Jorge Azanza

“Taldeak nola engranatzen duen ikusteko gogoa dut aurten”

Maider Betelu Ganboa 2020ko urt. 31a, 11:29

Euskadi Fundazioa aurten UCI Pro Team taldea izango da, talde kontinental profesionala. UCIren 2. mailan lehiatuko da, Euskadi-Orbea Fundazioa izenarekin. Jorge Azanza zuzendari altsasuarrak atzo hasi zuen denboraldia, Mallorcako Challengean.  

Burunda klubean trebatu zinen txirrindulari, gero Rural Kutxa afizionatuen talde sakandarrean ibili zinen eta profesionaletan Kaikurekin debutatu zenuen, Oscar Guerrero altsasuarraren aginduetara. Oso etxeko kontua, ez?
Bai, Oscarrekin betidanik oso harreman estua izan dut. Gazte garaian jarraitzen ninduen, Rural Kutxan bera zuzendari zela afizionatuetara pasatzeko aukera eman zidan, 4 urte eman nituen bertan eta gero Oscarrekin profesionaletara salto egin nuen, Kaiku taldean. 

Kaikuko maillot arrosarekin baino, Euskalteleko maillot laranjarekin gogoratzen zaitugu gehiago...
2006an lehendabiziko kontratua sinatu nuen Euskaltelekin eta taldearen bukaerara arte bertan eman nituen 8 denboraldi. 

Euskal Herriko txirrindularitzan urrezko urteak izan ziren haiek, marea laranjarenak. 
Bai, hura bizi ahal izatea zortea izan zen. Oso momentu politak bizi izan nituen, baita momentu gogorrak ere. Baina azkenean hori da bizitza, hori da txirrindularitza, eta momentu on bat izateko txar asko pasa behar dira. Horrek ere laguntzen zaitu maila pertsonalean hazten eta pertsona indartsuago egiten, eta horrek ere nire egungo lanpostuan laguntzen nau. 

Txirrindularitza oso kirol gogorra da.
Ez bakarrik gogorra praktikan. Eraman behar duzun bizimodua oso sakrifikatua da. Etxetik kanpo egun asko, ordu askoko entrenamenduak egunero… Gogorra da, baina, nolabait ere, asko betetzen du. Oso polita da gero lasterketa horietan parte hartzea, zure kirolarekin bizimodua egitea; alde zoragarriak dauzka. 

2013ko denboraldia bukatuta desagertu zen Euskaltel, baina 2014an amateur mailako Euskadi Fundazioa entrenatzen hasi zinen. 
Euskaltel desagertzean, 2014 urtean pixka bat deskolokatuta geratu nintzen. Mundu honetan segitu nahi nuen baina ez nuen argi ikusten. Euskaltelen zuzendaritzan aritutako Gorka Gerrikagoitiak deitu ninduen ea Euskadiko Fundazioko afizionatuen taldeko zuzendari izan nahi nuen galdetzeko. Eta ez nuen zalantzarik izan. Horrekin batera, IBEF, Soin Hezkuntzako Unibertsitateko ikasketak berreskuratu nituen.  2 kurtso gelditzen zitzaizkidan, eta haiek bukatu nituen. Nire lanerako asko balio izan dit ikaskuntzak. 

Zuzendari bezala zure lehendabiziko pausuak amateur mailan izatea ongi etorriko zitzaizun.
Bai, garrantzitsua da, maila gorenean zuzenean hasiz gero, akaso zure burua galdua ikusi dezakezulako. Dena den, gurea ez zen talde arrunta; nik erreferentzia zen talde bat hartu nuen, Euskadi, oso talde potentea, baina amateur mailan. Zuzendari amateur moduan 3 urte eman nituen eta 2018an profesionalen kontinental mailara pasatu zen taldea.

