Feriak, azienda eta gehiago

Guaixe 2019ko urr. 18a, 13:57
Zaldiak, behiak, ardiak eta astoren bat ere izanen dira ikusgai Altsasun igandean.

Gaur arratsaldean asteburuko ospakizunei helduko dio Altsasuk. Igandeko ferian zaldi-, behi- eta ardi-azienda izanen da, gehiena sakandarra. 75 postu ere izanen dira.

Abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin sekula galdu ez duen loturaren erakusleiho bihurtuko dira, atzera ere, Altsasuko feriak. Ospakizunen aurren Altsasuko Udalak bi ohar zabaldu nahi izan ditu. Aurrena, etxeko eta familiako ardurak denonak direla. Bigarrenak, ezezkoak ezetz esan nahi duela beti, eta erasoen kontrako jarrera hartu du. Bestela, ferietako etxajua gaur piztuko bada ere, ospakizunak bihar hasiko dira. Peñen herri bazkarian 200 pertsona elkartuko dira. Gainera, festetan parranderoena izan denaren mailot urdina banatzeko baliatuko dute bazkalostea. Peñetatik aurratu digutenez, lau hautagaietatik gehien bildu dituenak %36,9n jaso ditu. Gainontzekoen babesa % 27, 26,2 eta 9,9koa izan da.  Kirol eskaintza zabala du asteburuko egitarauak: kick boxing-a eta boxeoa, Onddo lasterketa ez lehiakorra eta ibilaldia, ikastetxeen arteko krosa, aizkolarien lehia eta taekwondo erakustaldia. 

Altsasu erabat itxuraldatuko da domekan feria egunarekin. Zelai kalean jokatuko den zaldi lehiaketara 70 buru aurkeztuko dituzte 19 abeltzain sakandarrek. Epaileek zortzi mailatan hiruna sari emanen dituzte, baita Altsasuko ale onena saritu ere. Guztira, Altsasuko Udalak saritan 2.890 euro banatuko ditu domekan. Ferialeku kalean azienda erakusketa izanen da. Behiei dagokienez 44 buru izanen dira ikusgai, Senosiaingo batenak eta Sakanako lau abeltzainenak. Latxa ardiei dagokienez, sei artzainen hamar arsaldo ikusgai izanen dira. 

Salmenta postu ugari izanen dira domekan. Gartzia Ximenez kaleak eta Foru plazak nekazaritzako elikagaien azoka hartuko du. Guztira 58 postu egonen dira, 41 kalean eta 17 plazan. Salmahaietan eztia, pastelak, ahatekiak, gazta eta hainbat esneki, txistorra, marmeladak, ogia, txokolatea, garrapiñatuak, txerri hestekiak, euskal txerri hestekiak  eta beste izanen dira. Antolakuntzan aritu den Cederna-Garalaurreko Susana Mendinuetak jakinarazi digunez, “pittaka produktu ekologikoa ere bere lekua hartzen ari da, esaterako: gazta, pastela, ogia, eztia…” Jatekoa ez da bakarrik salmahaietan egonen. Herrian barna taloak erosteko lau postu izanen baitira. Gainera, ohiko azoka izanen da Baratzekobide plazan. Bestetik, erreminten eta makinen erakusketa ere izanen da Otadiako Kristo Deuna kalean, guztira 17 postuk zabalduko dute euren eskaintza. 

Ekoizleen postu horietatik 22 Altsasuko Udalarenak dira. Joan den urtean 10 erosi zituen eta aurten beste 12 mustuko ditu. Udalak standak erosten segituko du hurrengo urteetan, “pittaka-pittaka 58 stand erosi arte”, jakinarazi digu Mendinuetak. Erosketa horiek egiteko Nafarroako Gobernuaren Merkataritza eta Turismo Zerbitzuaren 3.921,66 euroko dirulaguntza jasotzen du udalak urtero. Bestetik, feria aurrera ateratzeko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren 1.920 euroko diru-laguntza jaso du. Helburu berarekin diru-ekarpena egin dute ere Unamuno Pentsuak (1.500 euro) eta Lacunza Calor Group (500 euro). Ferietako aurrekontua 27.700 eurokoa da. 

Egitaraua 
Lastailak 18, ostirala 
18:00etan Etxafuegoa, Gure Etxea eraikinetik. 
18:15ean Haurrendako jolasak eta txokolate-jana, Foru plazan. 
20:00etan Kick Boxing eta boxeoa, Burunda pilotalekuan. Federazioa. 

Lastailak 19, larunbata 
10:30ean XII. Onddo Lasterketa, oinezko ibilaldia, Foru plazatik. Dantzaleku-Sakana kluba. 
11:00etan XII. Onddo Lasterketa, ez lehiakorra, Foru plazatik. Dantzaleku-Sakana kluba. 
12:00etan 40. Ikastetxeen arteko ferietako krosa, Foru plazan. Dantzaleku-Sakana kluba. 
 Altsasuko erraldoi eta buruhandiak, Iortia kultur gunean, 
15:00etan Peñen bazkaria, foru plazan. 
16:30ean Peñen kafea, elkartez elkarteko poteoa eta kalejira. Ibilbidean zehar auzatea. 
 XV. Pirinioko Artzain Txakurren Topaketa, Baratzekobide plazan. Espainiako Pirinioko  Artzakurren Kluba.
17:30etik 19:00etara Bordetxe abere zirkua, Iortia kultur guneko zabalgunean. 
18:00etan Euskal Herriko 2. mailako Aizkolari Txapelketako Finala, Burunda frontoian. Euskadiko Herri Kirol Federazioa. 
19:30etik 21:30era Dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin, Foru plazan. 
20:00etatik 21:30era Peñen jaitsiera eta plazara iristea. 
22:00etan Zezensuzkoa. 
22:00etan Magrak jatea, gaztetxean. Altsasuko Peñak. 
23:30ean Elektrotxaranga. Altsasuko Peñak. 
00:00etatik 02:30era Dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin. 

Lastailak 20, domeka 
09:00etatik 14:30era Zaldi lehiaketa eta sari banaketa, Zelai kalean. 
   Zaldi azoka, Zelai kalean. 
   Latxa ardien erakusketa, Ferialeku kalean. 
   Behi erakusketa, Ferialeku kalean. 
   Nekazaritzako elikagaien azoka, Gartzia Ximenez kalean eta Foru plazan. 
   Erreminten eta makinen erakusketa, Otadiako Kristo Deuna kalean. 
   Azoka txikia, Baratzekobide plazan. 
   Mikologia erakusketa, Garbitoki eraikinean. Altsasuko mikologia elkartea. 
   XXXIII. Argazki Rallya. Altsasuko mendigoizaleak.
   VIII. Sakanako Arte Azoka, Iortia kultur gunean. Artebide taldea.
12:30etik 13:30era Kalejira, Dantza eta Musika Eskolako fanfarrearekin. 
18:30ean Taekwondo erakustaldia, Iortia kultur guneko zabalgunean. Bargagain kluba. 
19:00etatik 20:00etara Hutsun txalaparta taldearen kontzertua, Foru plazan. 
20:00etan Japoniar bonbak, buruhandiak eta zezensuzkoa, Foru plazan. 

Oharra:
Igandean, feria dela eta, autobusak Aita Barandiaran adinduen egoitzaren parean geldituko dira.