Tearen uda-gau bateko ametsa Altsasun

Guaixe 2020ko mar. 9a, 13:13
'Tea eta uda-gau bateko ametsa' erakusketa Iortia kultur gunean.

Tea en la azotea artistaren 'Uda-gau bateko ametsa' erakusketa mustu dute Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan. Oihalekin egindako eskultura txikiekin William Shakespearren obraren interpretazioa egin du artistak

Tea en la azotea Gabriela Barrio artistaren alter egoa da, eta, aldi berean, Tea oihalezko panpina bat da. Tea mundu fantastiko batean bizi dela azaldu du Barriok, baina, aldi berean, mundu errealean dago. Uda-gau bateko ametsa Shakespeare lana ezagunean bi mundu horiek agertzen direla azaldu du artistak: "Alde batetik, errealitate bat dago non artisauak, Atenasko errege-erreginak, maitemindutako bikoteak eta abar agertzen diren. Bestetik, fantasiazko mundu bat agertzen da: maitagarriak, iratxoak...". Hortaz, Tea en la azotearen filosofiarekin bat egiten ziola pentsatu zuen. Tea eta uda-gau bateko ametsa oihalezko panpinen erakusketa mustu dute Iortia kultur gunean, eta hilaren 27ra arte izanen da erakusketa aretoan. 

Literatura, historia eta "horrelako materiak" modu berezian irakasten ditu Barriok. Oihalezko panpinak erabiltzen hasi zen. Gainera, panpinak birziklatutako oihalekin eginak daude, "lortzen ditudan oihalak, ematen dizkidatenak... batzuk kalitatezkoak dira, zeta eta abar". Uda-gau bateko ametsa erakusketan, aldiz, panpinak baino "birziklatutako oihalekin egindako eskultura txikiak" dira. Izan ere, ez dira ukituak izateko sortu, baizik eta "ikusteko, begiratzeko, detailetan ohartzeko". Tea "benetako" panpina bakarra dago, baina erakusketa honetan Teatania bihurtzen da, obraren protagonista. 

Tea en la azotea Barrioren marka da. Berak egiten dituen gauza guztietan Tea agertzen da. Gaiarretik deitu zioten erakusketa bat egiteko eta Tea antzerkira joango zela erabaki zuen. Horrela sortu zuen Uda-gau bateko ametsa erakusketa: "Gaiarre antzokirako egin nuen. Sarreran eta eskaileretan jarri nituen panpinak, kaiolak, txoriak, eszena nagusia... Tea antzerkiaz maitemindu zen". 

"Nobedade bat dago Iortia kultur guneko erakusketan". Barriok azaldu duenez, erakusketa gela ikusi zuenean "aho zabalik" gelditu zen: "Oso handia zen, zuria, eta nire eskulturak oso txikiak dira". Beraz, erakusketarekin bat egiteko instalazio bat sortu du, "giro berezia" sortzeko. "Oihalekin baso bat sortu dut, eta bertan eszena nagusia azaltzen da". Erakusketa Uda-gau bateko ametsa obraren panpinekin egindako eszena bakoitzaren argazkiak daude, eta euskaraz eta gazteleniaz Shakespeare lanaren laburpena egin du Barriok. "Obra azaltzen da hor". Basoaren barruan eszena nagusia agertzen da: "Oberon erregeak eta Titania, kasu honetan Teatania, bakezkoa egiten dutenean; beste hainbat pertsona lotan egartzen dira, artisauak...".

Erlazionatuak