Afizionatuen mailako zer balantze egiten duzu?
Oso polita. Hor jabetu nintzen txirrindularitza zuzendari izatea pila bat gustatzen zitzaidala. Esan dizudan bezala, 2014ko hasieran ez nuen oso garbi, baina hasi nintzen eta ikusi nuen hori zela nire bokazioa, zuzendari izatea eta mutilekin egotea. Amateur maila zoragarria da txirrindulariak 18 urterekin hartu eta 22 urte bitartean hor izaten dituzulako. Formazio garaian daude, eta tarte horretan oso garrantzitsua da zure zuzendaria. Ni asko inplikatu nintzen. Orain, profesionaletan, ezberdina da. Txirrindulariekin ez duzu ia eguneroko kontaktu hori, bakarrik lasterketetan zaude beraiekin. 

Amateur mailako "seme" horiek, guztiak hazi zaizkizu (kar, kar...)
(Kar kar...) Nik, egia esan, hala sentitzen nuen, beraiekin egiten duzun lotura oso estua da. Ordu asko sartzen dituzu beraiekin, lasterketa asko, hotel eta bidai askotan egun asko... Oso polita da baina oso estresagarria ere. Beti hemendik hara, batekin, bestearekin... 15-20 txirrindulari ziren eta guztiek zituzten euren arazoak, fisikoak, pertsonalak... eta zu gertu, beraiei laguntzeko. Polita da baina oso lanpetuta ibiltzekoa ere. 

Aurten salto potoloa eman du taldeak. Euskadi-Orbea Fundazioa izenarekin lehiatuko zarete UCI-ko 2. mailan.  
Bai, UCI-n (“Union Ciclista Internacional” delakoa) Fundacion Euskadi-Orbea izenarekin agertzen da gure taldea. 

Profesional mailan nola aldatu da zure zuzendari lana? 
Txirrindulariekin duzun loturak estua izaten jarraitzen du, baina lasterketetan gaudenean egoten gara soilik elkarrekin. Bestalde, amateur eta kontinental mailetan nengoenean talde guztiaren prestatzaile fisikoa nintzen; orain prestatzaile fisiko bezala 7 txirrindularirekin nago. Zazpi txirrindulari hauen prestakuntza fisikoaz arduratzeaz gain, staff edo lan talde guztia antolatu beharra dut. Finean, taldeko kudeatzailea naiz. Guztia antolatu behar dut, lasterketekin harremanak egin, izena emateak kudeatu, bidaiak antolatu.... Honek lan asko dakar, ez baita bakarrik lasterketa bat egin eta listo, lasterketa batetara joan baino lehen jada hurrengoa prestatzen ari zara: nola eramango ditut autoak, bi talde antolatu batzuk Andaluziara doazelako eta besteak Algarvera... Hori guztia lotzeko eta engranatzeko antolaketa handia dago atzean, eta jende asko behar da. Iaz staffean lau langile geunden bakarrik: bi masajista, mekanikari bat eta ni. Egun, 11 pertsona finko gaude staffean lanean eta egun zehatzetan etortzen diren beste batzuk ere. Nire egitekoa da guztia antolatzea, baina partzela bakoitzean, beste arduradun batzuk daude. Esaterako, masajistak arduratzen dira materialez, lasterketetan garbigailuak antolatzez, masajeak ematez, hornidurak prestatzez… staff oso konpetente bat dut eta oso lasai nago arlo horretan. 

Proba bakoitzera doazen txirrindulariak ere zuk aukeratzen dituzu.
Bai, kirol arloko arduraduna naiz. Hortaz, kirol arloan ematen den guztia da nire betebeharra: zein karreratan ariko garen hautatu, zein talde eraman lasterketa batera edo bestera... 

