Arantxa Sueskun

“Lehenengo gauza gure buruari entzutea da”

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko api. 27a, 14:09

Arantxa Sueskun psikologoa. UTZITAKOA

Ezohiko egoera honetan “emozioen errusiar mendia” sentitzea normala dela esan du Arantxa Sueskun psikologoak

Koronabirusak osasun krisialdia sortu du. Birusa ekiditeko hainbat neurri hartu dituzte, besteak beste, eta bizitza goitik behera aldatu duena, itxialdia izan da. Baina itxialdiak eraginak izan ditzake osasunean ere; buru osasunean, hain zuzen. Konfinamenduak eragin psikologikoak izan ditzakeela esan du Arantxa Sueskun psikologoak, baina barnera begiratzeko aukera ere ematen duela azaldu du.

Osasunari buruz etengabe hitz egin dute, baina buru gaixotasunak ahaztu dituzte?
Psikologoen elkargo ofizialetik eta beste leku batzuetatik egia da, geroz eta gehiago ari direla esaten, eragin psikologikoak egon daiztezkeela; geroz eta gehiago dira hori esaten duten ahotsak. Adibidez, orain haurrekin gertatzen ari dena. Denok badakigu denbora asko egon direla itxita eta eragin gehiago ez izateko onuragarria izango litzatekeela kalera ateratzea.

Zein ondorio sor ditzake?
Gu ikusten ari garen arazoetako bat insomnioa da. Bakardadea ere ikusten ari gara, gehienbat bakarrik bizi den jendearen isolamendua, ez ukitze hori eta jendearekin egon behar hori ikusten dugu. Gaixotasun oinarri bat dutenek, depresioa eta antsietatea, bere gaixotasuna areagotu dezakete. Baina egoerari buelta eman dioten pertsonak ere badira eta pozik ikusten zaie. Denok harrapatu gaitu shockean eta gure ahulezia ikusi dugu. Hainbat egoera larriren ondorioak aurreikusi genitzakeen, baina bat-batean ikusten ez dugun bitxito txiki batek gure bizitza hankaz gora jartzea ez. Lehen geneuzkan gauzak alde batera utzi behar izan ditugu. Bestetik, irrealitate sentsazioa, kutsatzeko beldurra… normala eta ohikoa da horrelako sentsazioak gertatzea. Baita antsietatea edo inguruko norbait hiltzearen beldurra ere. Oinarri oso patologikoa ez badago, jakin dezala jendeak normala dela egun batean negar egitea, oso triste egotea edo antsietate handiarekin egotea. Beldurra izatea ere normala da. Emozio horiek onartu behar ditugu eta ez dugu lotsarik izan behar egun batean oso triste bagaude. Edo ez. Sare sozialetan ari dira etengabe erakusten hau edo beste hau egin behar dela. Agian zuk ez duzu ezer egin edo ez duzu ezer egiteko gogorik. Konfinamendua pertsonaren arabera modu batera edo beste batera eramaten da, eta egoera desberdinak daude. Batzuek ernatze moduko bat behar dute, geldi daude, shockean, eta geroago aterako dira. Beste batzuk oso aktiboak dira eta gauza asko egiten dituzte. Baina argi izan behar da ez direla opor batzuk eta nahiz eta psikologikoki nekatuta egon bakoitzak bere gauzak egin behar dituela.

Beraz, sentimendu horiek normalak dira.
Emozioen errusiar mendi hori normala da eta onartu behar ditugu beldur horiek. Pasatu egiten dira. Okerrena da ez onartzea eta ni ondo nago esatea; edo kontrako aldera joatea eta panikoa izatea, zeinen gaizki nagoen etengabe esatea, pentsamendu negatiboak izatea, zergatik pasatu den hau errepikatzea… Pixka bat gelditu behar gara eta egunerokotasuna estrukturatu behar dugu. Gainera, kalte egiten badigu albiste gutxiago irakurtzen saiatu behar gara. Beraz, pertsonen araberakoa da, baina orokorrean sentimendu horiek daudela onartu behar da eta negar egin behar bada, negar egin behar da. Hori dena askatu behar da. Kontuan izan behar dugu askatasunaren pribazioa dela kode zibilaren zigorrik handiena. Gure senaren kontra doa etxean gelditzea. Beste egoera batean daude aurretik patologia dutenak. Agian egoera honek okerrago egotea eragiten die.

