Ospa egunean “gorroto delitua” dagoen ikertuko dute

Guaixe 2019ko aza. 22a, 12:54
Epailearen erabakiarekin desadostasuna azaltzeko manifestazioa egin zen joan den ostiralean. @AltsasukoGA

Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi du agorrilaren 31ko ekitaldietan ez dela “terrorismoa goratu” edo indarkeriaren biktimak “umiliatu”. Nafarroako Lurralde Auzitegiaren esku gelditu da gaia.

Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak han Ospa eguneko antolatzaileen kontra zabaldutako auzia Nafarroako Lurralde Auzitegira bidali du. Moreno aurtengo Ospa egunean ez du “terrorismoa goratzerik” edo indarkeriaren biktimak “umillatu” direnik ikusi. Baina “gorroto delitu” posiblea ikusi duenez, auzia Iruñera bidali du han ikertzen jarraitu dezaten. Horren berri izanik, Altsasun Kriminalizaziorik ez, Ospa aurrera! leloa zuen kontzentrazioa deitu zuten joan den ostiral gauerako. Haren ondoren herrian barnako manifestazioa egin zen. 

Dignidad y Justicia elkarteak agorrilaren 31n egitekoa zen Ospa eguna debekatzeko eskaera egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Elkarteak argudiatu zuenez, Ospa egunak ETAren “helburu taktikoa” berregiten du. Hau da, “Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak Euskal Autonomia Erkidegotik eta Nafarroatik kanporatu nahi ditu eta terrorismoaren biktimak umiliatzen ditu”. Fiskaltzaren iritziaren kontra, Morenok ez zuen debekurik ezarri, baina segurtasun indarrei antolatutako ekitaldiak gertutik zaintzeko eskatu zuen, “ez dadin terrorismoa goratu edo justifikatu, edo biktimak iraindu”. Epaileak instrukzioarekin segitu zuen. 

Autoa 
Berri agentziek zabaldutakoaren arabera, Morenok autoan dio antolatutako ospakizunek “beti azpiko ideia eta asmo argia dute: Guardia Civila Euskadi eta Nafarroa utz ditzan, hura errefusatzeko eta haren kontrako giroa sortzea edo elikatzea”.  Ospa egunera dei egiteko pankartak eta kartelak jarri zirela jaso du epaileak autoan. Haietan “Altsasun frankismotik Guardia Civilaren izaera errepresiboa” agerian utziko luketen “ustezko” gertaeren berri ematen zela jaso du epaileak. Guardia Civilaren kontrako “irain handiak” zituzten kartelak eta haiek alde egiteko eskatuz bi puntadun gezi horia zuten pankarta handiak herriko toki esanguratsuetan jarri zirela ere jaso da autoan. Navarra Suma, Vox eta Ciudadanos alderdietako buruen kontrako pankarta handia jarri zela ere gaineratu du. 

Agorrilaren 31ko bazkariak udal baimena zuela jaso du epaileak. Eta, gaineratu du karpan Kalera zihoen pankarta bat zegoela, hitz bakoitzean ETAko preso baten irudia agertzen zelarik. Aurtengo Ospa egunak “errepresio indarrak” alde egiteko “milaka arrazoi maletan” kalejira izan zuen. 14 geldialdi egin zituzten eta bakoitzean gertaera baten berri eman zen, “kalumniazko eran Guardia Civilari egotziak”. 

Morenok dioenez, “Guardia Civilaren kideei, senideei eta Altsasuko gertukoen, eta Guardia Civilaren kontra orokorrean, xaxatze eta jazartze ibilbide historiko eta etengabea da; zabaltzen dituzten argitalpen guztietan erakundea mespretxatzen dute”. Epaileak dioenez, “Ospa mugimendua gorrotoa sustatuz eta zabalduz motor nagusia bihurtu da, ez soilik sare sozial edo Internet bidez, baita herrian barnako pintaketa, kartel, pankarta edo esku-orrien etengabeko zabaltzearekin, deialdiaren aurretik nabarmentzen direnak”. 

Guardia Civilak egindako txostenari segituz, epaileak dionez, “eraso horiek, aldatu ezin duten egoera batek eraginak (guardia civilen seme-alabak ezin dute izaera hori kendu) kolektibo baten oinarrizko eskubideak mugatzen dituzte, euren jarduera pribatua eta ibiltzeko askatasuna baldintzatu egiten ditu gorroto diskurtsoak, elkarbizitzaren oinarriei azpijana egin eta gizarte isolamendua sustatzen duena”.