Zumalakarregi plaza herritarren eskura

Guaixe 2019ko abe. 21a, 12:19
Bi emakumezko Zumalakarregi plaza zeharkatzen.

Lanik handienak despeditu dituzte eta auzokideek dagoeneko erabil dezakete, indi-gaztain zuhaitzak jartzea besterik ez da falta.

Asteburuaz geroztik Zumalakarregi plaza ez dago hesiturik eta auzokideak hura erabiltzeko aukera dute. Bost hilabeteko lanen ondoren plazatik arkitektura-oztopo guztiak desagertu dira. Bakea kalearen parean zeuden zuhaitzak zorua jasotzen zutela eta haiek kendu dituzte eta plazaren hego-ekialdean metalezko pergola bat jarri dute eta hego mendebaldean, berriz, haurrendako jolas parkea. Udalak plazako 2.500 metro karratuak itxuraldatzeko 503.700,75 euro bideratuko ditu. 

49 urte urte atzera 
“Udalak han bizi diren auzokideekin laguntzarekin batera egindako zolatze lanen ondoren, Zabala, eta ederra gelditu da gure <txokoko> Tomas Zumalakarregi plaza”. Hala idatzi zuen Belarrak Diario de Navarran 1970eko garagarrilaren 7an. Urte hartako ilbeltzaren 5ean argitaratutako albisteak kazetariak jakinarazi zuenez, “uste dut aurreneko aldia dela Altsasuko Udalak hirigintza lan bat egiten duena kontribuzio berezia ezarriz”. Antza, Intxostiako zabalgunean eraiki ziren etxeek hainbat urtez ez zuten kontribuzioa hainbat urtez ordaindu beharrik. Horrek udalak denerako diru-baliabiderik gabe utzi zuen. Udal ordezkarien eta 101 auzokideak ados jarri ziren plazari zorua jartzeko. Udal langileekin batera auzokideak auzolanean aritu ziren plazako zorua jartzen. Belarrak jakinarazi zuenez, aurrekontua 200.000 pezetakoa zen (1.202,02 euro). 

Aurretik, Intxostia zabalguneko etxebizitza kooperatibak herri-argiteria bere poltsikotik pagatu zuen. Beraz, 1970ean oraindik ere plazako zorua lurrezkoa zen. Belarrak jakinarazi zuenez, lehenago udalak ideia lehiaketara deitu zituen Nafarroako Unibertsitateko arkitektura ikasleak. Gogoko proposamena aukeratu eta saritu zuen udalak, baina egitasmoa ez zen gauzatu.