Candido Arnanz

“Herriko tradizio bat bezala sentitu dut nik”

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko api. 9a, 13:15
Candido Arnanz altsasuarra. UTZITAKOA

Candido Arnanz urtetan Altsasuko Aste Santuaren antolakuntzaz arduratu da. 

Beste hainbat ekimen bezala, koronabirusagatik Aste Santua bertan behera gelditu da. Altsasuko Aste Santuan pasoak ateratzeko tradizioa badago. 

1. Aste Santua bertan behera, nola sentitzen zara?
Ni erretiroa hartzekoa nintzen. Urte asko daramatzat eta dagoeneko ezin dut. Baina sentitzen dut. Urte askoko tradizio bat da. Izan dira urteak eguraldiagatik ere bertan behera gelditu behar izan dugula. Zer egin behar dugu? Ezinbesteko egoera handi bat da, eta edozer egoeratara moldatu beharra dugu.

2. Zein da Altsasuko tradizioa?
Prozesioa bizitza osoa ezagutu izan dut, eta dagoeneko 88 urte ditut. Lehen jendea oinutsik penitentziak egiten zituen prozesioan. Eta lehen ez zegoen asfaltorik. Ez ziren asko, baina ateratzen ziren eta mozorrotuta, deitzen diogun bezala, ateratzen ziren. Emakumeak eta gizonak ziren eta ezinezkoa zen ezagutzea. Oso ongi antolatuta zegoen dena.

3. Pasoak antolatzeaz arduratu zara?
Lehen udalak antolatzen zuen. Udaleko langileek prestatzen zituzten pasoak. Gogoan dut Martin Hualdek Rafaeli proposatu ziola ardura Juventud Javeriana elkarteari uztea. Gazteak elkartzen ginen eta denetarik egiten genuen bertan. Mezara joan edo ez joan. Musean jolasten genuen, hitzaldiak ematen zituzten… Ez dakit nork Aste Santurako paso bat erostea proposatu zuen eta Oloten erosi genuen. 40.000 pezeta edo horrelako zerbait; asko. Bi zozketa eta antzerkiak, bat Altsasun eta bestea Etxarri Aranatzen, antolatu genituen erosi ahal izateko. Handia zen eta gu prestaketaz arduratzen ginen. Prozesioaren nagusiak bihurtu ginen. Udala jendea kentzen joan zen eta ardura guri utzi zigun. Dozena erdia egongo ginen. 1957. urtean erosi genuen.

4. Sei pertsona inguru zeundeten. Pasoak eramateko jende gehiago behar zenuten?
Bai. Hasieran jendea aurkitzea errazagoa zen. Gure gurasoek eramaten zuten, nolabait esateko. Nik ezagutu nituenak nire gurasoen lagunak izan zitekeen. Oinordetzakoak ziren. Tradiziotik zetozen. Gizon horiek zahartu ahala eta semeei eta bilobei pasatu zieten tradizioa. Baina hori desagertuz joan da. Oinordetzakoek baino beste edonork ilusio gehiago duela dirudi. Orduan, ateratzeko ilusioa geneukanok junta antzeko bat egin genuen duela urte batzuk, eta dena antolatzen joaten ginen. Aurrera jarraitzea erabaki genuen. Jendea aurkitzeko gaizki ibiltzen ginen. Jendeak ez du eraman nahi. Eta hori estalita joaten dela, eta ez da ezagutzen nor doan. Ez da lehen bezala: lehen eramateko ia elkar joka aritzen ziren. Gizon bat ezagutu nuen prozesioa amaituta arnasestuka hasi zena. Bilobak esan zion: “Aitona, aurten ez duzu pasoa eramango”. Gizonak haserre erantzun zion ea dagoeneko hain nagin ikusten zuen. Eramateko ilusio handia zuen jendeak. Orri batzuk egin genituen azaltzen noiz zen prozesioaren ordua, zein paso egokitzen zitzaion bakoitzari eta abar, eta eraman behar zutenei etxera eraman genien. Esaten genien ere edozein arrazoiengatik ezin bazuten eraman, ordezko bat bidaltzeko, edo, behintzat, jantzia eramateko. Izan ere, oinordetzakoak dira, eta batzuek tradizioa mantentzen zuten eta bazekiten nola zihoan dena. Beste batzuek ez ordezko ez jantzi. Ez geneukan baliabiderik jantziak erosteko, eta ez zizkiguten ekartzen. Azken orduan ibiltzen ginen jakin gabe atera ahalko ginen. Hor aritzen garenok lan handia egin izan dugu. Aspaldiko kontua da. Hasi ginen gauza batengatik edo bestearengatik ez zirela aterako. Hori bai, badago Valladolidetik etortzen den familia bat, bere aita eta aitona ateratzen zen, eta tradizioarekin jarraitu dute nahiz eta dagoeneko familia hemen ez izan. Eskertzekoa da.

