Musikaren ahalmenaren berri emateko lana

Guaixe 2020ko urt. 14a, 12:03
'Los acordes de la memoria' ikuskizuna egin zuten Gaiarren Antzokian. UTZITAKOA

'Los acordes de la memoria' dokumentala egiteko mikromezenazgo kanpaina egiten ari da Raul Madinabeitia musikaria. Josefina Arregi klinika psikogerioatrikoan martxan jarritako proiektua kontatuko du ikus-entzunezkoak.

Oscar Wilde idazleak esan zuen musika oroitzapenenetatik eta malkoetatik gertuen aurkitzen den artea dela. Raul Madinabeitia musika katedratikoa iritzi berekoa da. Hainbat ikerketa izan ditu oinarri; azaldu duenez, burmuinaren eskuin aldean oroitzapenak, sentimenduak, emozioak eta abar daude, eta ez da denborarekin hondatzen. Aldiz, burmuinaren ezkerraldean, besteak beste, mugimenduak daude eta hondatzen da. Musikaren bidez burmuinean "sartzeko" aukera dagoela uste du Madinabeitiak, "eta barruan dagoena mugitu". Idei honekin Altsasuko Josefina Arregi klinika psikogeriatriakoan Zure historiaren musika. Musika eta burmuina komunitatean proiektua martxan jarri zuen hainbat tailerren bidez. Proiektuarekin jarraituz ekainean Los acordes de la memoria ikuskizuna egin zuen Iruñeko Gaiarren antzokian, eta, orain, proiektuaren inguruko dokumentala egin nahi dute. Ikus-entzunezkoa aurrera eramateko crowndfunding kanpaina jarri dute martxan.

Zure historiaren musika proiektu oso "berritzailea" dela esan du Madinabeitiak. Musikaren metodologia aktiboak erabili dituzte Josefina Arregi klinikan egindako tailerretan: Dalcroze, Orff, Willems, Kodaly eta, lehenengo aldiz, Soundpainting. "Metodologia bakoitzak bere lan egiteko modua dute". Hortaz, tailer bakoitzean forma desberdinak bilatu dituzte: abestiak kantatu, instrumentuak jo eta abar. Helburua musikaren bidez "haien istorioak kontatzea" da: "haur garaiko istorioak kontatzen dituzte, mugitzen dira, dantzatzen dute...". Proiektua ikertzaile batek zuzendu du. 
Istorio "harrigarria" gertatu zitzaien proiektuaren aurkezpenaren egunean. Tailerrak zuzeneko musikarekin egiten dituzte "beti", izan ere, musikariak azaldu duenez, instrumentuen bibrazioak gorputzean "sartzen" dira eta efektuak dituzte. "Gizon bat zegoen, klinikako pazientea zena, eta oso hunkituta zegoen. Emazteak esan zidan ea senarrak pianoa jo zezakeen. Baietz esan nion. Izenaz ez zen oroitzen, nongoa zen ere ez zekien, baina akorde gutxi batzuk jo ondoren Chopinen Sonata bat jo zuen". Gaiarren egindako ikuskizunean errepikatu zuen.

Musikaren eragina dementzia edo alzheimer bezalako gaixotasunetan eragina duela erakutsi dute. "Ez dugu ikerketa zientifikorik egin, baina emaitzak ikusi ditugu". Proiektuan zehar egindakoa bideoan grabatu dute eta orain dokumentalaren bidez proiektua "zabaldu" nahi dute. "Medikuei erakutsi nahi diegu proiektu eta metodologia hauek eraginkorrak direla". Madinabeitiak azaldu duenez, proiektu "berritzailea" da eta medikuei azaltzen dietenean ez dutela oso ongi ulertzen. Hortaz, "zerbait egitearen beharra ikusi genuen. Modu bakarra zinean eta telebistan ikusi ahal izateko dokumentala zen".

Klinika
Madinabeitiak aspaldi izan du proiektua martxan jartzeko ideia.   "Ricardo Insausti medikua da eta elkarrekin txikitatik txistua jo dugu". Burmuina nolakoa den eta musikak eta sentimenduak nola eragin dezaketen izan da lagunen arteko eztabaida: "Prozesu luzea izan da". Musikaren metodologia aktiboekin aplikatu zitekeela bururatu zitzaion: "modu bortitzean esanda, metodologia hauek burmuinean eskua sartzen dute gauzak ateratzeko".

Josefina Arregi klinikaren historia ezagutu zuenean, "txundituta" gelditu zen Madinabeitia. "Felipe Lezea geratzen ez diren enpresari horietako bat zen: bere jendearengatik lan egiten zuen". Josefina Arregi emaztea alzheimerra zuen, eta ez zuen tratamendurik topatu, orduan, klinika sortzea erabaki zuen. "Jendeak Iruñean eraikitzeko esan zion, eta berak ezetz, dirua bere herrian eta bere jendea zegoen tokian geldituko zela". Historiagatik eta bertan egiten diren tratamenduengatik aukeratu zuen musikariak Altsasuko klinika psikogeriatriakoa. Tailerrak "komunitatean" egin zituzten, izan ere, pazientearen "ongizatea" baina baita senideena ere hobetzen dela azaldu du Madinabeitiak. 
Tailerrak doan egin dituzte klinikak lortuta diru-laguntzei esker, baina dagoeneko amaitu dira: "Horregatik ere egin duguna erakutsi nahi dugu, gehiagotan egin ahal izateko".

Dokumentala
Josefina Arregi klinika psikogeriatriakoan egindako tailerrak, pazienteen senideei eta lagunei egindako elkarrizketak, Gaiarren egindako ikuskizunaren prestaketak eta nondik norakoak... Los acordes de la memoria dokumentalak Zure historiaren musika proiektuaren berri emango du. "Grabatuta dugu baina orain edizioa, muntaia eta musika jarri behar da".

Dokumentala aurrera ateratzeko crowndfunding kanpaina jarri dute martxan Verkami plataformaren bidez. Kolaboratzeko modu desberdinak daude. Hilaren 25era arte egin daiteke ekarpena. Gainera, proiektua Nafarroako Gobernuaren MECNA mikromezenazgoaren barruan dago eta, horri esker, % 80 zerga-arintzea dute parte hartzen dutenak. Dokumentala urte amaieran mustu nahi dute Golem zinemetan eta gero Iortia kultur gunean proiektatu nahi dute ere.