Joseba Beltran de Heredia

“Entrenatzen jarraitzeko motibatuago nago”

Maider Betelu Ganboa 2020ko ots. 28a, 12:17

Joseba Beltran de Heredia Fernandez altsasuarra Sakana Igeriketa Taldeko kidea da eta asteburuan Euskal Herriko Haurren Mailako Neguko Txapelketan aritu zen.

Irungo Azken Portu igerilekuetan jokatu zen txapelketa eta 30 klub inguruko haurren mailako 200 igerilari inguru lehiatu ziren. Beltran de Heredia Sakana Igeriketa Taldeko ordezkari bakarra zen. Lan ona eginda, esperientzia oso ona izan dela aitortu du.

Sakana Igeriketa Eskolan trebatzen zara?
Bai, 60 neska-mutiko inguru trebatzen gara, gutxi gorabehera, Sakana Igeriketa Eskolan. Mikel Galan da gure monitorea; oso irakasle ona da. Altsasuko Zelandi igerilekuetan entrenatzen dugu. Ni haurren mailan aritzen naiz. 

Besteak beste krol edo estilo librea, bularra, tximeleta, bizkarra, erreleboak… dira dauden igeriketa estiloak. Guztiak lantzen dituzu?
Bai, guztietan aritzen naiz, baina hobekien tximeletan aritzen naiz. 

Esaten dute tximeleta gogorrena dela...
Beno... entrenatzen duzunaren arabera. 

Zenbat entrenatzen duzu?
Astean lau egun, egunero bi ordu. 19:30etik 21:30ak arte entrenatzen dugu Sakanako Igeriketa Taldekoekin, eta batzuetan nire kabuz joaten naiz. Azterketekin nagoenean gogorra egiten zait, baina, bestela, ez. Oso ondo pasatzen dugu. 

Normalean zein lehiaketa edo probatan aritzen zarete?
Nafarroako Igeriketa Federazioak antolatzen dituenetan, Nafarroako Txapelketetan, Nafar Kirol Jolasetan. Joan den urtean txapelketako proba bat Altsasun jokatu zen, eta aurten ere jokatuko da.  Eta asteburuan Euskal Herriko Haurren Mailako Neguko Txapelketetan aritu nintzen, Irunen. 

Eta bertan aritzeko probaren bat egin behar izan zenuen aurretik?
Denbora gutxieneko batzuk, marka batzuk egin behar dira bertara sailkatzeko. Nik otsailaren 8an jokatutako Nafarroako Txapelketan lortu nuen gutxieneko hori, 400 m libreetan. Horretarako asko entrenatu nuen, eta Mikel irakasleak ongi entrenatzen asko lagundu ninduen. 

Euskal Herriko Neguko Txapelketan zein modalitatetan aritu zara?
100 m krol edo estilo librean, 100 m tximeletan eta 200 m tximeletan. Gu aritzen garen Nafarroako ohiko txapelketekin alderatuta, aldaketa asko nabaritu nuen, maila gehiago. Nafarroan tarteka 10 lehenengoen artean egoten naiz, baina Euskal Herriko Txapelketan ongi ibili nintzen, espero baino hobe. Nire adineko igerilariekin alderatuta, batzuetan laugarrena, bigarrena ere ibili nintzen. Egia esan, gehiago entrenatu dut, eta nabaritu da. 

Zein denbora egin zenituen?
100 m estilo librean edo krolean 1:02 minutuko denbora egin nuen, eta uste dut 18. postuan sailkatu nintzela. 100 m tximeletan 1:10 minutuko denbora egin nuen, sailkapen orokorrean 10. postuan. Eta 200 m tximeleta uste dut egin nuela 2:28 edo 2:35 minututan, halakoren bat. Egia esan, kontentu nago egindako lanarekin. Pentsatzen nuen okerrago ibili behar nintzela. Presioa banuen, baina gero ongi moldatu nintzen. 

Hortaz, balorazio positiboa egiten duzu.
Bai, pozik nago egindakoarekin. Esperientzia honek erakutsi dit asko entrenatu beharra dagoela maila izateko, gainontzeko igerilariei jarraitzeko, eta aldaketa handia dela. Esperientzia oso ona izan da, oso ongi pasatu nuen. 

Beraz, gehiago entrenatzen jarraitzeko motibatuta etorri zara. 
Bai. Igeriketa gustuko dut, taldeko gainontzeko kideekin entrenatzen oso ongi pasatzen dut, lagunak gara, giro oso ona dago taldean eta entrenatzeko gogoz nago. 

Zein da zure hurrengo erronka?
Nafarroako Txapelketan eta bertako probetan jarraitzeaz gain, atzera ere Euskal Herriko Haurren Mailako Txapelketan arituko naiz, baina kasu honetan ekaina bukaera aldera jokatuko den Udako Txapelketan. Badakigu maila handia dagoela bertan eta gure taldea, Sakana Igeriketa Taldea, xumea dela, baina gogoa ez dugu faltan. 

Espainiako Txapelketetan aritzeko eskatzen dituzten markak edo gutxienekoak urruti ikusten dituzu?
Bai, oso urruti. 

Zein da zure idoloa igeriketan?
Mireia Belmonte. Gustatzen zait nola egiten duen igeri, bere estiloa, eta horretaz gain bere izaera eta nortasuna. 

Michael Phelps, Ian Thorpe... eta halako puntako kirolariak erretiroa hartzen dutenean egoera berrira ezin kokatu egoten direla uste duzu?
Izan daiteke. Ahal duten guztia entrenatu dute eta adinagatik ezin dute gehiago hobetu. Gogorra egingo zaie.

Sakana Igeriketa Kluba Nafarroa mailan nola kokatuko zenuke?
Nafarroan igeriketa talderik onena Amaya da. Talde handia da, 200 igerilari inguru izango dituzte. Lagunak taldea ere ona da. Sakana Igeriketa Taldea, gure kluba, txikia da, eta Nafarroan erdialdean edo egongo gara kokatuta. 

Horrenbeste denbora igeri egiten duzuenok, azalean arazorik izaten dituzue?
Nik azkura asko izaten dut eta krema hidratatzaile asko bota behar izaten dut. 

Zorte asko Joseba, datozen probetarako!
Eskerrik asko!