Balkoiak eta terrazak ixteko ordenantza kontsulta publikoan

Guaixe 2020ko mar. 12a, 09:15
Udaletxea Egubera kaletik.

Etxebizitzetako balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza onartu aurretik altsasuarrek euren iritziak, iradokizun eta oharrak altsasu@altsasu.net e-posta helbidera bidali dezakete hilaren 22ko 14:00ak arte 

Altsasuko Udalak, hirigintza aldetik, etxebizitzetako balkoien eta terrazen itxiera arautzeko ordenantza onartuko du. Altsasuarren iritzia jasotzeko hiru asteko epea zabaldu du udalak. www.altsasu.eus web orrian kontsultatu dezakete ordenantzaren zirriborroa. Araudi proposamenean jasoa dagoenaren arabera egingarritzat joko diren lanak lirateke: fatxadatik metro bat baino gehiagoko ateratzen ez den balkoiak ixtea, fatxadatik barrura sartuta dauden espazioak ixtea,  fatxadatik kanpora metro bat baino gehiago ateratzen diren terrazak ixtea, atikoko terrazak ixtea eta  behe solairu gaineko terraza ixtea. 

Ordenantza zirriborroak arauditik kanpo utzi ditu babes ekonomiaren araubideren bat lotutako etxebizitzak, babes arkitektonikoren bat duten etxebizitzak eta Alde Zaharreko balkoi eta terrazak, begiratokiak egitea saihesteko, halakoak 2003tik debekatuta baitaude. Gainera, araudi zirriborroak ez du baimentzen itxitako terraza edo balkoia etxebizitzari eranstea, hau da, etxebizitzaren banaketa aldatzea eta itxitura etxeko gela baten parte gisa hartzea. Udalak orain arte ez du halakorik baimendu eta bide beretik segitu nahi luke. Bestela, etxebizitzen hirigintzako aprobetxamendua modu aipagarrian handituko litzatekeelako. 

Itxiturak egiteko zirriborroak jaso du obra lizentzia eskatu beharko dela eta itxiturek etxebizitzaren eta ingurukoen estetika baldintza berak izan beharko dituzte. Zehazten duenez, itxiturak arina izan beharko du, alde kristalduna nagusituko zaio alde kristal gabeari. Eta guztiz debekatuko du fabrikako itxiturak egitea. 

Zergatiak 
Balkoiak eta terrazak ixteak etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetzeko neurri bat dira. Energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitzen diseinuan jarduera ohikoa da espazio kristaldunak (galeriak edo behatokiak) sortzea gelen aurretik, bide ematen dutenak eguzki erradiazioaren beroa biltzeko edo hotzaren kontrako babesgunea sortzeko, orientazioa zein den.
 Altsasuko Udala etxebizitzen energia eraginkortasun sustatzen ari denez, hori sustatzen duen jarduketa sustatzea erabaki du, exekuzio kostuaren eta lortutako hobekuntzaren arteko harremana aldekoa delako.