Pentsio publikoen aldeko “belaunaldiarteko” manifestazioa

Guaixe 2019ko ira. 27a, 11:59
Pentsio duinen aldeko kontzentrazioa astelehenetan, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean.

Larunbatean, 12:00etan, Altsasuko Foru plazatik abiatuta. Deitzaileek pentsiodunak, emakumezkoak, langileak eta gazteak manifestazioan parte hartzera deitu dituzte, “etorkizunagatik ezinbestekoa da batasunetik borrokatzea”.

Sakanako Pentsiodunen, Jubilatuen eta Adinduen Koordinakundeak deituta, pentsio duinen aldeko  manifestazioa eginen da. Koordinakundeko kide Fernando Iriarte Larreak azaldu digunez, “bizitzaren azken etaparako gutxieneko ekonomia eta asistentzia baldintzak sortzea exijituko dugu, lehenik pertsonengan pentsatu behar da”. Koordinakundeak biharko manifestazioa “parte-hartzailea eta, ezinbestean, etorkizuneko ikuspegia duena” izatea nahi du, “inor hotz utziko ez duena”. Horregatik, koordinakundeak manifestazioa “belaunaldiartekoa” deklaratu du. Pentsiodunen ahotsa entzutearekin batera, feministena eta gazteena ere entzuteko aukera izanen da, “euren etorkizunagatik mugitzen ez badira, panorama beltza izanen baitute”. 

Iriartek azaldu digunez, “manifestazioarekin jende gehiagorengana iritsi nahi dugu, asteleheneroko mobilizazioekin bat egin dezaten”. Koordinakundeko kideak azaldu duenez, “jokoan dagoena ez dira soilik gaur egungo pentsioak, batez ere etorkizunekoak dira”. Koordinakundeko kideek gizarte segurantza eta ongizate estatua bera “arriskuan” ikusten dute, “aurreneko mediku kontsultatik, botiken berrordainketatik pasaz, adinduen egoitzekin, dependentzia eta bestelakoekin segitzeko”. 

Egoera izotz-mendiarekin alderatu du Iriartek: “pentsiodunak izotz-mendiaren puntan gaude baina, azpian, Gizarte Segurtasuna eta Ongizate Estatua. Madrilen ez dute ezer egiten. Guk uste dugu Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aukera dutela, eta dirua ere, legalki gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko. Horrela pertsona pila bat pobreziatik ateratzeko, gehienak emakumezkoak. 2010etik ari gara horrekin”. 

Koordinakundeko kideak nabarmendu duenez, “soldata pobrea, pentsio pobrea. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 735 eurotik 900 eurora igotzearekin Gizarte Segurantzaren kutxak diru sarrera nahiko dezente izan du”. Hego Euskal Herriko administrazioek Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurora arte osatzea aldarrikatu dute. 

Iriartek gogorarazi du duela urtebete Gizarte Segurantzaren auditoria eskatu zutela. “Baina Madrilen ez dago borondaterik. Beti daude Gizarte Segurantzari mailegua egin behar diotela esanez. Ez da egia. Gu ez gaude maileguarekin ados. Pentsioak, Gizarte Segurantza eta guztia aurrekontuetan jasotzea nahi dugu. Ez daude sartuta eta Madrildik, beti, erruduntasun kontzeptuarekin dabiltza: guk ez dugu kotizatu, guk ez dugu enplegu duinik… gure errua dela esaten dute. Hori ez da egia. Gezurraren erabilera da hori”. Horregatik, proposatzen dute “beste gastu bat bezala, pentsioak eta Gizarte Segurantza Estatuko aurrekontuetan” sartzea, “armada, errege-familia edo beste asko bezala”. 

Hori lortzeko mobilizazio puntualetatik harago, aldarrikapenak eskuratzeko “aukerak izateko, mobilizazioa sozializatzera” deitu du. Hau da, astelehen eguerdiro Altsasuko udaletxe parean egiten den manifestazioan parte hartzera animatu du jendea. 

Genero ikuspegia
Azken 20 hilabeteetan ezagunak egin dira “miseriazko pentsio publikoen aurrean” pentsiodunek egindako kontzentrazioak. Hedabideetan ikusgarri izan dira zenbaitetan. Ez dena hain ezaguna pentsioen aldeko mugimendu hori abiarazi zuena “emakume talde ausart handi bat” izan zela. 2018an eta 2019an haien egoeran “hobekuntza txiki batzuk” lortu zituzten, “baina oraindik gutxieneko pentsio duina bermatua lortzeko asko falta zaigu”. 