Eta zein dira aurten zure esanetara dituzun harri bitxiak?
Txirrindulari oso kontrastatuak fitxatu ditugu, indartsuak, profesionaletan lasterketak irabazi dituztenak, Juanjo Lobato esaterako, edo Ruben Fernandez. Euskaldunen artean Mikel Bizkarra, Mikel Iturria eta gazteetatik nirekin trebatu direnak daude, etorkizunerako oso ondo prestatuak daudenak: Gotzon Martin, Ibai Azurmendi, Unai Cuadrado, Txomin Juaristi... Ez naiz batekin gelditzen zeren talde honen puntu indartsuena hori da, egitura solido bat dela. 

Beraz, kontentu zaude duzun taldearekin.
Bai, oso pozik. Niretzat nire taldean daudenak beti dira hoberenak, bai txirrindulariak eta bai staffeko langileak ere, eta hala transmititzen diet beraiei: Horrela motibatzen badituzu, asko ematen dute guztiek. 

Mikel Landa talde laranjan sartzeak Euskadi Fundazioa indartu zuen. 
Guztiz, fundazioarendako errebultsibo bat izan zen. Mikel Landarekin harreman oso estua nuen. Taldea amateurrean zegoenean apenas zuen laguntzarik, noraezean zebilen. Berarekin eta bere managerrarekin bildu eta esan nien beraiek taldean sartuz gero, ziurrenik horrek jendearengan ilusioa berpiztuko zuela eta hala izan zen. Landak ez zuen taldean sartzeko inolako zalantzarik izan eta gaur egunera arte. Lehen urtean pausuak eman ziren taldea kontinental mailara pasatzeko eta aurten pausua eman da profesional mailara pasatzeko.        

Aurreko asteartean egin zenuten aurkezpena San Mamesen, eta Espainiako Vueltako gonbidapena lortzeko nahia jarri zenuten agerian...
Bai, Vueltako gonbidapena buruan sartuta dugu, eta lehendabiziko lasterketatik buru-belarri egongo gara oso talde lehiakorra eta konpetentea dugula erakusten, Espainiako Vueltan toki bat izateko. Badakigu ez dela erraza izango, baina guk dena emango dugu, ahalik eta hobekien lehiatuko gara, eta gonbidapenak emango dituztenei erakutsiko diegu gure taldeak gonbidapen bat eskuratzea posible duela. 

Iraganetik ezin da bizi, baina nazioarte mailan euskal txirrindularitza asko baloratzen dute eta horrek ere eragina izango du, ez?
Gurea ez da talde berri arrunt bat. Aurretik bizitakoa hor dago. Atzerrian esaten baduzu Euskaltel berria garela edo Euskaltel izandakoa berreskuratzear gaudela, jendeak ezagutzen zaitu eta horrek ateak irekitzen dizkizu. Egutegia lotzen ari gara, baina lasterketa oso indartsuek gonbidatu gaituzte. Hori poztekoa da, eta horrek motibatzen zaitu zure lana ahalik eta egokien egiteko. 

Noiz hasiko zarete?
Gure talde bat Argentinan dago, igandetik San Juan Tourrean lehian. Ni Mallorcako Challengean hasiko naiz, aste honetan (atzo). 

Urduri zaude?
Gogo asko ditut hasteko. Denboraldi hasieran beti ilusioa izaten dut, baina aurten taldeak nola engranatzen duen ikusteko gogoa dut, ea lehen egunetik nola ibiltzen den. Hori da nire ardura, lehen momentutik mailarik altuena ematen saiatzea, dinamika hori hartu eta horretan jarraitzea. 

Eta hau guztia nola uztartzen duzu familiarekin?
Nire familiak badaki nirea txirrindularitzarekin pasioa dela; lana izateaz aparte munduan gehien gustatzen zaidana da txirrindularitza eta bere mundua. Lasterketak egingo ditut, baina nagusienak. Kudeaketaz arduratuko naiz, ahal dudana etxetik ariko naiz. Etxean ulertzen dute, eta nirekin daude 100 bider 100. Zoriontsu naiz, baina badakigu honek buelta eman dezakeela, onera eta txarrera. Hortaz, eguneko lana da garrantzitsuena.