duguna benetan jakiteko".

Euskal Herriko hainbat tokitan grabatu zuten Napardeath filma, tartean, Urbasan grabatu zuten. Gainera, Sakanako jendearen laguntza eskatu zuten eta Altsasuko zenbait pertsonek parte hartu zuten filmean.



Aurreko ostegunean eta ostiralean Ataun of the death trilogia proiektatu zuten Altsasuko Kukuerreka elkartea. Ostegunean lehenengo biak eskaini zituzten eta ostiralean Napardeath hirugarren filma. Gainera, Mikel Alvarez filmaren ekoizleetako bat egon zen aurkezpena egiteko.

Ataun of the death trilogia

  • Ataun of the death (2012). Bi zientzialari karlistek Zumalakarregi berpiztu dute.
  • Joxean's Hil Eben (20014). Zumalakarregik Agirre lehendakaria buru den Eusko Alderdi Banpirikoa garaitzen du.
  • Napardeath (2019). Zumalakarregi zonbia bere burua euskaldun guztien errege izendatzeko helburuarekin Iruñera abiatuko da.