Emakumezkoen “etxeko lanak” Barne Produktu Gordinaren % 51 dela esaten dute adituek. Familia aurrera ateratzeko egindako lan hori kotizatzen ez denez, pentsio eskasak dituzte emakumezkoek. Gauza bera gertatzen zaie azpi-enpleguetan, zaintza lanetan eta bestelakoetan ari direnei. 800 eurora iristen ez den pentsioa edo 400 euroko laguntzako pentsioa. Emakumezkoen pentsioak gizonezkoenak baino %37,5 txikiagoak dira. 

Gizarte patriarkatuan dauden genero desberdintasunen isla eta ondorio. XX. mendeko 70eko hamarkadan Dote Legea zena indarrean zegoen bitartean emakumezko askok eta askok lanpostua utzi behar izan zuten. Altsasuko mugimendu feministako kideek gaztigatu dutenez, “gaur egun emakume pentsiodunok soldata eta kotizazio baxuagoak edukitakoak gara; aldi baterako kontratuak izan ditugu, denbora laburrekoak, gutxiesten diren lanpostuetan, ikusezinak diren zaintza lanpostu gehienetan (neurri handi batean emakume migratzaileek betetzen dituzten lanpostuetan); azpi-ekonomia-pean; beirazko sabaia ezin apurturik; familia zaintzak direla eta lanaldi murritzetan; menpekotasun pean daudenak laguntzeko eszedentzia hartu beharrean aurkitzen direnak… Laburbilduz, gure kotizazioetan ondorio kaltegarria izan duten lanetan ibiliak gara”. Horregatik, 1.080 euroko pentsioa aldarrikatu dute, “bereziki alargunendako eta oso gutxi edo kotizatu ez duten emakumeendako”. 

Altsasuko mugimendu feministatik argitu dutenez, “emakumezkook jasaten dugun diskriminazioa ez da naturaren ondorioa edo gure ahalmen mailaren emaitza, eredu patriarkal baten ondorioa baizik. Bidegabekeria horrek emakumezkoak bizitzaren piramidearen oinarripean kokatzen ditu eta ezegonkortasunaren besoetan uzten du”. Gaineratu dutenez, “gaur egun milaka emakume pentsiodun dago bere zahartzaroan ezin dena hilabete akaberara iritsi, gizarte harremanik ez duena eta kulturaz gozatzeko eskubiderik ez duena”. Emakumezko gazteen egoerei ere erreparatu diete: “lanpostu prekario eta miseriazko soldatekin, bizitza ezin antolaturik dabiltza. Etorkizun goibela sumatzen da eta gure bizitza osoan du eragina”. Lan adin muga 65 urtera bueltatzea eskatu dute, horrela emakumeendako lanpostu berriak sortuko liratekeelako. Azkenik, Altsasuko mugimendu feministak emakumezko guztiak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte. 

Aldarrikapenak
Pentsio publiko duinak bermatzea. “Merezi dugun duintasuna jaso nahi dugu”. 
Enplegu, soldata eta pentsioetan genero arrakala kendu. 
Botiken berrordainketa kendu. 
2011ko eta 2013ko pentsioen erreforma bertan behera utzi. “Kopurua jaitsi, lan-bizitza luzatu eta pentsioak pribatizatzera bideratuta daude”. 
Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea. “Europako Gizarte Kartan jasoa, eta dagoeneko zaharkituta”. 
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izatea. “Soldata prekarioa, pentsio prekarioa. Hori ere Europako Gizarte Kartan jasoa dago”. 
Aurre-erretiroa derrigortua denean, 40 urteko kotizazioarekin aurre-erretiroak ez zigortzea. 
Pentsioen balio handitzea automatikoa izan dadila. “Oinarria, gutxienez Kontsumo Prezioen Indizea izatea”. 
Soldata eta enplegu duinak, langileen baldintzak hobetzeko. “Eta, bide batez, Gizarte Segurantzako Kutxaren diru-sarrerak handitzeko”. 
Familia eta etxeko zainketa lanak, sozialki eta ekonomikoki aintzat hartzea. 
Betidanik emakumezkoek egindako ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida egitea. 
Alarguntza-pentsioaren balioa kotizatzailearen ezkontideak kobratutakoaren % 100 izatea, adin mugarik gabe. 
 
Kontzentrazioak 
Astelehenero, 12:00etan, Altsasuko udaletxe parean. Eta Adinduen Nazioarteko Eguna dela eta,  asteartean pentsio duinen aldarrikapena eginen da Irurtzungo plazan Sasoiak-ek deituta, 11:00etan.