Udalak ia 8 milioi euroko aurrekontua onartu du

Guaixe 2020ko mar. 3a, 12:15

Geroa Bairen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin onartu zen 7.974.720,89 euroko aurrekontua aurreko astean, udala, Aita Barandiaran adinduen egoitza eta Musika eta Dantza eskola hartzen dituena. Udalak tasak eta zergak% 2,2 igo ditu. 

Altsasuko Udalak aurrekontuak onartu ditu. Javier Ollo Martinez alkateak berak azaldu zuenez, “askotan aurrekontu-aldaketen bidez, aurrekontuaren edukia hobetu daiteke. Bada, urteko bigarren seihilekoan hainbat inbertsio eginen dira, eta inbertsio horiek, gure aurrekontuaren konfigurazioagatik beragatik, ezin dira bertan sartu onartzeko momentuan”. Aurrekontuan jasoak ez dauden baina etorriko diren inbertsioen artean daude, besteak beste: urteko asfaltatze-plana, baso-lanen garapena, parte-hartze aurrekontuak, Zumalakarregi plazaren ondoan ibilgailuen aparkaleku publiko bat egitea, udako igerilekuetan dauden gorabeherak konpontzeko beharrezko lanak, pintatze-lanak Zelandi eskolako lehen solairuan edo Foru plazako eta Alde Zaharreko herri-argiteria  berritzea. 

Udalak urte erdirako kontratua eginen die zortzi langabeturi. Horretarako, 38.430,00 euroko diru-laguntza jasoko du Nafarroako Enplegu Zerbitzutik. Bestetik, Ollok aurreratu zuen udalaren hitzarmen kolektibo berria lantzen hasi direla, “gure langileen lan-baldintzetan aldaketak edo hobekuntzak sartzeko”. Hitzarmen kolektibo horretan sartu nahi dituzte haur eskolako hezitzaileak eta garbitzaileak ere. Haur-eskolen egungo hezkuntza izaera gogorarazi zuen alkateak eta Hezkuntza Departamentuari hezkuntza-zerbitzu horren kudeaketa bere gain hartzea eskatu zion. 

Inbertsioak 
Udalak aurten eginen duen inbertsio handiena Ibarrea industrialdean eginen du: 400.000 euro. Joan den urtean hasitako lanei segida eta akabera emanen die eta, horrela, industrialdeko hondakin-urak bideratzeko sarea jarriko da. Lan horietarako Nafarroako Gobernuak 250.000 euro emanen dizkio udalari. Inbertsioen ataleko 80.000 euro Zelandi eskola publikoko teilatuaren zati bat berritzera bideratuko du. Udalak % 65eko diru-laguntza jasotzeko eskaera egina du dagoeneko. Geroa Bai eta EH Bilduko udal ordezkariak Hezkuntza Departamentuarekin kexu azaldu ziren, ikastetxeetan inbertsioak berak egin behar lituzkeelako eta ez udalak. 

Altsasuko Udalak, eraikinetan inguratzaileak birgaitzeko jarduketak egitea sustatzeko, Esku-hartze Globaleko lehen Plana idazteko 3.000 euro bideratu ditu. Planak aurreikusten du udalak diru-laguntzak emanen dituela eta, horretarako, 25.000 euro bereizi ditu. Hirigintza arloari dagokionez, alkateak aurreratu zuen Isasia industrialdearen plan partziala aldatuko dutela, industrialde hori zaindu eta mantentzearen ardura udalak izanen duela zehazteko, hura garatu zuen sozietateak ez baitu egin. Ollok nabarmendu zuenez, “herri-argiteria zerbitzurik ez duen industrialde bat izatea anomalia nabarmena da”. 

Egitasmo gehiago 
Udaletxea birmoldatu eginen da. Zehazki, bulegoak berritu, udaletxeari erantsitako lokalean  Udaltzaingoaren aldagela jarriko da eta beheko solairuan artxibo berria eginen da, egungo eraikinaren atzealdea okupatuz. Lan horien erredakziorako 17.424 euro daude aurrekontuan. Altsasuko espazio publiko batean pergola bat jarri edo hura estaliko duen instalazio  finko bat egiteko proiektua idatziko da aurten. Horretarako, 16.940 euro daude. EH Bilduk aurkeztutako emendakina atzera bota zen, baina asmo berarekin Geroa Baik aurkeztutakoa onartu zen. Koalizioak 45.000 euro jartzea eta parte-hartze prozesu baten bidez garatzea eskatu du. 

Joan den urtean 46 altsasuar elkarrizketatu zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta haien bidez herriko materia gabeko ondarea jasotzeko. Udalaren 16.085,74 eurorekin elkarrizketa horien azterketa, indexazioa, aurkezpen publikoa eta proiektuaren entrega eginen dira. 
Bestetik, Udaleko Memoria Historikoaren eta Bizikidetzaren Batzordean plan bat egiteko proposamena laster aurkeztuko da, “gure udalerriari bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko esparru iraunkorra emanen diona, eta Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak horretarako onartzen duen urteko deialditik abiatuta diru-laguntza bat eskuratu ahal izanen duena”. Batzorde horren baitan ere, Gerra Zibilean, gerraostean eta diktaduran Altsasun emakumeak izan duen figurari buruzko azterketa bat finantzatzeko diru-saila sartu da, EH Bilduk horretarako emendakina aurkeztu zuen. 

