Janaria ez da zaborra

Guaixe 2019ko ira. 29a, 13:04

Batuta SAkana elkarteko Javi Bergera elikagaiei pintxo moduan bigarren aukera ematen.

Elikagai hondakinak murriztu eta prebenitzeko Nafarroako Gobernuak kanpaina du martxan. Alferrik galdutako elikagaien % 42ak etxeetan dauka jatorria.

Nafarroako Elikagaiak Alferrik Galtzearen Kontrako I. Astea ospatzen ari da irailaren 21etik eta 29ra. Hondakinak Prebenitzeko eta Zirkulu-Ekonomia Bulkatzeko Bulegoaren bidez sustatu du Nafarroako Gobernuak “Janaria ala zaborra? Zuk erabaki” kanpaina jarri du martxan. Eta asteazkenean kanpaina Altsasuraino iritsi zen. Azokaren erdian, food truck edo janari-kamioia jarri zuten eta Batuta Sakana elkarteko kideek elikagai soberakinekin prestatutako pintxoak banatu zituzten dohain: ogi zaharrarekin egindako torrijak fruta-marmeladarekin eta gazta, urdaiazpiko eta arrautza frijituak (Altsasuko festetako herri bazkarikoa, Ogitartekotekoa, Lacturale esnekiak, Lizarraga arrautzak eta Lacalle fruta-dendako fruta). 

Hondakinak Prebenitzeko eta Zirkulu-Ekonomia Bulkatzeko Bulegoko koordinatzailea Aintzane Perez Ezkurdiak azaldu digunez, “janari asko botatzen da eta hori arazo bat da. Horrek suposatzen baitu janari hori ekoizteko ura behar dela, argindarra, hainbat ondasun, CO2 isurketak daude… Botatzen den janaria kudeatzeko kristoren beharra dago, eta dirutza xahutu behar dugu”. Perezek gaineratu duenez, janaria botatzea “arazo etiko bat da. Oso gaizki pasatzen ari den jendea dago. Nafarroan 30.000 pertsona dira Elikagaien Bankura doana jatekoak hartzera. Eta, bestetik, arazo ekonomikoa da, dirua xahutzen ari gara”.  

Perezek argitu digunez elikagai xahuketaren ideia 2012an zabaldu zuen Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, FAOk. Erakundeak jakinarazi zuen ekoiztutako janariaren % 30 eta 50 artean bota egiten dela. “Lurralde garatuetan etxeetan botatzen da gehien. Garapenerako bidean daudenetan, berriz, ekoiztean eta garraiatzean”. Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren helburuak eta neurriak martxan jartzeko prozesuaren barruan kokatu du Perezek kanpaina. Plan horren helburuen artean, 2027rako etxeko hondakinen sorkuntza %12 murriztea eta Nafarroan elikagaiak alferrik galtzearen aurkako Plan bat idaztea dago. 

Sakana
Mankomunitateko kudeatzaile Itziar Iribarren Rekartek gogorarazi du “hondakinik onena sortzen ez dena” dela. Janaria “ulertzen dugu ez dela hondakina, beste modu batean aprobetxatu daiteke. Horrela, ez dira hondakin bezala pertz marroira joanen”.  Iribarrenek esan digunez, “janari xahuketa arazo bat da, gero handiago da. Ekimen horren helburua da sormenaz janari horri beste erabilera bat eta beste bizi bat ematea. Hemen bota behar ziren janariekin bestelako jatekoak prestatu ditugu. Dugun helburua da jendeak ikustea janari hori beste gauza batzuk egiteko balio duela”. 

Jatekoak berrerabiliz gero Mank-en Hondakin Zerbitzuak “argi eta garbi” nabarituko lukeela gaztigatu digu Iribarrenek, “egoki banatuta pila bat nabaritzen da. Lan gutxiago jasotzen eta tratatzen”. Eta gogorarazi zuen etxeetan sortzen diren hondakinen % 40 materia organikoa dela. Hori auto eta auzo-konpostaren eta bosgarren edukiontziaren bidez kudeatzen ari da Mank, Nafarroako, Estatuko eta Europako birziklatze mugak bete ahal izateko. Horrekin batera, ibarreko erakundeak hondakinen sorrera eragozteko ekintza plana martxan du. Janari xahuketaren kontrako kanpainarekin bat egiteaz aparte, Kafe Konpondu tailerren bidez tresnen konponketa sustatzen ari da, eta ekitaldi jasangarrietarako protokoloa (baxera berrerabilgarriaren erabilera eta beste) eta erosketa arduratsuari buruzko kanpaina ditu buruan. 

Bestetik, jatetxeetara ere iritsiko da janari xahuketaren kontrako astea. Perezek azaldu digunez, “oraindik jendeari lotsa ematen dio sobratutako jatekoa etxera eramatea. Lotsa galdu beharko genuke. Azken finean, zuk zurea ordaindu duzu, eta platerean dagoena bota egin behar dute. Zergatik ez dugu etxera eramanen eta hurrengo egunean jan? Zurea den jatekoa egina daukazu eta ez zara hondakin bat sortzen ari”. Hori errazteko Nafarroako Hondakinen Partzuergoak jatetxeetan banatzeko 75.000 ontzi berezi egin ditu: “kartoizko poltsa baten barruan berrerabil daitekeen tapper konpostagarri bat dago”.   

Kanpaina Nafarroako Gobernuko Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularraren Sustapenerako Bulegoak, Hondakin Partzuergoak eta GAN-NIKek bultzatu dute, eta Sakanako Mankomunitateak lagunduta, Sakanara gaur iritsiko da. 

Bost aholku 
Elikagaiak alferrik galtzea murrizteko bost aholku: asteko menua planifikatzea, erosketa arduratsua egitea, denboraldiko produktuak erostea, elikagaiak behar bezala kontserbatzea (hozkailua tenperatura egokian izan, erosi berria atzean jarri eta atzekoa aurrera pasa) eta soberan daukaguna sormenarekin erabiltzen ikastea. 

75
Kalkuluen arabera nafar bakoitzak urtero alferrik galtzen uzten dituen elikagai kiloak.  

Erlazionatuak