Nola identifikatu emozio horiek eta nola aurre egin?
Lehenengo gauza da gure buruari entzutea. Teknologiak asko lagundu digu besteekin kontaktuan egoteko, baina konfinamenduak lagundu behar digu barrura begiratzen ere. Tartetxo bat hartu behar dugu gure buruarekin egoteko eta nola sentitzen garen ikusteko. Denok dakigu zer sentsazio dugun. Oso ondo sentitzen naiz edo ez nago batere ondo. Hori entzun behar dugu. Amorrua sentitzen dugunean bezala. Sentimendu horiek onartu behar dira eta posible badugu norbaitekin hitz egin. Hitz egiteak askatzea lortzen du. Gero ere negar egitea. Egoerak jarraitzen badu, eta gauzak egin arren ez bada pasatzen, teknika on bat idaztea da. Gaizki sentitzen naizenaren inguruan idatzi. Horrela lortzen da sentimendu horiek paperean islatzea, sentimendua bertan gelditzen da, eta gero papera apurtzen da. Egoera luzatzen bada hobe laguntza profesionala eskatzea. Egoerak gainditzen zaituela ikusten baduzu, medikuarengana joaten garen bezala, laguntza profesionala eskatu behar da.

Psikologoarengana joateari lotsa kendu behar zaio, ez?
Bakoitzak ahal duen moduan erantzun behar dio egoerari. Baina nik adibidez ez badut finantzaz ulertzen, aholkulari edo abokatu batengana joango naiz. Psikologikoki tabu hori dago. Horrek ez du esan nahi ahulak garenik. Kontrakoa: hobeki egon nahi dugula esan nahi du. Lehenago bere kabuz egiten saiatu behar du, triste egotea edo momenturen batean antsietatea izatea ez delako patologizatu behar, baina gure bizitzan edo lanean eragina badu, eta sufrimendua badakar, ez da lotsarik izan behar. Onartu behar dugu denarekin ezin dugula.

EGOERA DESBERDINAK
Adineko pertsonek etengabe entzuten dituzte beraiekiko mezu negatiboak. Nola eragin dezake?
Min handiarekin eta inpaktu handiarekin. Arrisku handia dutela eta ospitaletan arnasgailu nahikorik ez dutela entzuten ari dira. Osasun mentala kontuan hartuz, oso gaizki pasatzen ari dira. Orain beraiengan jarri behar dugu atentzioa. Laguntza psikologikoa ere beharko dute, eta entzun behar ditugu. Hori behar dute. Badirudi adineko pertsonak artatzen azkenak izan direla, eta errespetua merezi dute. Oso egoera gogorrak bizi izan dituzte eta badirudi ahaztu ditugula.

Jendea bakarrik hiltzen ari da eta dolua egiteko modua ere guztiz aldatu da.
Ikusten ari gara norbaiten ondoan hiltzea lagungarria dela. Inguruakoak ere ezin dira hor egon eta pentsatzea zure senidea bakarrik hiltzen ari dela oso gogorra da. Gure gizartean heriotzaren inguruan erritual batzuk ditugu. Orain horiek ezin ditugu bete eta ezin dugu pertsona bat galdu dutenen gertu egon. Dolua egiteko modu honek ondorioak izango ditu. Une latzak eta gogorrak bizitzen ari dira.

