Arte garaikidearen uholdea Nafarroan

Guaixe 2020ko urt. 17a, 13:49
'Uholdeak, mahaira' erakusketa mustu zuten Iortia kultur gunean.

'Uholdeak, mahaira' erakusketa mustu dute Iortia kultur gunean, arte garaikidea Nafarroan sustatzeko eta zabaltzeko izen bereko programaren barruan. Erakusketa ez ezik, besteak beste, bihar, 17:00etan, Leire Urbeltz artistarekin tailerra eginen da.

Maria Ozcoidi arte komisario nafarrak 17 urte Nafarroatik kanpo pasa ditu. "Banoa, hemen ez dago ezer esaten nuen". Arteaz eta arte garaikideaz ari zen Ozcoidi. Izan ere, Nafarroan ez dira ez Arte Ederretako fakultaterik ez Artearen Historiaren fakultaterik. "Atzera begiratu gabe joan nintzen". Denborarekin Huarte Arte Garaikidearen Zentroa sortu zen, eta "gogoak daudela" ikusi du Ozcoidik; "ez bakarrik Iruñean". Hortaz, arte garaikidea Uharte edo Iruñetik "ateratzeko" eta artistak sustatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin Uholdeak, mahaira programa martxan jarri dute Huarte Zentroak eta La Caixa fundazioak. 

Uharte Zentorak komisariotza eskaini zionean Ozcoidik argi izan zuen ez zuela erakusketa bat bakarrik egin nahi. "Erakusketa bat antolatzeko denbora eta dirua behar da, baina gero zer?". Zerbait gehiago behar zutela uste zuen. Programa oso bat. Hortaz, Uholdeak, mahaira bere "osotasunean" ulertu behar da. Ozcoidik berak bisita gidatua eskaini zuen erakusketaren mustutze ekitaldian, aurreko ostiralean; gaur, 19:00etan, Maia Villoten arte eszenikoen erakusletadia izanen da; bihar, larunbatan, Leire Urbeltz ilustratzailearen tailerra eginen dute, eta asteazkenean irakasleek programa hezkuntza baliabide bezala erabiltzeko formakuntza saioa izan zuten. Altsasu programaren hirugarren geltokia izan da, eta erakusketa otsailaren 2ra arte izanen da Iortia kultur guneko erakusketa gelan. Ondoren, Tafallan jarraituko dute arte garaikidea Nafarroatik zabaltzen. 

Ulermena
Arte garaikidearen ulertzeko "zertzeladak" eman behar direla esan du Ozcoidik. Artelanak nondik datozen eta erakusketa horretan egotearen arrazoiak azaldu behar dira. Gainera, alde batetik komisarioaren iritzia dago, "artelanei hitz egiten dudanean artistaren informazioa islatzen saiatzen naiz, baita nire pentsatzeko prozesuaz ere". Uholdeak, mahaira erakusketak kolektibotasunari, lurraldeari, desplazatuei eta etxera itzultzeari buruz hitz egiten du. 

Iruñera itzuli zenean Ozcoidik ez zekien zer aurkituko zuen. Hainbat artista ezagutzen zituela esan du, aurretik haiekin lan egin duelako. Beraz, horiek gonbidatu zituen programa honetan parte hartzera. Gonbidapen bat izan da. Erakusketan Amaia Molinet, Fermin Jimenez Landa, Greta Alfaro, Leire Urbeltz eta Fermin Diez de Ulzurrun artisten lanak daude. 

Arte garaikidea ez dela oso ezaguna esan du Ozcoidik. Gainera, jendeari batzuetan "atzera egiten" diola esan du. "Gure bitartekari lana oso garrantzitsua da. Guztiaren zergatia kontatu behar duzu, artearekiko beldur hori kentzeko". Hala ere, aitortzen duenez, "ez da dena" kontatu behar. "Zertzelada batzuk eman behar dira. Interesa edo zalantza sortu behar da". Uholdeak, mahaira programarekin arte garaikidea Iruñetaik kanpo ezagutaraztea nahi dute: "Nafarroako artistak eta komisarioen prozesuak" ezagutzera eman nahi dituzte. "Greta Alfaroz gogoratzen bazara, primeran. Baina gehiago da ulertzea pentsatzeko beste modu batzuk daudela, artearen bidez egunerokotasuna ikusteko eta islatzeko beste modu bat dagoela". 

Nafarroan mahaiaren inguruan "dena" egiteko eta erabakitzeko ohituratik tira egin du Ozcoidik erakusketaren eta programaren haria bilatzeko. "Mahaira" hori lurraldetasunarekin batzen du komisarioak, baita Iruñera itzuli zenean "sentitu" zuenarekin ere. Prozesu luzea izan dela aitortu du: "Egun batean gauza bat pentsatzen nuen, eta beste batean beste idei bat sortzen zitzaidan". 

Artistak eta artelanak
Greta Alfaroren lanetan argi ikusten da mahaira gaiaren islapena: "Bi lan ditu. Alde batetik, Celebracion deitutakoa. Argazki batzuk dira, eta bertan hainbat familia mahaiaren inguruan agertzen dira. Baina manipulatzen ditu, eta gerturatzen bazara gauza arraroak ikusten dituzu". Alfaroren bigarren lana ikus-entzunezko bat da eta "bankete" baterako gonbidapen bat da. "Baina bat-batean konturatzen zara gu ez garela gonbidatuak". 

Ozcoidi proiekturako ikertzen ari zela, Amaia Molinet artista Baliteke lurrak izan baino lehen zena izan nahi izatea artelana erakusten ari zen Iruñean. "Proiektuarekin guztiz bat egiten zuela pentsatu nuen". Parte hartzea proposatu zion eta baietz esan zuen. Lurraldearen ideiari buruz hitz egiten du Molinetek: "Islandia eta Saharako desertua erakusten ditu". Nafarroako iparraldeko eta hegoaldeko islada. Klima aldaketari buruz hitz egiten du ere Ozcoidik azaldu bezala. "Gai asko erlazionatu daitezke". 

Fermin Jimenez Landak bi pieza erakutsi ditu. Alde batetik, gaiarekin bat egiten dituen bi mahai, kanikaz beteta daudenak. "Ezegonkortasuna" islatu nahi du artistak. Lan hau "beste" Fermin baten lanarekin erlazionatzen du Ozcoidik; Fermin Diaz de UltzurrUnen Maslowen 1.3 Teorema #bokatak artelanarekin, hain zuzen. Bokata bat agertzen da erakusketan, eta bideo batean artista bokata hori jaten ari da. "Fabriketan dauden bokata jateko 15 mintuei egiten die erreferentzia". Sirena bat agertzen da ere, atsedenaldi tarte hori markatzen duena. "Andy Warholek esan zuen artista guztiek 15 minutu izango genituelaren ideia horrekin bat egiten du ere". 

Jimenezek aurkeztu duen bigarren lana lurraldetasuna eta kolektibotasuna adierazi nahi izan du. Lagunekin, neguan, elur bolak hartzera joan zen, udan elur bolak botatzeko festa bat ospatzeko. "Bere lagunekin egin zuen proiektua, eta bere lagunetako asko nire lagunak dira ere. Iruñean aurkitu nuen hori islatzen du". 

Leire Urbeltzek erakusketarako propio sortu duen artista bakarra da. "Mahaira gaia aipatu nionean berak begetariana zela esan zuenean familiak izan zuen erreakzioarekin erlazionatu zuen". Artistaren amonari eskainitako "santutegi" bat da, izan ere, "axuria hiltzen zuten Esan, Leire deitzen da monastegiagatik...".