Altsasuko feriak argazki kameraren objektibotik

Guaixe 2019ko urr. 18a, 13:46
Argazkilari bat 2018ko ferietan. ARTXIBOA

Altsasuko ferietan, igandean, 34. Argazki Rallya eginen da Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta

Altsasuko ferietako Argazki Rallyaren antolakuntza hartu zuen Altsasuko Mendigoizaleak taldeak 1985ean. Altsasuko Udalak 1970ko hamarkadan argazki lehiaketa bat jarri zuen martxan. Lehiaketak hamar urte inguru iraun zuen, baina antolatzeak "lan handia" sortzen zuenez, bertan behera utzi zuen. Lehiaketan "nahiko jendek parte hartzen zuen", Andres Bengoetxeak Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideak gogoratu bezala. Orduan, parte hartzaileei antolakuntza eskaini zien udalak. Baina hauek ezetz esan zuten, duela 34 urte taldeko bi kideek erronka hartu zuten arte. Igandean, berriz ere, argazkilariak izanen dira Altsasuko kaleetan, ferietan murgilduta, irudi onenaren bila. Gainera, Rallya Herriz Herri lehiaketarako puntuagarria da. 

Izenak adierazten duen bezala, Altsasuko ferietako Argazki Rallyaren gai nagusia feriak dira. Gainera, beste lau gai jartzen dira eta argazkilariek gai horiek irudien bidez islatu behar dituzte. Gaiak egunean bertan aukeratzen ditu antolakuntzak. Argazki rally bat ibilbide jakin batean argazkiak ateratzen egiten den lehiaketa da, nahiz eta Altsasukoan "feriak guztia hartzen du, ez dago ibilbiderik". Hortaz, Argazkilaritza lehiaketa bat da. 

Argazki Rallyaren parte hartzea 08:30ean hasten da eta une horretan kameraren txartela hutsik aurkeztu behar dute. Rallyan hasten direnean bere buruaren argazki bat egin behar dute. Rallya 14:00etan amaitzen da eta ordurako parte hartzaileek 35 argazki aurkeztu behar dituzte. Argazki horietan argazkiaren metadatuak gelditzen dira, beraz, argazkilariek ezin dituzte manipulatu. 35 argazki baino gehiago eginez gero, ezabatu daitezke.  Antolakuntzak argazki horiek deskargatzen ditu, eta ondoren argazkilariek urriaren 24ra arte dute lehiaketara aurkeztuko dituzten bost argazkiak aukeratzeko. 

Ganaduaren hamaika aurpegi
Gai nagusia feriak denez, "argazki gehienak ganaduarenak izaten dira, ohi denez". Hala ere, argazkilaritza "oso konplexua" dela esan du Mendigoizaleak taldeko kideak. Beraz, nahiz eta ganaduaren argazkiak egon guztiak desberdinak dira. "Argiaren eta enkoadraketaren arabera elementu bat argazkietan oso desberdina izan daiteke". 

Argazki Rallya lehiaketa bat baino gehiago ere bada. Horregatik, aurten hamaiketako tertulia antolatu dute parte hartzen duten argazkilariendako. Zubeztia elkartean izanen da, 11:00etatik 12:00etara, eta helburua "argazkilarien topaketa" bat egitea da. Beraz, hamaiketakoa hartzen duten bitartean argazkilaritzaz hitz eginen dute, eta "esperientziak eta aholkuak" elkarbanatuko dituzte. "Argazkilaritza eskola" bat bihurtzen da ere epaimahaiak eztabaidatzen duenean ere: enkoadraketa, argia eta koloreak bezalako aldagaiak hartu behar dituzte kontuan, eta bertan taldeko kideak egon ohi dira, esaten dutenei oso adi eta "asko ikasten" dute. 

Garapen teknologikoa bizi izan dute Argazki Rallyan ere. "Lehen kamera analogikoekin egiten zenez, parte hartzaileek negatiboak ekartzen zituzten eta gero diapositibak bidali behar zituzten. Orain askoz errazagoa da". Gainera, argazkilaritza zaletasunaren gorakada ere bizi dute: "afizionatu asko daude, eta argazkilaritzaz asko ulertzen dute". Bataz beste 30 eta 40 parte hartzaile inguru egon ohi dira. Salbuespenak izaten dira, iaz, esaterako, 13 parte hartzaile izan ziren. "Feriak atzeratu zituzten eta egun horretan beste rally bat ospatzen zen eta zenbait herrietan feriak ziren, gainera eguraldi oso txarra egin zuen". Gehienez 70 argazkilarik parte har dezakete. 

Herriz Herri "argazki lehiaketen lehiaketaren" barruan sartu da Altsasu ferietako Argazki Rallya. Beraz, igandeko rallya puntuagarria izango da. Hala ere, rallyak ere baditu bere irabazleak eta sari banaketa eginen dute azaroaren erdialdean. Rallyra aurkeztutako argazkiekin erakusketa eginen dute azaroaren 11tik 22ra Gure Etxea eraikinean.