Tarima Beltza 'Antzerkiño' jaialdian

Guaixe 2019ko aza. 14a, 11:36
'Madres y pasotas' antzezlanaren eszena bat. ARTXIBOA

Altsasuko antzerki taldeak 'Madres y pasotas' antzezlana eginen du Abadiñoko Errota kultur etxean, azaroaren 16an, larunbatean, 19:00etan

Tarima Beltzaren ama axologabeak zeresan eman du, eta ematen jarraituko du. Azaroaren 8tik 17ra Antzerkiño Abadiñoko V. Antzerki Jaialdia ospatzen ari da, eta Altsasuko antzerki taldeak, urtero bezala, bertan parte hartuko du. Tarima Beltzaren emanaldia larunbatean, azaroaren 16an, 19:00etan, izanen da, Errota kultur etxean, eta sarrerek 3 euroko prezioa dute.

2018ko maiatzean mustu zuen Tarima Beltzak Madres y pasotas antzezlana eta antzerki taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko baliatu zuten. Dario Fo antzerkigilearen bakarrizketa batean oinarritutako lana da. Asun Abadek bost aktoreendako antzezlana bihurtu zuen. Ama bat (Merche Herrera) da obraren protagonista eta aitorlekuan apaizari (Juan Manuel Herrero) egindako aitortza da antzezlanaren haria. Urte asko darama aitortza egin gabe eta horrek bizitza eta bere komeriak errepasatzea eraginen du. Hortaz, eszenatokiaren beste aldean flashback moduan bizitzaren pasarte horiek ikusten dira.

Urtero elkartruke programari esker Tarima Beltza Euskal Herriko zein estatuko zenbait herritan aritzen da, eta, ondoren, bertako antzerki talde amateurrak Altsasura etortzen dira. Lehen hilabete bat inguru irauten zuen zikloa antolatzen zuten, baina gaur egun urtean zehar banatzen dituzte elkartrukeari esker datozen antzezlanak.