Haurren kasua ere oso berezia izan da. Oso gogorra izan da haiendako?
Ni harritu nintzen hasieratik oso ondo moldatu direlako. Beste guraso batzuekin hitz egin dut eta haurrek egoera oso ongi onartu zutela ere esaten zuten. Bazekiten ezin zirela atera. Baina egia da denbora pasatu dela eta laugarren edo bosgarren astetik aurrera sintoma batzuk agertzen hasi direla. Ez helduak bezalakoak, baina haserraldi gehiago, irritabilitate handiagoa, aspertzen dira dagoeneko ez dakitelako zer gehiago egin… Eta hori haurrek pila bat zaintzen gaituztela. Ikusten dute gure ardurak ditugula eta asko zaintzen gaituzte. Ez dute esan zezaketen erdia ere esaten. Baina egia da sintoma horiek agertzen ari direla: batzuk lo gaizki egiten dute, errutina aldatu zaie… Beraz, ni ados nago eta kalera atera behar dira. Gainera, ez da berdina hiri batean bizitzea edo herri batean bizitzea, eta alde horretatik pribilegiatu batzuk gara. Haurren osasun mentala malguagoa da eta oso indartsuak dira, baina errespetatu behar ditugu.

Zer ondorio izan dezake haurrengan?
Oraindik ez dakigu. Egoeraren araberakoa izango da: gurasoekiko harremana, familia desestrukturatu bat izan, lorategi handi bat duen etxe batean bizi edo 40 metro kuadroko batean bizi… Begiratu beharko ditugu orain dituzten sintomak eta gero sor daitezkeenak. Beste gai bat normaltasunera itzultzea izango da. Ez da lehen genuena izango. Beraz, atentzioa jarri beharko diegu lo orduei, haserraldiei… eta aldaketak ematen diren begiratu. Egia esan, egoera honek balioko digu haurrak gehiago ezagutzeko eta gure burua haurrekiko nolakoa den ezagutzeko ere. Gure haurrak hobeki ezagutzeko test bat izango da. Familia dinamika batzuk aldatzeko ere balioko du. Barneko hausnarketa egiteko aukera izango dugu.

Lanera joan behar dutenak ere badaude.
Osasun langileak, supermerkatukoak eta beste langile batzuk birusarekin zuzenean lan egiten ari dira eta lan handia egiten dute. Gainkarga eta estres horrek ondorio batzuk izango ditu. Jasaten ari diren presioa sekulakoa da.

ETORKIZUNA
Nola aurre egin etorkizunaren ezjankitasunari?
Pausoz pauso. Egunero gauzak aldatzen dira eta birus honekin horrenbeste inkognita daudenez, hobe da ez aurreratzea. Pixkanaka joatea. Kontziente izan behar gara garai zailak datozela. Gauzak ez dira errazak izango eta horretarako prestatu behar gara. Horrela, etortzen denean eman beharreko urratsak prestatu ditzakegu. Ez da gure esku dagoen zerbait. Badakigu egoera ez dela berdina izango eta horrek ondorio batzuk izango dituela. Esaterako, masifikazioen aurrean gehiago pentsatuko dugu, kutsatzearen beldurrak jarraituko du… Beraz, nire gomendioa pixka bat gelditzea da. Bestela estutasuna sortuko zaigu.

Hobe planik ez egitea?
Ilusio pixka bat izatea ere normala da. Behintzat Urbasara joatea. Baina epe motzera egin behar dira. Hau luzerako doa eta gure lehentasunak aldatu dira. Lehen ea loteria tokatzen zaidan pentsatzen genuen, eta orain mendira bueltatxo bat ematera joan nahi dugu. Orduan, helburu txikiagoekin, baina itxaropen pixka bat izan behar dugu.

Eta dena beltza ikusten dutenendako?
Etorkizuna ez dugu ezagutzen. Nork esango zigun pandemia hau etorriko zela? Inork ez zuen espero horrelako egoera bat. Ezin gara aurreratu. Daukaguna oraina da.

