Kulturgileen "esker ona" adierazteko sariak

Guaixe 2019ko abe. 18a, 12:01
Helena Taberna, ezkerrean, Zinemaldian. VARADOSPELICULA

NIE saria jasoko du bihar Helena Taberna altsasuarrak. Nafarroako Ikastolen Elkarteak zinemagilearen "euskal kulturarekiko eta feminismoarekiko" konpromisoa balioan jarri nahi du sari honekin. 2015ean hasi zen NIE saria ematen.

Helena Taberna zinemagile altsasuarrak jasoko du aurtengo NIE Saria. Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen du saria "euskal gizartearen eta kulturaren alde, euskararen alde eta ikastolen alde" lan egiten duten pertsonei. Josu Reparaz NIEko lehendakariak azaldu duenez, Taberna "bere printzipioekiko leiala izan den emakumea izan da", eta horregatik jasoko du bihar, ostegunean, NIE saria. Ekitaldi "xumea" Nafarroako Ikastolen Elkarteko egoitzan izanen da, Iruñeko San Nikolas kalean, 19:00etan. 

2015ean banatu zuten lehenengo NIE saria. "Beti pentsatu izan dugu esker ona garrantzitsua dela". Hortaz, euskararen alde, ikastolen alde eta euskal gizartearen eta kulturaren alde lan egiten duten pertsonak "balioan jartzea" garrantzitsua zela ikusi zuten Nafarroako Ikastolen Elkartean. "Egindako ekarpena saritu eta eskertu" behar zela esan du Reparazek. 

Euskal kulturaren arloan lan egiten duten pertsonak saritzen dituzte, beraz, NIE sarian. Hortaz, lehenengo saria Jose Mari Satrustegi sakandarrari, Karlos Garaikoetxeari, Jorge Cortes Izali eta Jesus Atxari eman zioten beraien lana eta ikastolen sorreran egindako ahalegin bereziagatik. Ondoren, Aingeru Epaltza idazlea saritu zuten, Mirentxu Purroy zinemagilea eta kazetaria eta aurreko urtean Jose Antonio Sistiaga artista saritu zuten. 

Helena Taberna zinemagilea da aurtengo saritua. Bere printzipioekiko leiala izan delako ematen diote saria, hau da: "Bere jaioterria ez du inoiz ahaztu. Sakanak eta euskal kulturak tokia du bere zinean; kontzientzia euskalduna presente izan du, konpromiso feminista argia du eta bere identitatetik publikoari iristeko gaitasuna du". Gainera, bere lana "modu leunean, gizatasunez betetakoa eta koherentziaz" egiten duela azaldu du Reparazek. Erdigunean emakumeak jarri dituela eta matxismoaren kontrako hainbat planteamendu landu dituela goraipatu du NIEko presidenteak: "ikastolok bat egiten dugu". Taberna "beti euskalzale" agertu da, eta seme-alabak ikastolan ikastikoak dira. "Gure printzipioekin bat egiten du eta egindako ekarpena saritu nahi izan dugu". 

Saritutako pertsonek hezkuntzarekin izan duten lotura baloratzen dute NIEn ere. Hortaz, Helena Tabernaren kasuan hezkuntzan landu egin ahal izateko lanketa berezia egiten duela esan du Reparazek: "Zenbaiti pelikularen inguruan gida didaktikoak prestatu ditu". Ikastoletan film horiek lantzen dituzte, eta Tabernaren figura bera ere lantzen dute. "Emakumeek egindako ekarpena balioan jarri behar dugu". Nafarroako Gobernuak sustatzen ari den programa batean ere emakumeen ikusgarritasunak garrantzia duela azaldu du NIEko presidenteak.

Ekitaldi "xumea" baina hunkigarria izango dela aurreratu du Jose Reparazak. Helena Tabernak hitz egingo du bertan, eta bereizgarri bezala, Ion Barbarin Ihabarren bizi den antzerkigileak "pieza berezi" bat eskainiko du. "Sorpresa bat da".