5. Baina azkenean urtero atera dituzue?
Bai, baina egon dira aldiak larri ibili garenak. Eta nondik kentzen genuen jendea nahiko ez bazegoen? Gazteen pasotik. Handia zen eta 12 pertsonak eraman behar genuen. Beraz, jendea behar bazen horretatik kentzen genuen besteetara eramateko.

6. Zenbat paso dira?
Sei. Handiena Gazteena da, Zigorrada, Oloten erosi genuena. Dena gordetzen dut, baina ez dut artxibatzen, eta ez dut aurkitzen noiz erosi genuen. Aspaldi izan zen. Sei gelditu ginen dena antolatzen eta eramateko pribilegioa geneukan. Lanz anaiei esker muntatzen laguntzen egon ohi dira, abilezia handia dute eta apurtu direnean konpondu izan digute. Duela urte batzuk pasoak oso egoera txarrean zeuden, ez ziren zaintzen, eta egunen batean prozesioan eroriko zirela uste genuen. Lanztarrek aluminioarekin konpondu zuten eta orain ongi daude. Oso lan ona egin zuten.

7. Zein ibilbide egiten du prozesioak?
Lehen luzeagoa egiten zen. Villareal zirkuitua deitzen zena egiten genuen: eliza, San Juan kaletik Villarealera eta bertatik Alde Zaharretik joan ohi ginen. Orain, elizatik udaletxeko aldapatik gora Caixatik pasatzen gara eta bertatik San Juan kaletik elizara. Batzuek esaten dute pisatzen duela… ez du pisatzen! Oso motza da.

8.    Zu urtero atera zara?
Urte batzuk euriagatik bertan behera gelditu da. Baina beste urte batzuk elizara 9:00etan elur bustiarekin joan gara dena prestatzera, eta prozesioaren orduan argitzen bazuen, ateratzen ginen. Orain ezin dut ongi ibili, eta azken urteetan norbait bilatzen nuen nire pasoa eramateko nik ezin nuelako.

9. Zergatik da Altsasuko Aste Santua berezia?
Niretako berezia da txikitatik ezagutu dudalako eta tradizioak gustatzen zaizkidalako. Horregatik sartu nintzen ni ere. Kanpoko tradizio batzuk jarraitzen ari gara eta hemen ditugunak alde batera uzten. Festa egun bat zen. Pasoak eramaten zituztenek eta familiek lapiko batzuk ekartzen zituzten bakailaoarekin eta merendua egiten zen udaletxean. Udalak ardoa ematen zuen eta tazetan banatzen zuen. Oso pozik egoten ziren. Gero lehen Zirkulu Katolikoa elkartera joaten ziren (gaur egun Zubeztia) eta bertan eguna bukatzen zuten. Udala ere eliza guztietara joaten zen korporazioan. Otoitz egiten zuten edo ez… beste gauza bat da. Baina oso tradizionala zen dena lehen.

10. Ohiturarekin jarraituko duzue?
Nik ezin dut lagundu adinagatik, baina nik uste jarraituko dutela. Badira mutiko horiek laguntzen dutenak, nahiz eta ez duten eraman nahi. Baina jarraituko du. Egia esan, ni ez naiz inor eta ni gabe atera daitezke.

11. Aurten etxetik egiteko zerbait berezia pentsatu duzue?
Ez. Gu ez gara berez oso erlijiodunak, eta elizak ere ez du parterik honetan. Herriko gauza bat dela esango nuke. Eliza sartu da bere gain dagoena egiteko. Ez zaio inoiz ezer eskatu.