Diru-laguntzak 
Herriko ikastetxeendako 2020-2021 ikasturteari dagokion diru-laguntzen deialdiak 25.000 euro izanen ditu. Ollok jakinarazi zuenez, “joan den urtean Iruñean egin ziren Ikaskuntza eta Zerbitzu sistemari buruzko Estatuko jardunaldietan antolakuntzak positiboki baloratu duela diru-laguntzen deialdi hau, eta, zehazki, ikastetxeek hezkuntza-proiektu berritzaileak egiteko diru-laguntzetara bideratutako zatia”.

Erakunde soziokulturalen artean 20.000 euro banatuko ditu udalak. Badira diru-laguntza gehiago: 
irabazi-asmorik gabeko erakundeendako (8.000 euro), gizarte-lankidetzako proiektuendako (7.000 euro) eta nazioarteko larrialdietarako laguntzak (1.000 euro). Bestetik, DYA-rekin zerbitzuak emateko kontratu ordaintzeko 3.500 euro aurreikusi dira. Bestetik, La Unión jubilatu elkartearekin udalak duen hitzarmenerako 13.857 euro daude aurrekontuan. Eta beste 34.000 euro etxerik gabeko pertsonendako aterpetxea kudeatzen duen erakundeari pagatzeko. 

Udal-kirol eskolak kudeatzeko kirol-klubekin egindako hitzarmenen zenbatekoak, Berdintasun, Ludoteka eta Gazteria arloetako kopuruak mantendu egin ditu. Era berean, kultura-jardueretarako partidak (69.000,00 €), jaiegunetarako partidak (34.000,00 €) eta jaien programaziorako partidak (60.000,00 €) mantendu dira.

Ez-adostasuna 
Oposizioan den EH Bilduk aurrekontuen kontrako botoa eman zuen. Javier Paz Miño bozeramaileak esan zuenez, aurrekontuen  proposamena “hutsa eta ekimenik gabea” zela adierazi zuen. Gaineratu zuenez, “jasotako ekimen bakarrak EH Bilduk egin dituenak dira, nahiz eta Geroa Baik bereak balira bezala pasarazi (antolaketa-azterlana, udaletxearen eraberritzea, pergola, aparte baztertu dituzten gure zuzenketa guztiak)”. Pazek azaldu zuenez, “alkatetzaren zirriborroa eta azken lau urteetako aurrekontuen bilakaera aztertu ditugu, eta horren emaitza dira aurkeztutako zuzenketak”. 

EH Bildutik “alkatetzak udal-gaiak kudeatzeko duen modu pertsonalista” salatu zuen. Herritarren parte hartzeak “alergia” sortzen diola gaineratu zuen. Pazek arabera “Altsasu ekimena duen herria da, lanerako gaitasuna duena eta parte hartzeko gogoa duena, baina beharrezkoa da parte-hartze hori ahalbidetuko duten beharrezko mekanismoak eta espazioak gaitzea”. Koaliziotik ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzak helburuak betetzen dituen hausnartzeko eskatu zuen, baita merkataritzari buruzko sektore mahaia osatzea dendari, kontsumitzaile, alderdi eta abarrekin. Azkenik eskatu zuen isunen bidezko diru-bilketa udalak kudeatzea eta soilik Geserlocal enpresaren bidez kudeatzea ez ordainketak, “gainerako udal arloetan egiten den bezala”. 

Beste inbertsio batzuk 
Lorategi eta mendietarako makineria 25.000 euro. 
Kaleak konpontzeko 23.000 euro. 
Udalaren Antolakuntza Azterlana egitea 18.150 euro.
Azienda feria 18.000 euro.
Bideen mantentze-lanak 15.000 euro. 
Azoketarako standak 10.000 euro.
Hiri-altzariak berritzea 7.000 euro.
Garabia-zerbitzua 7.000 euro. 
Gazteria Zerbitzurako ekipamendua 5.750 euro.
Dantzalekuko igerilekuetan obrak egiteko proiektua idaztea 5.000 euro.
Isasia industrialdeko argiteria publikoko instalazioaren egoerari buruzko azterlana idaztea 5.000 euro.
Ekintzailetzarako laguntzak 4.000 euro.
Kamioien udal-aparkalekuan segurtasun kamerak jartzea 3.900 euro. 
Zelandi eskolan suteen kontrako sistema berria jartzea 3.715 euro. 
Pilotajaukuko udal biltegian intrusioaren eta suteen aurkako sistema jartzea 3.675 euro.
Alde Zaharrean argiteria publikoa berritzeko proiektua idaztea 2.500 euro. 
Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendi eta Ingurumen Batzordearen jarduerak 2.000 euro.
Musika eta dantza eskola eta gaztetxokorako desfibriladoreak 1.515 euro. 
Haur-parkeak mantentzea 1.500 euro.

19.000 euro 
Altsasuko Udalaren herri-argiteriaren gastua jaitsi dena zenbait tokitan LED argiak jarri ondoren. Egun 93.000 eurokoa da.