Orainari begira, nola egin aurre konfinamenduari?
Garrantzitsua da estruktura edo errutina bat jarraitzea. Bestela, etxean gaudenez lasaitzen gara eta nagikeria sortzen da. Orduan, guztiz ezin dela jarraitu jakin arren, pixka bat estrukturatu behar ditugu gauzak: goizean hau egingo dut, arratsaldean beste hau, ondoren… Bakoitzak ahal duen moduan. Gero beste denboratxo bat niretako hartuko dut, irakurtzeko eta espero ez nituen gauzak egiteko. Ni, esaterako, teknologia berrietarako oso txarra naiz eta denbora nuenez horrekin hasi nintzen. Denbora kostatu zait, baina jarri naiz eta ordu asko pasa ditut horrekin. Estresatuta eta desperatuta egon naiz, baina egin dut. Alferkeria handia ematen zidaten gauza batzuk egiteko neeuzkan. Beraz, egiteko gauza horiek idatzi eta joan egiten. Gusturago egingo ditudan gauzak hasieran egingo ditut, eta egin nahi ez ditudanak, baina beharrezkoak direnak ondoren… Buruan gelditzen badira, bestela, hor gelditzen dira. Egoera honek konfort zonaldetik atera gaitu. Bi aukera daude: gaizki nago esan edo egoera erosoena ez izan arren, gure senaren kontra doalako, gauzak egin. Bakoitza bere erritmora, pertsona guztiak ez garelako berdinak, baina pixkanaka gauzak egin behar dira. Bestela domino efektuan sartzen gara. Zerbaiti eutsi behar diogu eta kostatu arren, egin. Ondo egoteko esfortzua ere beharrezkoa da. Badago jendea denbora behar duena. Baina denbora hartu ondoren, ekin. Ez gara frustatu behar ere. Elkartasuna ere oso garrantzitsua da. Gu egunero 20:00etan balkoira ateratzen gara eta aurrean bizi den bizilagunak, Itziar Espejokoak, akordeoia ateratzen du eta jotzen du. Sekulako bizitasuna ematen digu. Konektatu egiten gaitu eta Itziarri eskerrak eman nahi dizkiot eskaintzen digun unetxoengatik.

Inoiz ahaztuko ez den egoera bat da. Traumak sor daitezke?
Ez dakigu. Eragina izango duela argi dago. Ez dakigu zenbaiterainoko eragina izango duen. Unibertsitate bat inkestak egiten ari da umeei buruz ikertzeko. Eragina ikertuko dute. Baina oraindik ezin da jakin. Aldaketak ere egongo direla badakigu. Baina ez zer puntutaraino. Baziren pertsona batzuk ahulak zirela eta egoera honekin ezingo zutela pentsatzen zutenak, eta kontrakoa direla ikusi dute. Pertsonen serna batzuetan oso indartsua da eta egoera honek heriotzarekin kontaktuan jarri digu. Zergatik amaitu zen komuneko papera? Beldurragatik. Kutsatzeko eta hiltzeko edo inguruko norbait hiltzeko beldurragatik. Higienea behar zenez, komuneko papera behar zen. Egoera honek ere gurekin eta gure bikotekideekin egoteko denbora gehiago eskaini digu. Esaten dutenez 9 hilabetetan baby boom bat egongo da. Konektatzeko balio digulako. Kontrakoa ere gertatu daiteke. Txinan dibortzio asko egon direla diote.

Teknologi berriek harremanak sustatzeko aukera eman dute. Ezinbestekoa da harremana mantentzea, ez?
Bai. Modu horretan ere harreman mota bat gertatzen da. Haurrei nabaritzen zaie lagunak ikusten dituztenean, baita guri ere. Harremana garrantzitsua da. Baina gehiegi ere ez da ona. Oreka bilatu behar da. Baina teknologiek mundu berri bat ireki digute.

Hau dena bukatzean, zer izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Mendira ibiltzera joan. Ez dut asko eskatzen. Normaltasunean egiten genituen ohiko gauza horiek estimatzen ditugu orain.