Asteburuan, Alde Zaharreko Euskal festak

Guaixe 2020ko api. 30a, 11:17

2019ko Altsasuko Alde Zaharreko Euskal Festak. ARTXIBOA

"Ohiko ekimenak" bertan behera utzi dituzten arren, “jai herrikoien gogoeta” egin eta asteburuan festak etxetik ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte Altsasuko Peñak, Altsasuko Gazte Asanblada eta Altsasuko Euskaraldia kolektiboek.

Altsasuko Alde Zaharreko Euskal festak 2001. urtean sortu ziren. Altsasuko Gazte Asanbaldak maiatzeko Gurutzearen ospakizunen harira egiten zen artisautza azokari “beste ikuspuntu bat” eman zioten. 19 urte beranduago, maiatzaren lehenengo asteburuan ospatzen diren festak herriko ospakizunen agendan sustraituta dago. Hala ere, aurten, koronabirusak sortutako alarma egoera dela eta, “ohiko ekimenak” bertan behera utzi behar izan dituzte. Hala ere, horrek ez du esan nahi festak ez direla ospatuko.

AGAk azaldu duenez, Alde Zaharreko Euskal Festak auzolanean “euskara eta euskal identitatea sustatzeko” eta “kulturaren transimisioa bultzatzeko” antolatzen hasi ziren. Hortaz, ezohiko egoera hau “jai herrikoien gogoeta” egiteko aukera ezin hobea dela eta ospakizuna “era sortzaile eta ezberdin batean disfrutatzeko” aukera ematen duela esan du. Auzolana eta jai herrikoiak oinarri hartuta, Altsasuko Peñak-ek, AGA-k eta Altsasuko Euskaraldiaren batzordeak astebururako egitarau oparoa antolatu dute.

EGITARAUA
Altsasuko Alde Zaharreko festak 2020

Maiatzak 2, larunbata

  • #EtxealditikEuskaraldira. Bizipenak: Zure hizkuntza ohiturak aztertu dituzu? Ohituren aldaketan ahalegindu zara azken egunetan? Bizipenak gogora ekartzen duen zerbait sortzera gonbidatzen zaitugu (argazkia, bertsoa, marrazkia…). #EuskaraldiaAltsasu
  • 12.00etatik aurrera
    Argazki taupadak. Bakoitzak bere etxetik koadrodun zapiarekin argazki bat atera eta sare sozialetara igo dezala. #aldezaharAGA eta #euskaljaiak etiketak erabili eta Altsasuko Gaztetxea etiketatu (Instagram: altsasuko.gazte.asanblada; Facebook: Altsasuko Gazte Asanblada; Twitter: AltsasukoGA).
  • 13:00etan
    Pintxo lehiaketa. Egindako pintxoen argazkia sare sozialetara igo behar dute parte-hartzaileek, #PintxoPeñak hastag-a erabiliz. Altsasuko Peñak.
    Pintxoa egiteko baldintzak dira:
    1. Oinarria ogia izan behar du.
    2. Euskaraldiaren logotipoak dituen koloretako puntutxoak agertu behar dira (dekorazio moduan edo atal jangarri bezala).
    3. Jendeak argazkiak hartu eta bozkatzeko #PintxoPeñak esteka gehitu.
    Saria: bertako produktuekin egindako saski txiki bat.
  • Ondoren
    Auzokideekin poteo musikatuan parte hartu. Musikaria bazara atera eta jo! Edo musika jarri! Altsasuko Peñak.
  • 20:30etik aurrera
    Bakarlariak. Altsasuko hainbat gazteren euskal musika emanaldia AGAren sare sozialen bidez.

Maiatzak 3, domeka

  • #EtxealditikEuskaraldira. Bizipenak partekatu: Zure hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina islatzen duen sorkuntza horri argazkia atera eta sare sozialetan zabaltzera gonbidatzen zaitugu. #EuskaraldiaAltsasu #Euskaraldia
  • 12.00etan
    Aitortza makilaren banaketa. Urtero legez herritik eta herriarentzat egindako lanaren aitortze gisa, makilaren oinordeko kolektiboa izendatuko da AGAko sare sozialen bidez.
  • 13:00etan
    Birusak #EzGaituMututuko. Euskara praktikatzeko Euskal Herriko topaketa birtuala. Herri askotako mintzakideek bat eginen dute. Izena emateko azken eguna gaur: https://labur.eus/OdgUg Sakanako Mintzakide.
  • 20:30ean
    Mosaiko erraldoia. Larunbatean igotako argazkien mosaiko erraldoia AGAko sare sozialetan elkarbanatuko da, jaien amaiera eta oroimen gisa.